Beste geltoki bat aldiriko trenen transferentziaren lokarria askatzeko

Laster egingo dute Gasteizek eta Madrilek aldiriko trenen eskuduntza gerturatuko lukeen bilera

Donostiako Renferen geltokia. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Aldiriko trenen transferentzia bideratzeko beste bilera bat egingo dute luze gabe Eusko Jaurlaritzako Autogobernuko Sailak eta Espainiako Garraio Ministerioak, eta batzar hori eskuduntza berri baten atarikoa izatea espero dute Jaurlaritzan. Gasteizko eta Madrilgo ordezkariek egindako azken batzarra, urrian, ez zen ongi bukatu. Raquel Sanchez Garraio ministroak esana utzi zuen Eusko Jaurlaritzak ez diola uko egiten «maximoen» abiapuntuari, baina aldiriko trenen transferentziaren lokarria askatzea gertuago dago, BERRIAren iturrien arabera.

EAJk eta Espainiako Gobernuak kupoa berritzeko egindakoakordioaren ostean, Espainiako Senatuan beste mugarri bat jarri dute aldeek transferentzia hori bideratzeko. Xedapen bat onartu dute Estatuaren Interes Orokorreko zerrendatik zenbait linea atera ahal izateko Trenen Sektoreko Legean. Xedapen horrek Espainiako Kongresuaren oniritzia behar du oraindik, baina, edonola ere, aldiriko zenbait zerbitzu Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko ateak zabalduko lituzke, betiere laster egitekoa den Gasteizko eta Madrilgo teknikoen bileran gutxieneko adostasun bat lortuko balute.

Olatz Garamendi Autogobernuko sailburua proposatzen ari den eskuduntza berriak zenbait linearen kudeaketa Jaurlaritzaren esku utziko lituzke, baita azpiegitura batzuen titulartasuna ere. Hauek dira eskatutako ibilbideak: Bilbo - Karrantza (Turtziotik), Irun - Gasteiz (Nafarroatik igarotzen da), Bilbo Abando - Barakaldo - Santurtzi, Bilbo Abando - Barakaldo - Muskiz, Bilbo Abanbo - Laudio - Urduña eta Irun - Donostia - Tolosa - Brinkola. Horiekin batera, Bilbo - Balmaseda zerbitzua eta azpiegitura bera ere nahi ditu Garamendik.

Kontzertu ekonomikoa

Orain arte, ordea, askaezina izan da aldiriko trenen transferentzia egiteko ereduaren arazoa. Hau da, Madrilek proposatu du Kataluniarekin 2010ean adostu zuen Rodaliesen antzerako bide bat. Ez trenak, ez langileak, ez eta azpiegiturak ere ez dira Kataluniako Gobernuarenak gaur egun. Renfe da horien jabea, eta Adifek zerbitzuen kudeaketa zaildu egin du azken urteotan, Generalitateak maiz salatu duenez.

Garamendi sailburuak ez du onartzen eredu hori, EAEko gobernuak orain arte jaso dituen transferentzia guztietan gertatu den antzera, kontzertu ekonomikoa kontuan hartuz egitea exijitzen baitu. Alegia, Gasteizek emango luke aldiriko trenen zerbitzua, eta zerbitzu horren truke Espainiako Estatuari ordaindu behar izaten diona ordaintzeari utziko lioke kupoaren kalkulua egitean.

Madrilek ez du urrats hori egin orain arte. Trenen ibilbide batzuk Araba, Bizkai eta Gipuzkoak osatzen duten erkidegotik kanpora ateratzen direla argudiatu du, eta aurreratu daiteke, salbuespen batzuk egon daitezkeen arren, Madrilen esku jarraituko dutela azpiegituren jabetzek, hau da, trenbideen eta horiei lotutako beste hainbat osagairen titulartasunak.

Nolanahi ere, esanguratsua da PSOEk Espainiako Senatuan emandako pausoa, garrantzitsua delako aldiriko trenen eskuduntza berria gauza dadin; trenen inguruko xedapenaren alde eginda, modu batean edo bestean, tranferentzia egiteko prest dagoela adierazten du, eta horrek esperantza hauspotu du Gasteizen, Garraio Ministerioarekin egitekoa duen bilera teknikoari begira.

Gernikako Estatutua

Batzar horrek erakutsiko du noraino iritsi nahi duen Pedro Sanchezen exekutiboak Gernikako Estatutua betetzeko hartu duen konpromisoan. 25 eskuduntza gelditzen dira oraindik Gasteizera transferitu gabe, eta, legegintzaldi hasieran Sanchezek estatutua osotasunean betetzeko kronograma baten berri eman zuen arren, urtebete geratzen zaio gehienez legegintzaldiari, eta, dagoeneko, esan daiteke Madrilek ez duela bere hitza beteko oraingoan ere.

Duela urtebete espetxeen eskuduntza jaso zuen Jaurlaritzak, eta, orain, aldiriko trenena iristea espero du. Jasotzeko geldituko liratekeen artean, Gizarte Segurantzarena da garrantzitsuena, baina PSOEk ez dio labirinto horri ateak zabalduko, besteak beste, transferentzia horrek kutxa bakarra hautsiko lukeela salatzen dutelako askok Espainian, eta salaketa hori oihartzun handikoa eta hartzaile ugarikoa delako.

Haatik, beste eskumen batzuen eskualdaketa mahai gainean dago: migrazioa, itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, itsas laguntza, meteorologia eta zinematografia babesteko funtsa dira Jaurlaritzak lehentasunez negoziatu nahi dituen arloak. Noticias taldeko egunkariek herenegun argitaratu zuten Urkullu Espainiako Gizarte Segurantza eta Migrazio ministro Jose Luis Escrivarekin hizketan aritu zela urriaren 14an migrazioaz, eta, harrezkero, Escrivak eta Garamendik gaiari buruzko elkarrizketak izan dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.