Indarkeria matxistagatik 332 andrek jo dute arta zerbitzuetara itxialdian

Emakunderen datuen arabera, guztira 5.963 saio egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Soraluzeko (Gipuzkoa) hilketa matxista bat salatzeko lapiko jotzea, martxoko konfinamenduan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Emakundek kaleratutako azken datuek agerian utzi dute orain arte susmoa zena: indarkeria matxista jasaten duten andreek zailtasun eta muga gehiago izan dute konfinamenduan zehar laguntza soziala edo instituzionala bilatzeko. Arreta psikologikoko zerbitzuek eta artarako beste egitasmoek, ordea, ez dute etenik izan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioen datuen arabera, bortizkeria matxista pairatu duten andreen 332 kasu berri artatu zituzten zerbitzu horietan itxialdiko egunetan zehar, martxoaren 16tik maiatzaren 31ra bitartean.

Indarkeria matxista jasaten duten emakumeen egoera larriagotu egin da izurritean zehar, besteak beste, etxea bihurtu delako egon daitekeen lekurik arriskutsuena, eta arreta zerbitzuetara ailegatzeko zailtasunak izan dituztelako. Emakunderen arabera, guztira, 5.963 saio egin zituzten bi hilabete horietan: Araban, 2.559; Bizkaian, 2.233; Gipuzkoan, 1.171. Emandako erantzunen artean, gainera, kasu berriez gain, aurrez identifikatutakoak eta esku hartutakoak ere bazeuden. Zehazki, denbora tarte horretan, dagoeneko aktibo zeuden 1.533 kasutan esku hartu zuten profesionalek.

Arabako Foru Aldundiak ere arreta zerbitzuetan artatutako kasuen orain arteko diagnostikoa aurkeztu zuen atzo. Emilio Sola Gizarte Politiketako Saileko diputatuaren arabera, izurriteak eragina izan du laguntza eskaeretan, eta lehen hilabeteetan jaitsi egin ziren eskariak. Hala ere, nabarmendu zuen, gaur-gaurkoz, eskarien kopurua «oso handia» dela oraindik ere. Datuak oinarri hartuta, urtarriletik urrira bitartean, 953 kasu artatu dituzte Araban. Iaz, 1.092. Arreta juridikoari dagokionez, berriz, oraingoz, 222 emakumeri eman die laguntza. Iaz, 258 izan ziren.

Foru diputatuak azpimarratu zuenez, bortizkeria matxistaren biktimei arreta eskaintzea da «apusturik handienetariko» bat, eta aitortu zuen Arabako Foru Aldundia bide horretan ari dela lanean. Hala, arreta psikologikoan, juridikoan eta esku hartzeetan lanean ari diren zerbitzuak txalotu zituen, itxialdian zehar izandako «egokitzapen gaitasuna» nabarmenduta. Telefono bidezko arretaren garrantzia izan zuen gogoan: «Balizkoa den eta izango den aukera bat da; horregatik, telefono lineen kopurua bikoiztu egingo da, eta kontingentzia planak egingo dira, etorkizunean gerta daitekeenerako».

Nafarroan, kanpainak

Nafarroako Parlamentuak indarkeria matxista saihesteko kanpainak sustatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, atzoko osoko bilkuran aho batez onartu ostean. Batetik, «gizon helduak bortizkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzeko» beharra azpimarratu zuen, eta, horretarako, kanpainak diseinatu beharra. Besteak beste, helburua da gizonek beren «jokabide bortitzak, fisikoak eta psikologikoak zalantzan jartzeko tresnak» izatea. Bestalde, funtsezkotzat jo zuten indarkeria jasaten duten emakumeak artatzen dituzten profesionalek «prestakuntza espezifiko bat» jasotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.