Arabako zahar etxe pribatuetan «hitzarmen duin bat» eskatu dute

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute grebara, eta hilaren 21ean ere egingo dute

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, giza kate bat egin zuten atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Bata bestearen atzetik eta bi lerro eginda ekin diote Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek bederatzigarren greba egunari. Nabaria da aurrez ere hainbat borroka egun izan dituztela, aski ikasiak baitituzte aldarri oihuak: «Ez dugu eskurik hainbeste lan egiteko». Bertaratu direnek eskuetan kartelak ere badituzte, negoziazio bat orain lortzearen aldekoak, besteak beste. Eta badira pentsiodunak ere, zahar etxeetako beharginen eta hango egoiliarren ongizatea babesteko asmoz. Erresidentzia pribatuak, hitzarmen duin baten alde lelopean, hamarnaka lagun batu dira Gasteizko Udaletik Arabako Foru Aldundiraino egindako giza katean.

Lurraldeko «hitzarmen duin bat» eskatzeko eta beren lan baldintzak duintzeko, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk deitu zuten atzo grebara, baina langileek dagoeneko bi urte daramatzate borrokan. Urrats batzuk egin dituzte, baina, oraingoz, ez dute nahi bezalako emaitzarik izan. Sindikatuek zahar etxeetako kudeatzaileei eta Arabako Diputazioari egotzi diete «pasibotasunez» jokatzea, eta erantsi dute izurriak are gehiago utzi dituela nabarian aurretiko hutsuneak, hala nola zaintza lanak «ezinbestekoak» direla gizartearentzat, baina ez dagoela aski baliabide euren lana behar bezala egiteko. Datuen arabera, egun, 1.200 langile inguru daude sektore horretan lanean, eta %90 baino gehiago emakumezkoak dira. 1.792 ordu egiten dituzte lan urtean, eta soldata mila euro baino gutxiagokoa da.

David Alonso ELAko kidea da, eta azaldu du Gipuzkoarekin eta Bizkaiarekin alderatuta egoitzen tipologia ezberdina dela Araban. Hiru dira eredu nagusiak: publikoa, pribatua itunpeko tokiekin, eta pribatua. «Enpresa handiek, hala nola Sanitas eta IMQ taldeek, kudeatzen dituzten egoitzak daude, eta horietako askok itunpeko lekuak dituzte, diputazioarekin adostutakoak; gehienez, tokien %50 itundu daiteke». Bestetik, enpresari txikiagoen ardurapeko egoitzak daude, erabat pribatizatuak, eta horien barne etxebizitza komunitarioak ere badaude.

Baldintza «eskasak»

Langileen ordezkariak batik bat pribatizatuta dauden zahar etxeetako beharginen egoeraz daude kezkatuta. «Lan baldintzak eskasak dira. Geriatriako laguntzaileak dira, baina, egoiliarren zaintzaz gain, beste lan guztiak ere egiten dituzte: garbitu, janaria prestatu, zauriak sendatu...». Alonsok erantsi du zeregin horiek ez direla beraien ardura, baina, sarritan, beste aukerarik ezean, «profesionaltasunarengatik eta gizatasunarengatik» egiten dituztela.

Ratioak ere eman ditu. Haren arabera, Arabako zahar etxe publikoetan, laguntzaile bakoitzak lauzpabost egoiliarren ardura du, baina pribatuetan bestelakoa da egoera: hamabi egoiliar langile bakoitzeko. Uste du pandemiarekin egoera larriagotu egin dela, eta gehien sufritzen dutenak adinekoak direla. Adibide bat: «Araban, hiru heriotzatik bi kudeaketa pribatuko egoitzetan izan dira: prekaritateak hiltzen du leloa ez da inoiz errealagoa izan».

Erantzunen beharra

Alde guztien parte hartzea beharrezkoa dela uste dute sindikatuek, baina ez dago aski erantzun. Haien arabera, enpresarien arduraz gain, besteak beste, gogoan izan behar da Arabako Foru Aldundiarena ere, baina salatu dute entzungor egiten ari dela. «Eremu honetan dagoen defizitaren errealitatea ezagutzen du, baina ez du bitarteko errealik jartzen arazoa konpontzeko: tratu txar instituzionala da», nabarmendu du Alonsok. Haren ustez, «benetako ekintzak» behar dira.

Sindikatuek, beraz, mobilizazioekin jarraituko dute, eta hilaren 21ean ere grebara joko dute, hamargarrenez, «borondate politikorik ezean». Egoera ulertzen ez dutenei eta instituzioetako kideei, berriz, gonbidapen bat egin diete: «Etor daitezela Arabako egoitza pribatu bateko egunerokoa ezagutzera, errealitatea zein den jakin dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.