Sagarduiren dimisioa eskatu dute, osasun publikoa babesteko xedez

Itxialdiak egin dituzte lehen mailako arretako zentroetan. Manifestaziora deitu dute iganderako

Elkarretaratzeak eta itxialdiak egin zituzten atzo, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Protesta eguna zuten atzo Osakidetzako lehen mailako arretako langileek, besteak beste, ezarriko dituzten ordutegi murrizketak salatzeko. SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratzeak eta itxialdiak egin zituzten Gasteizko Salburuako osasun zentroan, Donostiako Amara Prim osasun zentroan eta Bilboko Deustuko osasun zentroan. Sindikatuek adierazi zutenez, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua «ez litzateke izan behar» Osasun Sailaren arduradun nagusia, batetik, Osakidetzaren pribatizazioaren «alde» ari delako, eta, bestetik, «ez delako gai» mahai gainean dituzten arazoei aurre egiteko. Horrela, sailburuak dimisioa aurkeztu «behar» duela aldarrikatu zuten.

Protesta 17:00etatik 20:00etara bitartean egin zuten, «modu sinbolikoan», Izaskun Sorondo ELAko Gipuzkoako Osakidetzako arduradunak azaldu zuenez. Izan ere, gaur egun lehen arretako osasun zentroak 20:00ak arte daude zabalik, baina, ordutegi murrizketak direla-eta, uztailetik aurrera, 17:00etan itxiko dituzte. Sorondok adierazi zuenez, Osasun Sailak dio «udako gauza tenporal bat dela», baina ikusi dute egoera «gero eta gehiago» areagotzen ari dela, eta «egiturazkoa» bilakatzen ari dela. Horrela, ohartarazi zuen murrizketa horiek urte osoan erabili ahal izango direla. Aldarrikatu zuenez, 20:00ak arteko zerbitzua urte osoan eskaini beharko litzateke, «udaran, neguan, udazkenean edo udaberrian».

Sagarduik egindako adierazpenak salatzeko ere elkartu ziren atzo. Maitena Larrañaga SATSE sindikatuko delegatu eta erizainaren arabera, Osasun sailburuak esandakoa «oso larria» da. Sagarduik esan zuen «kultura aldaketa bat» egongo zela, eta, Larrañagaren ustez, «argi» dago aldaketa horrek zer eragingo duen: «Herritarren osasun zerbitzuen okertze bat, baita langileen lan baldintzen okertze bat ere».

Sindikatuen arabera, Osasun Sailak ez du neurri «eraginkorrik» hartu egiturazkoak diren arazoak konpontzeko, hala nola langile falta, gehiegizko lan kargak edo lan baldintzak okertzea. Horregatik, irtenbide «zehatzak» eskatu zituzten. Barne produktu gordinaren %7a osasungintzara bideratzeko proposatu zuten, lan kargak jaisteko eta langile gehiago jartzeko. Larrañagaren ustez, horrek, «nahitaez» osasun zerbitzu hobeak eragingo lituzkeelako.

Protesta Bilbon, igandean

Osakidetza «desegiten» ari dela salatzeko, eta osasun publikoaren alde egiteko, herritar «guztiei» dei egin zieten igandean Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzeko. 12:00etan abiatuko da protesta Jesusen Bihotzetik.

Zaida Casales LAB sindikatuko delegatuaren arabera, «oso-oso garrantzitsua» da igandeko mobilizaziora joatea, kalitatezko osasun publiko baten alde egiteaz gain, «gobernu honi eta EAJri erakusteko» ez daudela prest «osasun publikoa bertan behera uzteko».

Pribatizazioaren, murrizketen eta lehen arreta desegitearen kontra egingo dute Bizkaiko hiriburuan. Hala ere, Sagarduik Euskadi Irratian atzo adierazi zuenez, sindikatuek salatzen dutena ez da egia: «Euskadin ez da horrelakorik gertatzen». Onintza Esnal ELAko delegatuaren arabera, ordea, hori dagoeneko gertatzen ari den errealitate bat da: «Pribatizazioa errealitate bat da, murrizketak errealitate bat dira, ordezkapen falta errealitate bat da. Orduan, berak esatea ez dela egingo. Bada, dagoeneko egiten ari da».

Larrañagaren ustez, gainera, osasun sailburuak «aspalditik» martxan daraman estrategia bat da: «Aspalditik gaude murrizketekin, eta aspalditik gaude zerbitzuak pribatizatzeko modu ezkutu batekin». Horrela, Casalesek salatu zuen Sagardui bera dela «gezurrak» esaten ari dena.

Osasun sailburuak adierazi zuen sindikatuekin hitz egiteko prest daudela, «adostasunaren bidetik» joatea dutelako helburu.Larrañagak, ordea, azaldu zuen «aspalditik» nabaritzen dutela mahai sektorialak ez direla mahai negoziatzaileak, «mahai informatiboak baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.