EAJk PSE-EE lehenetsi du aliantzak garatzeko

Jeltzaleek ez dute asmorik gainerako indarrekin biltzeko; are, EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren jarrera txarretsi dute. Nafarroako itun politika Napar Buru Batzarraren eta Geroa Bairen esku utzi du EBBk

EAJko Euzkadi Buru Batzarrak atzo zortzi Sabin Etxean eginiko bilera. LUIS TEJIDO / EFE.
jon olano
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ezusterik ez Sabin Etxean. EAJko Euzkadi Buru Batzarrak bilera egin zuen atzo arratsaldean, maiatzaren 26ko hauteskundeetako emaitzak eskuan, erakundeetan aurrerantzean osatu beharreko aliantzen inguruan erabakitzeko. Alderdiko buruzagi ugarik esana zuten PSE-EErekiko aliantza positiboa izan dela azken urteetan, eta EBBk atzo erabaki zuen bazkidetza horri eusteko saioa egitea. EAJko iturrien arabera, jeltzaleek sozialistengana joko dute, «udal eta foru erakundeen gobernabidea ahalbidetuko duen akordio bat lortzeko aukerak aztertzeko».

Akordioa ziurtzat jo liteke, sozialistek ere publikoki goraipatu izan dutelako azken urteetan jeltzaleekin osatutako akordioa. PSEz aparte, EAJk ez du beste saiorik egingo; «ez du aurreikusten» beste alderdi politiko batzuekin biltzea, horiek jada «baztertu» dutelakoan akordiorik lortzeko aukera. Era berean, jeltzaleen iturriek atsekabea adierazi dute EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren buruzagiek eginiko adierazpenekin, uste baitute «borondate obsesiboa» azaldu dutela EAJri alkatetza kentzeko «ahal duten udal guztietan». Nafarroari dagokionez, ordea, EBBk «konfiantza osoa» eman dio Napar Buru Batzarrari Geroa Bai koalizioaren barruan, hark har ditzan aliantza politikan hartu beharreko erabakiak.

Bi indarrak 2013az geroztik ari dira lankidetzan, eta koalizioan gobernatu dute udal eta foru erakundeetan iragan legealdian. Maiatzaren 26ko hauteskundeetan, jeltzaleek eta sozialistek gora egin zuten hiru batzar nagusietan, eta baita Gasteizen eta Bilbon ere. Donostian EAJ hazi zen, baina behera egin zuen PSEk. Orain, ikusteko dago bien arteko elkarrizketek zer emaitza duten eta nola eragingo duen hainbat udalerritan, balitekeelako EAJ-PSE ituna nagusitzea lehen indarra EH Bildu den zenbait udaletan: esaterako, Andoainen, Lezon eta Pasaian (Gipuzkoa).

Itunen beste fokuetako bat Irunen (Gipuzkoa) dago; Jose Antonio Santano jarduneko alkate eta PSE-EEko alkategaia izan da boto gehien jaso dituen hautagaia, baina iragan den legealdian jeltzaleek eta sozialistek hautsi egin zuten udal gobernua, Santanok Xabier Iridoi Hirigintza zinegotzia (EAJ) egotzi eta gero. Iridoi bera izan da jeltzaleen alkategaia, eta, EAJ-PSE ituna bertan ezarriz gero, Iridoik gobernutik kanporatu zuena babestu beharko luke. Herenegun Deia egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean, Koldo Mediavilla EAJko Politika Instituzionaleko arduradunak ohar argia egin zuen: «Ikusiko dugu norekin gauden aliantzak egiteko prest, eta, hortik aurrera, ikusiko dugu. Baina Irun, Basauri, Getxo edo Zaramaga bezala, EAJren udal erakundeak dira, diziplina bat zor dutenak». Mediavillak erantsi zuen EBBren erabakiak «EAE osorako»ezarriko duela «akordio estrategia» bat.

«Gobernu aurrerakoiak»

Andeka Larrea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko Komunikazio idazkaria ere tokiko aliantzen inguruan mintzatu zen atzo. Esan zuenez, alderdiak «atsekabez» onartu du PSE-EEk ez duela negoziatuko udaletan «gobernu aurrerakoiak» osatzeko aukera; aldiz, «posible» iruditzen zaio Elkarrekin Podemosek EH Bildu babestea bi indarren artean gehiengo absolutua osa dezaketen udalerrietan, Errenterian (Gipuzkoa) eta Durangon (Bizkaia), kasurako. Prentsaurreko batean, Larreak aitortu zuen «goiz» dela Elkarrekin Podemosen, EH Bilduren eta PSE-EEren arteko aliantza bati buruz hitz egiteko, Larrearen iritziz PSE-EE «eroso» baitago EAJrekin.

Udalez eta diputazioez harago, Larreak uste du EAJk eta PPk beren «idilio politikoa» berreskuratuko dutela Eusko Legebiltzarrean, eta «pintza kontserbadorea» osatuko dutela. Larreak «parentesitzat» jo du PPk azken urtebetean Eusko Jaurlaritzarekin izandako jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.