Unai Ribera Martinez. Zartada egitasmoko kidea

«Asko gara, baina elkartuta gehiago izan gaitezke»

Koronabirusaren izurriak elkartzea zaildu dien arren, zenbait gazte mugimendutako kideek Zartada egitasmoa antolatu dute elkarrekin. Gasteizen eginen dute, gaur hasi eta igandera arte.

BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun

Galdera batetik abiatu zuten Zartada gazte egitasmoa, iazko abenduan 160 gaztek egindako batzar batean: «Dena onartzeko prest gaude?». Ordutik, hamaika bilkura egin dituzte zenbait gazte mugimendutako kideek, saretzeko asmoz, eta topaketa batzuk prestatu dituzte gaurtik iganderako. Unai Ribera Martinez Egin Klak-eko eta Zartadako kideak (Donostia, 2000) azaldu du gazteen kezkei begira antolatu dutela egitaraua: «Saiatu gara gaur egun gazteok zeharkatzen gaituzten gatazka sozial edo errealitateei erantzuna ematen».

 

Nola azalduko zenuke zer den Zartada?

Gazte egitasmo bat da, behar batetik sortu dena. Koronabirusaren ostean, ikusi genuen beharra zegoela gazte mugimenduak saretzeko, elkarrekin lanketa bat egiteko eta zenbait gatazka soziali erantzuna emateko. Azkenean, asteburu bateko planteamendua sortu dugu.

Nola eta nork egin duzue?

Gazte Ahotsa izeneko marko nazional bat sortu genuen: bertan parte hartzen zuten Euskal Herri mailan antolatzen diren gazte mugimendu batzuek.

Zer gazte mugimendu zaudete hor?

Hasieran, gazte mugimendu jakin batzuk ginen —Gazte Komunistak, Ernai, Egin Klak, Ikama, Gu Ere Bagara Bilbo, Eragin, Donostiako Zizta eta Euskal Herriko Neska* Gazteak—, baina, denbora pasatu ahala, auzo eta herrietako eragile autonomoak ere elkartuz joan ziren. Hortik talde egonkorrago bat eratuz joan da.

Aurkezpenean adierazi zenuten «Euskal Herriko gazteria eta gazte mugimenduak batzeko, aktibatzeko eta elkarlanean jartzeko» helburua zenutela. Horrek erran nahi al du ez daudela horrela?

Gazte mugimenduek, nahiz eta zailtasun asko izan, bazuten beren aktibazioa, baina bazegoen saretze edo elkarlan horren beharra. Gazte mugimendukook modu indibidualean lan egiten genuen, baina modu kolektiboan edo txapel orokor baten pean lan egiten dugu orain.

Saretze falta horretan koronabirusak bakarrik eragin du, ala badira faktore gehiago?

Koronabirusaren izurriak eragin sozial asko izan ditu, eta ukatu egin digu saretzeko, elkar ezagutzeko eta aisialdian gure artean harremantzeko aukera. Bestalde, iruditzen zaigu apustu garrantzitsua dela gazte mugimendu horietan beren lekua topatu ez duten horiengana ere heltzea: aktibatuta ez dauden gazteak espazio batera gonbidatzea, dena delako arrazoia dela-eta beren herri edo auzoan aktibatzeko aukerarik izan ez dutenak.

Topaketen leloak Bat egitetik hamaika egitera dio. Horrekin lotuta dago?

Bai. Lelo horrek biltzen du egitasmoaren ideia nagusia: asko gara, bakoitzak bere jarduna du bere herri, auzo, eragile edo gazte mugimenduan, baina batuta gehiago izan gaitezke; bat egitetik hamaika izatera pasatu nahi dugu.

Hitzaldiak, tailerrak eta mobilizazioak antolatu dituzue astebururako Gasteizen. Zer nabarmenduko zenuke?

Hitzaldi eta tailer guztiek dute euren garrantzia. Gazteei erakargarriak egiten zaizkien gaiak hitzaldi forman lurreratu ditugu, eta ez du denborarik ematen dena behar bezainbeste lantzeko, baina saiatu gara gaur egun gazteok zeharkatzen gaituzten gatazka sozial edo errealitateei erantzuna ematen eta horiei espazioa ematen.

Zenbat jende espero duzue?

Izena emateko kanpaina hasia da, eta uste dugu jende ugari elkartuko dela. Zehazki ez dakit, baina ahalik eta gazte gehien elkartzera deitzen dugu —gure sare sozialen bidez eman daiteke izena—. Otorduetarako eta lotarako lekua ere egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.