Jose Antonio Rodriguez. Jaurlaritzako Giza Eskubideen idazkari nagusia

«Memoriaren liburu osoa irakurri behar dugu, eta ez soilik norberaren atala»

Bi helburu finkatu ditu Rodriguez Ranzek datozen lau urteetarako: hau izatea «biktima guztien legealdia», eta urratsak egitea «memoria partekatua eraikitzeko».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Instituzio publikoetan egindako tarte labur bat alde batera utzita, Jose Antonio Rodriguez Ranzek (Andoain, Gipuzkoa, 1960) akademian eta irakaskuntzan egin du bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena. Historialaria da, Filosofia eta Letretako doktorea, errektoreordea Deustuko Unibertsitateak Donostian duen campusean, eta zenbait ikerketa eta libururen egilea. Orain berriro laga ditu jarduera horiek guztiak, eta arlo politikora itzuli da: Jonan Fernandezek giza eskubideen eta bizikidetzaren politiken alorrean utzitako hutsunea beteko du, talaia desberdin batetik bete ere, lehen Lehendakaritzaren agindupeko Idazkaritza Nagusia zena Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako Sailburuordetza izango baita aurrerantzean.

Giza eskubideen esparrua Lehendakaritzatik Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailera pasatu izana aldaketa tekniko hutsa da? Edo ba al dago horren atzean asmoren bat?

Departamentu berri bat osatu nahi izan da, berdintasuna, justizia eta giza eskubideak biltzen dituena, eta ikusi dute gai horiek kokapen egokia izan dezaketela departamentu horretan, besterik gabe. Ez nioke bestelako garrantzirik emango.

Aurten, gazteengan jarri nahi izan duzue arreta Memoriaren Eguna dela eta. Zergatik?

Gazteek eskubide osoa dutelako, eta nire ustez betebeharra ere bai, jakiteko zer gertatu den. Baina ez jakitea jakiteagatik: etorkizunari begira, memoriak funtzio bat du: elkarbizitzarako tresna izatea.

Gazteak aipatzen hasita, zertan da Eusko Jaurlaritzak irakaskuntzan ezarri nahi zuen Herenegun programa?

Programa geldirik dago, pandemia dela eta. Jakina den moduan, programa horren lehenengo bertsioa egin zen, horren gainean egokitzapenak egin ziren, eta nik esango nuke aberastu egin dela. Printzipioz, programa prest zegoen hamar ikastetxetan ezartzeko esperientzia pilotu moduan martxotik aurrera, baina orduantxe sortu zen pandemiaren kontua.

Pentsatzen dugu gaur egun eskoletan lehentasuna pandemiari aurre egitea dela, eta oraingoz gelditzeagatik ez dela ezer gertatzen, baina programak bere horretan jarraituko du.

Memoriaren Egunaren ekitaldiak ere izango du murrizketarik COVID-19aren izurria dela eta.

Jakina, egoera berezia dela eta, horrek eskatzen dituen murrizketei jaramon egin behar diegulako. Baina bere esanahi sinbolikoa ez du galtzen. Herri honek memoria behar du.

Nolako memoria, baina?

Nik uste dut herri hau memoriaren liburua idazten ari dela. Liburu bakarra behar du izan, baina hainbat kapitulu izango ditu, eta lehenengo kapitulua, garrantzizkoena, ETAri dagokionak izan behar du, Euskal Herrian azken hamarkadetan giza eskubideen urraketarik larrienak ETAren eskutik etorri direlako. Baina hori ezin da izan kapitulu bakarra. Kapitulu gehiago izan behar ditu liburuak, giza eskubideen beste urraketak ere jasotzeko.

Behin liburua idatzita, bi helburu leudeke: alde batetik, guztiok guztia irakurtzea, ez bakarrik norberari dagokiona, besteen esperientziez eta sufrimenduez jabe gaitezen. Eta, beste aldetik, liburua irakurri eta itxi ondoren, bi eratako helburuak atera beharko genituzke: atzera begira, ondorioztatzea ez zela bidezkoa izan, eta aurrera begira, etorkizuneko Euskadi hiru zutaberen gainean eraiki behar dela: pertsonen duintasuna, indarkeriarik eza eta giza eskubideen sustapena.

Memoriaren Egunera itzuliz, Alderdi Popularraren ordezkariek normalean ez dute parte hartzen horren ekitaldietan, eta bestelako protestak ere egon dira aurrekoetan. Adostasun zabalagoa behar da egunaren inguruan?

Guk eskuak zabalik ditugu, eta elkarlanerako borondatea dugu. Uste dut aukera ezin hobea dugula memoria partekatu hori eraikitzeko. Lehen aipatu dizkizudan ondorio horiekin bat ez etortzea ez da erraza. Hortik bere burua bazter uzten duenak esplikatu beharko du zergatik utzi duen.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak beste ekitaldi bat antolatu du —atzo egin zen—.

Ekinbide guztiak ongi etorriak dira memoriaren norabide horretan baldin badoaz, hau da, aintzat hartzen badute memoriak inklusiboa izan behar duela, irekia, enpatikoa eta etikoa. Udalek ere ekitaldiak antolatu ohi dituzte, Eusko Legebiltzarrak ere bai, eta denak dira baliagarriakmemoria elkarbizitzarako sustatzen duten heinean.

Zeintzuk izango dira ardura berrian landu nahi dituzun ildo nagusiak?

Legealdi honek biktimen legealdia izan beharko luke, biktima guztiena, eta memoria partekatuaren legealdia. ETAren terrorismoaren biktimenei dagokienez, bide luze eta zabala egin da, eta horri eutsi behar zaio. Orain, beste indarkeria mota batzuen biktimetan arreta jarri behar da. Horrek esan nahi du 2016ko legea garatu behar dela[legez kanpoko polizia indarkeriaren biktimen legea]; batzordea jadanik lanean ari da, eta hemendik hilabete gutxi batzuetara izango dira lehenengo ebazpenak.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legea onetsi izanak bultzada emango dio horri?

Horrek babesa ematen dio, eta uste dut gai hori legealdi honetako ikurretako bat izango dela.

Eta bestea?

Benetan uste dut aukera dugula memoria partekatu horretan denok bat etorriko ginatekeen gutxieneko batzuetara iristeko, eta aukera hori jorratuko dugu.

Lehen mailako eta bigarren mailako biktimak al daude, batzuetan salatu den bezala?

Ez. Berriz diot, ozen, argi eta garbi: azken hamarkadetan Euskal Herrian giza eskubideen urraketarik larriena, kualitatiboki eta kuantitatiboki, ETAren eskutik etorri da. Hori hala da. Baina horrek ez du esan nahi horiek direla biktima bakarrak. Badaude beste terrorismoen eta beste indarkerien biktimak. Nik biktima guztietatik gertu egon nahi dut, biktima guztiei entzun, biktima guztiei lagundu, jakinda horrekin ez ditudala indarkeria guztiak maila berean jartzen. Baina guztien alboan egongo naiz.

Joan den asteburuan, Euskal Herritik kanpo dauden presoak bisitatzera joandakoei isunak jarri zizkieten. Jaurlaritzak afera horretan esku hartzeko aukerarik ikusten du?

Kasu jakin batzuei heldu baino gehiago, hiru printzipio nagusi nabarmendu nahiko nituzke. Hasteko, legea bete dadila, hau da, presoek beren inguruko espetxeetan egon behar dute. Ez naiz ezer berririk asmatzen ari: gobernu programan agertzen da hori, baina nabarmendu egin behar da behin eta berriz. Hurbiltzea ezin da izan salbuespen bat; alderantziz, legea betetzea da.

Bigarrenik, ETAren aurkako borrokan zenbait neurri jarri ziren indarrean. ETA ez dagoenez, eutsi behar zaio ETAren kontra borrokatzeko egindako legediari? Zentzurik ba al du horrek? Edo, aitzitik, zuzenbide estatu bati dagozkion neurri arruntak ezarri behar ditugu?

Eta, hirugarrenik, nik uste dut ETAko presoei autokritika eskatu behar zaiela. Gertatutakoa bidezkoa ez zela izan adieraziko lukeen autokritika batek beste egoera batean jarriko gintuzke.

Hurbiltze eta mugimendu batzuk egon dira espetxeetan. Nahikoak direla uste al duzu?

Berriro diot: legea bete behar da. Horrelakoak ez dira mesedeak, legea betetzea baizik.

Zer irizten diezu espetxetik ateratzen diren preso ohiei egiten dizkieten ongietorri ekitaldiei?

Plano humanoan, ulertzen dut presoa espetxetik irten eta etxera iristen denean ingurukoentzat, gurasoentzat, seme-alabentzat poz iturria dela. Hori ezin da ukatu. Baina ongietorri publiko horiek beste irakurketa bat daukate, eta, nire ustez, ez doaz norabide onean, ez doa nik lehen aipatzen nuen autokritikaren eta legitimaziorik ezaren bidetik. Nik gehiago ikusten ditut biolentziaren kulturaren berrespen gisa. Eta, gero, biktimak berriro biktima bilakatzea ere badakar. Horregatik, kritikoa naiz.

Azken bolada honetan ugaldu egin dira iragan hurbilari buruzko liburu, telesail eta antzekoak. Horien inguruan iritzi kontrajarriak daude. Zuk zer irizten diezu?

Zertarako erabili nahi diren. Memoria liskarrerako izan daiteke, edo elkarbizitzarako. Guztion memoria eraikitzeko egiten diren ahalegin guztiak ongi etorriak dira. Liskarrerako edo norbere jarrera justifikatzeko erabili nahi diren ekinbideak, aldiz, ez doaz bide onean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.