Koronabirusa munduan

Italia maiatzaren 4an hasiko da konfinamendua malgutzen

Gobernua estatu osorako plan bat ari da prestatzen, lurraldeen «berezitasunak» aintzat hartuta

Bi emakume Erromako Kapitolioko eskaileretan behera, maskarak jantzita. RICCARDO ANTIMIANI /EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Koronabirusak gogorren jo dituen herrialdeetako bat izan da, baina Italia konfinamendua laxatzen hasteko prestatzen ari da. Maiatzaren 4tik aurrera hasiko da neurriak malgutzen. Hori da Giuseppe Conte lehen ministroaren «aurreikuspen arrazoizkoa». Italiako Gobernua prozesua nolakoa izango den lantzen ari da, eta aste honetan «xehetasunak» jakinaraziko dituela iragarri zuen Contek, atzo Facebook bidez zabaldutako mezu batean.

Lehen ministroak nabarmendu zuen ez dela bat-bateko kontua izango. Neurri guztiak kolpetik altxatzea «arduragabea» litzateke bere iritziz, eta ohartarazi zuen halako erabaki batek ezerezean utz dezakeela herritarrek orain arte egin duten ahalegin guztia. «Neurriak ongi egituratutako plan baten bidez malgutu behar dira». Plan horrek adituen gomendioei jarraitu behar diela gaineratu zuen.

Konfinamendua eteteko eskatzen ari direnei gobernuarekiko konfiantza eskatu zien lehen ministroak. Adierazi zuen ulertzen dituela herritarren eta enpresen kezkak eta normaltasunera itzultzeko nahia. «Gobernuak herritarren osasuna babestea lehenetsi du, baina ez da soraio sistema produktiboaren eraginkortasuna mantentzeko helburuarekin».

Iparra eta hegoa, zatituta

Erroma estatu osorako plangintza ari da prestatzen, baina Contek argitu zuen «berezitasunak» izango dituela lurralde bakoitzeko errealitatera egokitzeko. Lehentasun eta interes desberdinak agertu dituzte Italia iparraldeko eta hegoaldeko eskualdeetako tokiko agintariek. Venetok eta Lombardiak Legak agintzen du bietan jarduera ekonomikoa ahalik eta azkarrena abian jartzeko eskatu diote Conteri. Industria hedatuta dago lurralde horietan, eta Italiako motor ekonomikoa dira. Koronabirusak gehien kaltetu dituen eskualdeak ere badira, eta horrek kezkatzen ditu hegoaldeko lurraldeak. Iparraldean kutsatzeak areagotzen badira, mugak itxiko dituela ohartarazi du Vincenzo de Luca Campaniako gobernadoreak.

Neurrien malgutzeak kasu kopurua handitzeko arriskua duela aitortu du Contek, eta Italiak halako joera bati eusteko prest egon behar duela nabarmendu du.

Italian ia 184.000 kasu baieztatu dituzte, eta 24.600 lagunetik gora hil dira COVID-19 gaitzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.