Katalunia. Diada

Elkartasuna baino zerbait gehiago

Euskal eragile ugarik parte hartu dute Diadaren ekitaldietan. Elkartasuna azaltzeaz gain, Euskal Herriari begirako mezuak ere egon dira

EAJren Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea, goizeko ekitaldietan. MARTA PEREZ / EFE.
gotzon hermosilla
2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Aurten ere, oso zabala izan da euskal ordezkaritza Kataluniako Diadan, eta, alderdi politikoetako buruzagiak ez ezik, herri mugimendu, sindikatu eta bestelako eragileak ere egon dira Kataluniaren nazio eguna dela-eta antolaturiko ekitaldietan. Batez ere, bi mezu nagusitu dira euskal eragileen adierazpenetan: preso eta erbesteratuen aldeko elkartasuna, eta Kataluniako gizartearen eskakizunei erantzuna ematearen beharra. Eragile ugari harago joan dira, eta, Kataluniaren burujabetza nahiekin bat egiteaz gain, Euskal Herrian ere prozesu subiranista bat abian jartzeko egokitasuna nabarmendu dute.

Goizeko ekitaldi instituzionaletan alderdi politikoen txanda izan zen, eta EAJren eta EH Bilduren ordezkariek esku hartu zuten ohiko lore eskaintzetan. Jeltzaleen aldetik Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea egon ziren, eta EH Bilduren partez, berriz, Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte eta Bakartxo Ruiz, besteak beste.

Ortuzarren ustez, «berezia» izan da aurtengo Diada, Kataluniako zenbait arduradun politiko espetxean edo erbestean daudelako. «Elkartasuna» igorri zien Ortuzarrek, eta iragarri arratsaldean Josep Rull, Jordi Turull eta Joaquim Form espetxean bisitatzeko asmoa zutela.

Egoerari aterabidea bilatzeko «letra larriz idatzitako politika» eskatu zuen Ortuzarrek: «Errepresioarekin eta judizializazioarekin ez da etorriko Kataluniaren gatazkak behar duen konponbidea. Mehatxu, zigor, mendekuarekin ez da auzia konponduko. Guk elkarrizketa eskatzen dugu; mahai gainean gauzak jarri, eta ahal den neurrian soluzioak bilatzea».

EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik ere elkartasun hitzak izan zituen prozesu subiranistaren ondorioz jazarpena jasan dutenentzat; bezperan bisita egin zien presoei, eta esan zuen «irmo» sumatu zituela, «eta haiekin egiten ari diren injustiziaz oso kontziente».

Otegiren ustez, Katalunian abian jarri den prozesuak ez du «atzera-bueltarik». «Edukiko ditu oztopo eta gorabeherak», esan zuen, «baina uste dut herri honek bere garaian abian jarritako prozesua azken bururaino eramango duela eta Kataluniako Errepublika ezagutuko dugula».

Euskal Herriari begirako mezua ere utzi zuen EH Bilduko koordinatzaileak. Otegi «konbentzituta» dago Espainiako Estatuan «benetako demokratizazioa ezinezkoa» dela, eta, beraz, «Katalunian eta Euskal Herrian demokrazia burujabetzaren eskutik etorriko da, edo ez da izango». Euskal Herrian ere prozesu bat abian jartzeko deia egin zuen EH Bilduko koordinatzaileak.

Eragile sozialen txanda

Eguerdian eta arratsaldeko manifestazio jendetsuan, berriz, eragile sozialek hartu zuten nagusiki Euskal Herriaren ordezkaritza. Independentistak sareak, esaterako, kalejira antolatu zuen, Bartzelonako Euskal Etxetik arratsaldeko mobilizazioan hartu behar zuten lekuraino. Euskal Herritik joandako herritar ugarik parte hartu zuen kalejiran, eta mobilizazioaren lekura iritsi zirenean txalo artean hartu zituzten manifestariek.

Independentistak sareko Txutxi Ariznabarretak esan zion Info7 Irratiari prozesuaren gakoa «herriaren indarrean» dagoela, eta Euskal Herrian ere prozesu independentista abiaraztearen alde agertu zen: «Momentua da Kataluniako eta Euskal Herriko estrategia independentistak sinkronizatzeko eta Euskal Herrian benetako prozesu bat zabaltzeko. Hori izango litzateke Kataluniari laguntzeko modurik onena».

Gure Esku Dago-ko kide ugarik ere parte hartu zuen mobilizazioan. GEDeko eledun Angel Oiarbidek elkartasuna azaldu zien «hemen egoterik izan ez duten espetxeratu eta erbesteratu katalan guztiei», eta baita Kataluniako herritarrei ere «askapen norabide honetan egiten ari diren urrats eredugarriengatik».

Udalbiltzako kideak ere Bartzelonan izan ziren atzo, Luis Intxauspe presidentea buru zutela. ELA, LAB, ESK eta Eilas sindikatuek, aldiz, adierazpen bateratua argitaratu zuten bezperan, beste hainbatekin batera, «autodeterminazioa eskubidearen alde eta errepresioaren kontra».

Erantzun dute herritarrek

Estrategiaren eztabaida gaiztotua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.