Arma hotsak «umiliazioari» aurre egiteko

Espainiako Gobernuaren aurka manifestu bat sinatu duten 271 militar erretiratuei «erantzun egokia» emateko eskatu dio EAJk Felipe VI.ari

Espainiako banderaren igoera ekitaldia, herenegun, Madrilen. EMILIO NARANJO / EFE.
jon olano
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Konstituzioa onartu zenetik 42 urte ziren herenegun, eta giro politiko nahasian gogoratu dute efemeridea. Izan ere, Espainiako militar ohien aldetik ugaritzen ari dira PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuaren aurkako adierazpenak; azaro amaieran, «26 milioi» fusilatzeko beharraz mintzo zen armadatik erretiratutako goi kargudun bat WhatsApp talde batean, eta, larunbatean jakin zen beste 271 militar errtiratuk manifestu bat argitaratu dutela, besteak beste, salatzeko «Espainiaren batasuna arriskuan» dagoela.

Izenpetzaileen artean armadako goi kargudunak izandakoak daude, eta gobernuari egotzi diote «Espainiarekiko mespretxuak eta bere ikurrekiko umiliazioak» onartzea, «matxinada independentista eta kolpista biolentoak» ahalbidetzeaz gain. Adierazpen horiek guztiek ez dute arbuio publikorik jaso Felipe Borboikoa Espainiako errege eta armadako buruzagiaren aldetik.

Testuinguru horretan, Aitor Esteban EAJko diputatuak Felipe VI.ari eskatu dio «erantzun egokia» emateko: «Estatuko burua izan beharko litzateke eskutitz horiei erantzun egokia eman beharko liekeen lehena, haren isiltasuna alde batetik zein bestetik txarto interpreta daitekeelako. Esan dezala, eskutitz horiei buruz zer pentsatzen duen».

Oro har, konstituzioa «bahituta» dagoela uste du Estebanek, beren burua «konstituzionalistatzat» dutenek «interpretazio berezi eta bitxia» egiten dutelako: «Konstituzioa krisian dago hainbat ataletan: estatuko buruaren estatusa, botere exekutiboaren aukeraketa, legegilearen gaitasuna, judizialaren aukeraketa, euskal eta kataluniar nazio auziei dagokienaz aparte».

«Ordenaren babesleak»

Militar erretiratuen adierazpenaz hitz egin zuen atzo Oskar Matute EH Bilduko diputatuak ere; arbuiatu zuen «frankismo garaian armadan sartu ziren» gizonezko batzuek «beren burua ezarritako ordenaren babesletzat» dutela: «Erregimen baten ondorioetako bat da, 78koarena». Erregimenaz mintzatu zen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea ere konstituzioaren urteurreneko balorazioan: «Nortzuk ari dira esaten atzera egin behar dela? 78ko erregimena defendatzen dutenak; Espainiako Konstituzioaren ituna mantentzea nahi dutenak; Francoren erregimena babesten zutenak: eskuin muturra, armadako eta oligarkiako sektoreak, komunikabide jakin batzuk».

Bestalde, Denis Itxaso Espainiako Gobernuko Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak esan zuen konstituzioa «modu federalean berrirakurri» behar dela, eta arau horrek «erabat indarrean» jarraitzen duela azaldu zuen Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak. Militar ohien mezuez, Laura Garrido PPko EAEko idazkari nagusiak adierazi zuen ez zuela «epaituko txat pribatu batean» esandakoa, eta erantsi, militar erretiratuak direnez, adierazpen askatasuna dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.