Mikel Suso. Judimendiko auzotarra

«Jokoak ilusio faltsuak sortzen ditu, eta prekaritatea hedatuta dago»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Orain bi urte ekin zieten Gasteizko Judimendi auzoko bizilagunek joko aretoen aurkako dinamikei, auzoan lehen aretoa zabaldu zutenean. Auzoko gazte asanbladak jarri zuen lehen harria, eta auzo dinamika bat sortu zuten apustu etxeei eta joko aretoei aurre egiteko. Mikel Suso (Gasteiz, 1996) asanbladako kidea da.

Jaurlaritzak hartutako erabakia dela eta, zein da egiten duzuen aurreneko balorazioa?

Lehen balorazioa da Jaurlaritza aurpegi garbiketa bat egiten ari dela. Lizentzia pila bat eman dituzte urte hauetan joko aretoak eta apustu etxeak jartzeko, eta ugaritu egin dira. Asanbladako kideok uste dugu azpimarratzekoa dela baimena duten aretoek hor jarraitzen dutela, eta, beraz, baita jokoaren arazoak ere. Esparru horietan, joko eskaintza duten aretoetan eragin behar da, bestela, arazoak irautea ahalbidetuko dute.

Erkorekak esan du aretoek gazteen artean «arazoa» sortzen dutela. Nola dago egoera?

Gazteen artean jokoa normalizatuta dago. Gazte ikuspegi batetik ikusi dugu eragin zuzena duela jokoak. Aisialdi eredu berri bat gazte garenon artean. Gainera, kontuan hartu behar da jokoak ilusio faltsua pizten duela. Iturri eskasak ditugu, eta prekaritatea hedatuta dago. Egoera hobetzeko gazte askok dute aterabidetzat jokoa.

Gazte ikuspegitik nola egin diozue aurre egoerari?

Joko aretoa irekitzean behaketa lan bat egin eta txosten bat atera genuen, ondorio batzuekin. Identifikatu genuen aretoak aisialdi ereduari kalte egiten ziola, eta baita auzo bizitzari ere. Kalte zuzenak eragiten zituen; pare bat taberna itxi zituzten auzoan, esaterako.

Zeintzuk izan dira borroka horretatik lortutako emaitzak?

Joko aretoa itxi egin zen. Jabeak erabaki zuen ixtea, baina auzo dinamikaren oihartzunak eragina izan zuen. Ixtean aldarrikatu genuen borrokak merezi izan zuela. Gutxi gorabehera, hiru astez egon zen itxita, jabe berri batek lokala hartzea erabaki zuen arte. Egin zituen aldaketak, esaterako, ordutegian, baina jokoaren kaltea mantendu egiten da aretoak iraun artean.

Ba al daukazue aurrera begirako asmorik?

Auzoko errealitatearen parte da joko aretoa, eta jarraituko dugu mobilizatzen. Uste dugu presente dagoen gai bat dela, eta auzo zein gazte moduan erantzun bat eman behar diogula. Hilabeteroko azken ostegunean ere elkarretaratze zaratatsuak egiten ditugu. Orain, beste eragile batzuekin ere jardungo dugu lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.