Gari Balenziaga. Test serologikoa egin dioten pazientea

«Bakartzea zerbaitetarako egin nuen ala ez jakiteko egin dut testa orain»

Paulo Ostolaza.
Zarautz
2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Pandemiaren hasieran sintomak sentitu arren, benetan COVID-19a izan zuen ala ez jakin gabe geratu zen Gari Balenziaga; Osakidetzak testak egitekogaitasunik ez zuela esan zion orduan. Atzo egin zioten proba.

Nolakoa izan da zure kasua?

Sintomak sentitu nituen konfinamendua hasi eta pare bat egunera: nekea, sukarra... Amona-eta alboan bizi direnez, amak eta biok adostu genuen badaezpada nire gelan bakartuko nintzela bi astez, nik hala nahita. Egun haietan nire urtebetetzea izan zen, eta egun hartan nirekin egon ziren senide batzuek ere izan zituzten sintomak; ez dakigu, ordea, gripe arrunt bat izan zen ala koronabirusa. Nik hiru egunez izan nituen sintomak, baina ezer larririk ez.

Antzeko sintomak izan zituzten zure senideek ere?

Bai, sukar pixka bat eta... larrialdi egoera ezarri baino lehen sentitu zituzten haiek.

Harremanetan jarri zinen osasun zerbitzuekin?

Osakidetzak koronabirusaren inguruko zalantzak argitzeko telefonora deitu nuen, bai. Haiek esan zidaten badaezpada nire gelan egoteko, eta amari eta anaiari ere sendagiria eman zieten—haiek bizi dira nirekin—, bi astez lanera ez joateko. Itxaroten egon ginen ea testik egin behar zidaten edo ez jakiteko, baina, azkenean, ezer ez. Beraz, bakartzea egin nuen koronabirusa nuen ala ez jakin gabe.

Galdetu zenuen testik egingo ote zizuten?

Bai, baina esan zidaten ez zutela nahikoa baliabide, eta ez zidatela egingo.

Eta, orain, noiz eta nola jakinarazi zizuten testa egingo zizutela?

Test serologikoak egiten hasiko zirela zioen albistea entzun nuen joan den astean, eta pentsatu nuen ni tartean izango nintzela. Hurrengo egunean deitu zioten amari, joan den asteazkenean, testa egin nahi ote nuen galdezka.

Aukeran jarri zizuten, beraz.

Bai, aukerakoa da, baina nik nahi dut jakin ea koronabirusa pasatu dudan ala ez, eta baiezkoa esan nien.

Nola izan da analisia egiteko prozedura?

Gaur goizean [atzo] joan naiz anbulatoriora; jende gehiago ere bazen, eta bost minutu inguru egon naiz zain. Berehala eman didate agiri bat datuak eta ondo zeudela ziurtatzeko, gela batera eraman naute, eta bi pertsonaren artean odol lagin bat atera didate. Minutu bateko kontua izan da.

Noizko espero dituzu emaitzak?

Esan didatenez, 48 ordu igarotakoan izango ditut. Asteazkenerako.

Zuri zertarako balioko dizu test horrek?

Nagusiki kuriositateagatik egin dut, jakiteko ea bakartzea zerbaitetarako egin nuen ala ez. Baieztatzen badute COVID-19a igaro duten pertsonak immuneak direla, garrantzitsua izan liteke informazio hori izatea. Gainera, konfinamendua ezarri aurreko egunetan hainbat lagunekin egon nintzen, eta haiei ere ondo etor lekieke kutsatutako pertsona batekin harremana izan zuten ala ez jakitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.