Koronabirusa munduan

Koronabirusa Afrikan hedatuko da motelen, OMEren esanetan

Nazioarteko erakundearen azterketa batek iragarri duenez, urtebetean afrikarren %22 kutsatuko dira. Hedatzea moteltzeko arrazoi nagusia herritarren adina dela uste dute

Emakume bat koronabirusetik babesteko maskara soinean duela, Nigeriako Lagos hiriburuko merkatu batean. AKINTUNDE AKINLEYE / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Koronabirusak Afrikako biztanleen laurdenak kutsatuko ditu urtebeteko epean, OME Osasunaren Mundu Erakundearen azterketa batek egindako aurreikuspenaren arabera. COVID-19 gaitzak Afrikan orain arte utzi dituen datuak aztertu ditu OMEk, eta, horietan oinarrituta, datozen hilabeteetan nolako bilakaera izango duen irudikatu du. Iragarri duenez, 250 milioi herritar inguru kutsatuko dira koronabirusarekin, etagaitzak 150.000 eta 190.000 lagun artean hilko ditu. Birusaren hedatzea Europan, Amerikan eta Asian baino motelagoa izango dela ere uste du; hala ere, ohartarazi dute gaitzak kontinenteko herrialdeen osasun sistemak kolapsatuko dituela.

OMEren azterketa Afrikako 47 herrialderen gainekoa da; erakundearen herrialde sailkapenean Afrika eskualdea osatzen duten estatuei buruzkoa. Zerrenda horretatik at daude Egipto, Libia, Tunisia, Maroko, Somalia eta Djibuti. Eskualde horretan gaitzak orain arte izan duen bilakaerari erreparatu diote OMEko ikertzaileek, eta, landu duten ereduari jarraikiz, urtebeteko epean estatu horietako biztanleen %22 kutsatuko direla ondorioztatu dute. Ikerketaren arabera, baina, ez da hori behin betiko kopurua izango, gaitzak Afrikan hainbat urtez iraungo duela aurreratu baitute.

Egun, Afrikan ez dira 70.000ra iristen orain arte baieztatu dituzten koronabirus kasuak, etaCOVID-19arekin hildako 1.900 kasu atzeman dituzte. Datuak urrun daude gainerako eskualdeetan bildu dituztenetatik: Amerikak 2,1 milioi kutsatu eta 127.000 hildako ditu; Europak, ia bi milioi kutsatu eta 170.000 hildako; Ekialdeko Mediterraneoak, 365.000 kutsatu eta 10.500 hildako; Pazifiko Mendebaldeak, 170.000 kutsatu eta 7.000 hildako; eta Asia Hego-Ekialdeak, 160.000 kutsatu eta 5.000 hildako.

Azterketaren egileek azaldu dutenez, birusa abiadura apalagoan ari da hedatzen Afrikako herrialdeetan, gainerako eskualdeekin konparatuta, eta hala jarraituko du datozen hilabeteetan ere. Alde horren arrazoi nagusia adina dela uste dute: Afrikak biztanleria gazteagoa duenez, birusa apalago hedatuko dela. Horrez gain, afrikarren artean Europako eta Amerikako biztanleen artean baino obesitate tasa txikiagoa izateak ere birusaren hedatzea moteltzen laguntzen du, ikerlarien iritziz.

Testak egiteko zailtasunak

Askok aipatu dute Afrikan kutsatuak atzemateko baliabide urriagoak dituztela, eta horregatik eman dutela kasu gutxiagoren berri. OMEko ikertzaileen iritziz, ordea, testak egiteko zailtasunek ez dute beren kabuz azaltzen datuek islatzen duten egoera. Hegoafrikak kutsatuak atzemateko sistema eraginkorra duela adierazi dute, eta han ere datuak beste eskualdeetan baino nabarmen txikiagoak direla.

Hain justu, diagnostikorako baliabideak eta ekipamendu medikoak eskuratzeko zailtasunak direla eta, neurri bateratuak hartzen hasiak dira Afrikako Batasuneko herrialdeak. Osasun baliabideak erosteko eskariak elkarrekin egitea erabaki dute. Estatu bakoitzak bere eskaria eginez, osasun produktuak erosi ezinean aritu dira, Mendebaldeko herrialdeen eskariekin lehiatu ezinik. Eskari bateratuen bidez merkatuan tokia egitea espero dute. Horretarako, plataforma digital bat jarriko dute martxan, Afrikako gobernuak eta Txinako hornitzaileak lotuko dituena. Hala, testak, maskarak eta babes jantziak eskuratzea espero dute.

OMEren ikerketak Afrika eskualdeko 47 herrialdeen esposizio arriskua kalkulatu du, eta, indize horren bidez, estatu bakoitzeko kutsatze eta heriotza kopuruak aurreikusi ditu. Esposizio arriskua kalkulatzeko kontuan izan dituzte etxebizitza bakoitzean zenbat lagun bizi diren, eta zenbatekoa den biztanleria dentsitatea eta hiri inguruetako auzo pobreetan bizi diren herritarren proportzioa.

Faktore horien arabera, herrialderik txikienak dira koronabirusaren aurrean zaurgarrienak. Hala, Mauriziok, Seychelleek eta Ekuatore Gineak izango lituzkete kasu gehien biztanleko. Aldiz, Nigeriak —Afrikako herrialde populatuenak— izango lituzke kasu gehien kopuru absolutuetan, eta Aljeria eta Hegoafrika izango lirateke hurrenak zerrendan.

Koronabirusa hedatzeak Afrikako osasun sistema ahulak kolapsatuko dituela ere nabarmendu du OMEren ikerketak. Ospitaleratzeek, zaintzek eta immunitate nahiz amatasun zerbitzuek gainezka egingo dutela iragarri dute. Horri aurre egiteko, nazioarteko laguntza «ezinbestekoa» izango dela ohartarazi du NBEk. Gaineratu duenez, pandemiak arriskuan jarriko ditu elikadura eta osasun arloko aurrerapausoak. Baliteke «milioika» lagun gehiago sartzea pobrezia larrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.