Koronabirusa. Asteko errepasoa

Urrundu da, baina ez desagertu

AEBek eguneko kutsatzeen marka hautsi zuten ostegunean: 55.000 kasu baino gehiago. Afrikako Batasunaren esanetan, kontinenteak 48.800 milioi euro jasotzeari utzi dio COVID-19ak turismoan eragin duen krisia dela eta

Jendea Miamiko hondartza ondoan paseatzen, birusaren hedatzearengatik neurriak gogortu behar izan dituen AEBetako Florida estatuan. CRISTOBAL HERRERA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Munduan hamar milioi baino gehiago dira koronabirusarekin kutsatutakoak, eta milioi erdi baino gehiago dira COVID-19aren ondorioz hildakoak, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendariak ohartarazi du osasun krisiaren amaiera urrun dagoela oraindik. Hori dela eta, ekonomiaren jarduerari berriz ekiteko beharra duten baina COVID-19 kasu asko dituzten herrialdeei eskatu die babes neurriak eskualdeka ken ditzatela, tokian tokiko aukeren arabera. Europak lehen olatua pasatu du, baina birusa azkar ari da hedatzen beste lurralde batzuetan.

EUROPA
«Inoiz ez bezalako» krisian


COVID-19aren hedatzea apaltzea lortu dute Europako herrialdeek, eta orain bigarren olde bat eragoztea eta ekonomia suspertzea dute lehentasun. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak hartu du aste honetan Europako Kontseiluko presidentetza, eta datozen sei hilabeteetarako ildo nagusiak azaltzeko orduan nabarmendu du Europa bere «historiako krisirik handienean» dagoela, eta, horrenbestez, beharrezkoa duela «erantzun irmo» bat ematea.

Europako Batzordeak 750.000 euroko funts bat bideratu nahi du koronabirusaren krisia gainditzera, Batzordeak berak jaulkitako zor tituluen bidez. EBko kide guztiak, ordea, ez datoz bat. Austria, Herbehereak, Suedia eta Danimarka ez daude zorraren ardura partekatzearen alde.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak aste honetan ohartarazi du EBk «presio handia» duela krisiari begirako diru poltsa eta EBren aurrekontua onartzeko. Ohartarazi duenez, datozen hilabeteak «gakoak» izango dira horretarako. Estatuei eskatu die beren interesetatik «harago» begira dezatela.

AMERIKA
Eguneko kasu baieztatuen marka berria ezarri dute AEBek


Amerikan dago orain pandemiaren epizentroa. Bi herrialdetan bereziki: AEBetan eta Brasilen. Ostegunean, AEBek egun bakarrean baieztatuko kutsatzeen marka hautsi zuten: 55.000 kasu baino gehiago atzeman zituzten.

Eguneko kutsatze kopurua hazten ari da AEBetako 50 estatutatik 37tan, eta datu kezkagarri horiek eten egin dituzte hainbat estatutako gobernadoreek babes neurriak arintzeko zituzten asmoak. Hala, Kalifornian, Floridan, Texasen, Arizonan eta Michiganen, esaterako, zenbait neurri gogortzea erabaki dute.

Giro horretan ospatuko dute gaur AEBetako Independentzia Eguna. Su artifizialak eta desfileak ohikoak izaten dira gaurko egunez, baina ekitaldi ia guztiak bertan behera utzi dituzte. Hala ere, eutsi egin diote Rushmore mendiko (Hego Dakota) ekitaldiari. AEBetako lau presidenteren irudiak zizelkatuak dituen mendira joatekoa da Donald Trump AEBetako presidentea, eta bertan 7.500 lagun biltzea espero dute antolatzaileek. Aurreratu dutenez, ez da parte hartzaileen arteko gutxieneko distantziarik gorde beharko eta maskararen erabilera ere ez da derrigorrezkoa izango.

AFRIKA
Kasu gutxiagorekin, kalte ekonomiko handia


Afrikak 400.000 koronabirus kasuren kopurua gainditu du aste honetan, eta hildakoen kopurua 10.000tik gorakoa izatera pasatu da. Kontinentean kutsatu kopuru handiena duten herrialdeak dira Hegoafrika —168.000—, Egipto —71.000—, Nigeria —27.000— eta Ghana —18.000—.

Datuek argi adierazten dute birusaren hedatzea nabarmen azkartu dela. Afrikan lehen kasua atzeman zenetik 98 egun pasa ziren 100.000 kasura iritsi zenerako, eta, aldiz, 300.000 kasuren kopurutik 400.000 kasurako jauzia bederatzi egunetan egin du.

Beste kontinenteetan baino kasu gutxiago izan arren, handia da ekonomian jasaten ari den kolpea. AB Afrikako Batasunak azaldu duenez, kontinenteak 48.800 milioi euro jasotzeari utzi dio azken hiru hilabeteetan, gaitzak turismo sektorean izan duen eraginagatik. ABk ohartarazi du galera horren ondorioz diru sarrerarik gabe gelditu direla 24 milioi familia afrikar.

COVID-19a hedatzen ari den arren, hainbat herrialde babes neurriak arintzen hasiak dira, jarduera ekonomikoa ahalbidetu eta galerak mugatze aldera.

ASIA
Hego Korea eta Txina, agerraldiak ito nahian


Hego Koreak 67 koronabirus kasu berri atzeman zituen herenegun. Azken bi asteetan izan duen kutsatze kopuru handiena. Neurri handi batean, Seul hiriburuan eta haren inguruan izan den agerraldi baten eraginez egin dute gora kutsatze datuek. 28 kasu berri zenbatu zituzten bertan. Horrez gain, beste hamahiru baieztatu zituzten Daegu hirian, lau Daejeonen eta sei Gwangjun.

Agerraldi berriak direla eta, 522 ikastetxe itxi ditu gobernuak. Joan den maiatzaren 20an eskolak irekitzen hasi zenetik, arlo horretan hartu duen neurririk zorrotzena da.

Txinan, berriz, Pekinen sortu zen agerraldia apaltzea lortu dute. Hiriburuko elikagai merkatu handienean izan zuen jatorria, eta ekainaren erdialdean jo zuen goia,eguneko 36 kasu berrirekin. Herenegun, bost kutsatze baieztatu zituzten. Horietatik, bi izan ziren tokikoak. Biak Pekinen gertatutakoak.

Txinak merkatuetan osasuna bermatzeko neurriak iragarri ditu. Prentsa ofizialak jakinarazi duenez, gobernuak hegazti bizidunak saltzen dituzten merkatuak itxiko ditu pixkanaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.