Koronabirusa munduan

Zahar etxeetan zendu dira Europan COVID-19arekin hil direnen erdiak

Egoiliarrei eta zaintzaileei koronabirusaren azterketa egitea lehenesteko eskatu du OMEk

Pragako zahar etxe bateko langile bat, egoiliar bat zaintzen. MARTIN DIVISEK / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Europako adinekoen egoitzetan gertatzen ari dena «giza tragedia imajinaezina» da, Hans Henri P. Kluge OME Osasunaren Mundu Erakundearen Europako zuzendariaren hitzetan. Koronabirusak egoitzetan duen eraginari buruzko datuek «argazki kezkagarria» irudikatzen dutela adierazi du. OMEren esanetan, estatuetako estimazioetan oinarrituta, Europan COVID-19 gaitzarekin hil direnen erdiak zahar etxetan zendu dira.

Orotara, 110.000 baino gehiago dira OMEk «Europako eskualdea» izenarekin sailkatzen dituen herrialdeetan hil direnak, eta 55.000 inguru adinekoen egoitzetan zendutakoak. «Europako eskualde» horretan sartzen ditu Errusia, Israel, Kazakhstan, Turkmenistan, Uzbekistan, Tajikistan, Kirgizistan eta Kaukasoko herrialdeak ere.

Klugeren iritziz, koronabirusaren pandemiak agerian utzi ditu gizarteak «gutxietsitako eta bazter utzitako» hainbat eremuk duten garrantzia; horien artean aipatu du adinekoen zaintzarena, orain arte «aintzat hartu gabe» egon dena.

OMEren Europako zuzendariak nabarmendu du sektorearen egoera aldatzea ezinbestekoa dela pandemiaren osteko «normaltasun berria» ezartzeko prozesuan. «Herrialde bakoitzean zaintza sistema integratu eta pertsonei begirako bat eraikitzeko inbertsioa» galdegin die Europako agintariei.

Hiru urrats

Ildo horretan, hiru puntuko bide orri bat proposatu du Klugek. Lehenik eta behin, «askotan estresatuta, gutxiegi ordainduta eta babesgabe» dauden zaintzaileak «boteretzea». Babesteko behar duten oinarrizko osasun materiala bermatzea eskatu du, egiten ari diren lan ordu gehigarriak ordaintzeko eta birusaren aurka aritzeko prestakuntza eskaintzeko. Bigarrenik, adinekoen egoitzetako egoiliarrei eta zaintzaileei koronabirusaren testak egitea lehenesteko eskatu du. Azkenik, pertsonen beharreieta duintasunari erantzungo dieten zaintza sistemak antolatzera deitu du.

Klugek gaineratu du gobernuek kutsatze olatu arteko tartea baliatu behar dutela «agertoki okerrenerako» prestatzeko eta gaitzari erantzuteko duten gaitasuna indartzeko. «Konplazentzia gure etsairik okerrena da garai honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.