Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ondorena. Pilar Garrido. Ahal Dugu-ko idazkari nagusia

«Herritarrek begi onez ikusten dituzte alderdien identitate elementuak»

Garridoren arabera, herritarrei segurtasun handiagoa ematen diete alderdi kontserbadoreek eta kutsu identitarioa dutenek. Ezkerreko hirukoa aldarrikatu du, betiere beste bi alderdiek egoera «serio» hartzen badute.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun

Eusko Legebiltzarreko bozetako emaitzak «txarrak» izan direla uste du Pilar Garrido Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak. Hain zuzen, sei eserleku lortu dituzte, orain dela lau urte baino bost gutxiago. Hala ere, adierazi du aurrera begira jarri eta alderdiarentzako etorkizuna eraikitzen hasiko direla.

>Hauteskundeak igarota, zer balorazio egiten duzue?

Emaitzak txarrak izan direla besterik ezin da esan. Botoak galtzen diren bakoitzean herritarren konfiantza galtzen da; umiltasun osoz onartu, eta autokritika egin behar da. Hala ere, nahikoa lur sendoa dugu, sei ordezkari lortu baititugu. Analisi lasaiago bat egin, eta etorkizuna eraikitzen hasiko gara.

Oinarriak indartzeko zailtasunak aipagai izan zenituzten.

Nire ustez, politikan indarrik fidagarrienetako bat gara, agian, baina indar politiko gaztea gara, eta ez gara gai izan antolatzeko eta alderdia osatzeko. Hori egia da, baina ez aitzakia.

Elkarrekin Podemosen barne krisiak izan al du eraginik?

Herritarrek nolabaiteko erreferentzia egonkorrak behar dituzte, aurpegi eta talde berberen jarraitutasuna, baina hori ez da gertatu alderdian, eta horrek faktura dakar. Beraz, proiektu politikoari kohesioa emateaz gain, barne proiektuari ere garrantzia eman behar zaio, jendeak lurraldean sustraiak dituen indar politiko hurbilekotzat sentitzeko.

Norabidea ere aldatu da. Ideiak ongi helarazi al dira kanpainan?

Batetik, hautagai berri bat genuen, eta alderdiaren antolaketa finkorik ere ez geneukan. Denbora gehiago behar genuen aintzat hartzeko eta euskal herritarren konfiantza irabazteko. Bestetik, pandemiaren ezohiko egoera dago: ez da hauteskunde batzuk egiteko garaia, denok bat eginik egon beharko genuke pentsatzen nola atera krisi honetatik. Horrek agerian utzi du herritarren ia erdiek ez dutela bozkatu.

Abstentzioa %47 izan da.

Euskal herritar gisa, tristea dela uste dut, eta hausnartu behar den gai bat, gure sistema politikoaren osasun demokratikoarekin baitu zerikusia. Zerbait ez dugu ongi egin jendea abstenitzeko.

Horrek eragina izan al du izandako emaitzetan? 11 eserlekutik seira, hain zuzen.

Elementu gehiago hartu beharko lirateke kontuan analisi sakonago bat egiteko, baina uste dut abstentzioak eta alderdiaren buru zirenek izandako denbora murritzak eragina izan dutela.

Galizian Podemosek ez du eserlekurik lortu. Zer gertatu da?

Joera orokor bat da. Ziurgabetasunengatik edo zalantzengatik, baliteke alderdi kontserbadoreek edo kutsu identitarioa dutenek herritarrei segurtasun handiagoa ematea. Eskuin muturrarekin ere berdin. Ondorioz, ezkerreko alderdiak, tradizionalak ez direnak, gehiago kaltetzen dira. Europara begiratuz gero, joera hori atzeman daiteke.

Kasu honetan, ganberaren bi herenak abertzalea izango dira.

Hala da, eta aipaturiko joerarekin badu lotura, Euskadiren berezitasunetatik harago. Herritarrek begi onez ikusten dituzte alderdien identitate elementuak, eta horrek erraztu edo bultzatu du EAJk eta EH Bilduk bozen egunean izandako oihartzuna eta hauteskunde arrakasta.

Ezkerreko hirukoa aldarrikatu duzue. Hor al dago eskaintza?

Euskadik aldaketa bat behar duela uste dut, eta ezkerreko hirukoa izango dela proiektu politikoa aldatzeko bidea. Egia da gehiengoa izango genukeela, baina Elkarrekin Podemos proiektu horretan egongo da soilik beste bi alderdi politikoek egoera serio hartzen badute; bizkarra emateari utzi eta zintzoki hirukoa sortzea posible dela pentsatzen badute. Indar politiko txikia baina koherentea gara. Beraz, mahai gainean proposatzen denak ikuskizun pixka bat ematearekin zerikusia badu, ez gara sartuko joko horretan.

Badirudi PSE-EE prest dagoela EAJrekin batera gobernatzeko. Zer gertatuko da?

Beste aukera bat da, errazagoa eta erosoagoa indar politiko guztientzat. Besteak beste, badirudi PSE-EE gustura dagoela egon den bezala, baina gustatuko litzaidake hirukoaren proposamena aintzat hartzea. Uste dut euskal gizarteak horixe behar duela krisi honetatik ateratzeko.

Zer iritzi duzu Voxek eserleku bat lortzeari buruz?

Albiste txarra da. Edozein indar politikok du bere proposamenak defendatzeko eskubidea, baina, kasu honetan, eskuin muturraz ari gara. Besteak beste, euskal herritarren eta emakumeen eskubideak errespetatzen ez dituen alderdi bat da, eta uste dut bere oinarrietan eta ideologian ere ez duela oinarri politikorik.

Zer helburu dituzue?

Batetik, baliteke azken urteotan bezala geratzea, oposizioan. Hala bada, kanpainan zehar landu ditugun proposamen guztiak defendatuko ditugu. Beste aukera bat da hirukoaren proposamena onartzea, egokiena litzatekeena. Nolanahi ere, defendatzen ditugun politikak sustatuko ditugu; nik neuk, euskara berreskuratzea ere badut helburutzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.