Errotaren senetik, bertso emaria

Irailaren 14an hasiko da 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Oñatin; eta abenduaren 14an jokatuko da finala, Donostiako Illunben. Hamasei saio izango dira hiru hilabetean, eta 48 bertsolarik hartuko dute parte
Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Pili Legarra Asteasuko alkatea eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, atzo, Asteasun.
Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Pili Legarra Asteasuko alkatea eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, atzo, Asteasun. ANDONI CANELLADA / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko uztailak 17
Errekako ura errotara ekarri, errotarria bueltaka jarri; aleak gutxinaka erortzen utzi, xehatu, irin bihurtu. Eta errota bakoitzak, errotarri bakoitzak bere erritmoan, bere moldean. Errota batek nola, hala funtzionatzen du bertsolariak, bertsoaren mugimenduak. Ideia hori biltzen du 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irudiak. Eta izen bat ere gordetzen du loturak: Pello Errota. Hil zenetik mendea bete da aurten, eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak keinu txiki bat egin nahi izan dio; hari, baita Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrari ere, hura gabe ez baitzen «ezer jakingo» Errotaz, herriko alkate Pili Legarraren arabera. Atzo aurkeztu zuten txapelketa, Asteasun, Legarrak, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak eta Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Jauregi: «Irudi horrekin laburtu nahi izan dugu bertso mugimenduak eta bertsolarien sormenak errotak bezalatsu funtzionatzen dutela: askotariko gaiak uztartuz, emari etengabearekin, aleak xehatzen, apurka-apurka, eta emaitza horrekin elikatuz».

Irailaren 14an abiatuko da txapelketa, Oñatin, eta abenduaren 14an jokatuko da finala, Donostiako Illunben. Txapelketak hamasei saio hartuko ditu, hiru hilabeteko epean: zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala. 48 bertsolarik parte hartuko dute; horietako 34 udaberrian jokatu den Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasetik heldu dira. Horiei beste hamalau bertsolari gehituko zaizkie orain: duela lau urteko txapelketaren finalean kantatu zuten seiak —Iñaki Apalategi, Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Agin Laburu, Jon Maia eta Alaia Martin— eta beste zortzi, 2015ean gutxienez finalaurrekoetara iristea lortu zutenak.

Hona hemen 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan kantatuko duten bertsolarien zerrenda osoa: Ainhoa Agirreazaldegi, Oier Aizpurua, Maialen Akizu, Iñaki Apalategi, Iñaki Araiztegi, Maider Arregi, Mikel Artola, Asier Azpiroz, Jokin Bergara, Nerea Elustondo, Oier Etxeberria, Beñat Gaztelumendi —egungo txapelduna—, Unai Gaztelumendi, Iñigo Gorostarzu, Iñaki Gurrutxaga, Aratz Igartzabal, Endika Igartzabal, Beñat Iguaran, Oihana Iguaran, Amaia Iturriotz, Iñigo Izagirre, Unai Izagirre, Beñat Jauregi, Ane Labaka, Agin Laburu, Ander Lizarralde, Beñat Lizaso, Odei Lopez, Jon Maia, Gorka Maiz, Iñigo Mantzizidor, Eñaut Martikorena, Alaia Martin, Unai Mendizabal, Andoni Mujika, Haritz Mujika, Manex Mujika, Unai Muñoa, Iker Ormazabal, Eli Pagola, Aitor Salegi, Mikel Tapia, Jokin Uranga, Aitor Urbieta, Iban Urdangarin, Iñaki Zelaia, Ane Zuazubiskar eta Felix Zubia.

Epaile taldean hamasei lagun ariko dira; gai jartzaileenean, hamabost, eta idazkari lanetan, lau.

Sarrera guztiak irailaren 2an

Saio guztietarako sarrerak irailaren 2tik aurrera jarriko dituzte salgai, www.bertsosarrerak.eus webgunean. Saioen egunetan ere eskuratu ahal izango dira, tokian bertan. Ohikoa denez, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta 6-16 urte artekoek prezio berezia izango dute, eta elkarteko bazkideek bonua erosteko aukera izango dute.

Irailaren 7an, txapelketa hasi aurreko larunbatean, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak aurkezpen festa antolatu du. Parte hartzaile guztiak batuko dira, eta orduan aurkeztuko dute aurtengo txapelketaren sintonia, Don Inorrez taldeak ondu duena, Errota abiapuntutzat hartuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Itziar Ugarte Irizar

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna