PPren Iruñeko alkategaia

Carlos Garcia Adanero: «Eskuinean, askok ez dute sozialisten ogi apurren zain egon nahi»

Carlos Garcia Adanerok adierazi du iazko lan erreformaren ondotik bizitza «zaildu» zaiola. Haren ustez, UPNk «okerreko bidea» hartu du, ez baitu zalantzarik PSNk bazkideak hautatuak dituela: «Porrot egingo dute».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun

Argazkiak atera bitartean, zenbait herritar gerturatu zaizkio. Carlos Garcia Adanero PPren Iruñeko alkategaiak (Talavera de la Reina, Espainia, 1967) dio denek «mezu positiboak» helarazten dizkiotela. «Kontrakoa pentsatzen dutenek paso egiten dute». Esan duenez, lan erreformaren bozketaren ondotik bizitza «zaildu» zaio. Hauteskundeei begira, itxaropentsu dago. Ez du kopururik eman, baina emaitza onak lortzea espero du, testuingurua «berezia» baita. Elkarrizketa gazteleraz egin zaio.

Lan erreformaren bozketan irudikatu zen lehendabizikoz UPNren estrategia. Zer nahi du?

Sanchezekin ituna egin. Ez dut bat egiten, inondik inora. Ez du erremediorik. Ezin da sozialistekin hitzartu. Ez garamatza inora.

Damutu zara egindakoaz?

Ez, ez. Beharbada, gauzak hobeto azal nitzakeen, baina ez nuen aukera handirik izan.

Egun hartan PPrekin lotu zenuten zuen etorkizuna zuk eta Sayasek? Presio handia zenuten.

Alderdiarekin nuen arazoa. Ostegunean zen bozketa eta astelehenean izan genuen bilera [UPNren] zuzendaritzarekin. Han ez genuen hitzartu zer bozkatuko zen. Bezperan deitu ziguten, baina ez ziguten azalpenik eman zergatik eta nola izan zen PSOErekin elkarrizketa. Guk, berriz, ez genuen akordiorik PPrekin. Ziurta dezaket nire bizitza ez dela hobetu, okertu baizik. Erosoago zen men egitea, eta hor konpon!

Beste alderdiek transfugatzat zaituzte, eta UPNk, traidoretzat.

Zein da transfuga? Nik une oro bozkatu nuen kanpainan esandakoaren ildoan, Sanchezen aurka. Sanchezek, berriz, kanpainan esan zuen Ahal Dugu-rekin ez zela «oheratuko», Bildurekin ez zuela hitzarmenik egingo, sedizio delitua gogortuko zuela... Transfuga ni banaiz, harrigarria da. Bada ere oharkabean pasatu den kontu bat. Guk, Sayasek eta biok, eskatu genuen UPNko militanteak batzar batera deitu behar zirela. Gu afiliatuek aukeratu gintuzten hautagai izateko, baina zuzendaritzak kanporatu gintuen.

Berez, azken hitza UPNren Kontseilu Politikoak izan zuen.

Bai, baina Kontseilu Politikoa ez dira afiliatuak. Ni ez ninduen hautatu Kontseilu Politikoak. UPNk ez ditu militanteak deitu nahi izan zer pentsatzen zuten ikusteko. Zergatik ez zen hori egin?

Eta, zure ustez, zeren ondorioz hautsi da Navarra Suma? Gogoan dut 2020ko ekainean UPNko Kongresuaren atarian Esparzak zalantzan jarri zuela koalizioaren zentzua…

Pozten naiz hori entzuteaz. Aldi hartan esan zuen, bai, koalizioarekin zer egin birplanteatu behar zela. Bakarrik aurkezteko helburua zuen, eta gainerako guztia izan da gure moduan pentsatzen duen jendea paretik kentzea. Gure helburua zen zentro-eskuina ez haustea. Bere helburua izan da haustea. PP kanporatu zezakeen eta Ciudadanosekin hitzartu, baina biak kanporatu nahi izan ditu. Biekin hautsi du, bakarrik egoteko eta eskuak libre izateko.

Uler daiteke UPNren asmoa? Navarra Sumak lortu zuen botoa biltzea, baina oso zail du bere kabuz gehiengo osoa lortzea…

Bai, argi dago zaila dela. Esparzak sinesten du Sanchezen eskutik irits litekeela gobernuan egotera. Gobernuan egon diot, eta ez lehendakaritzara heldu. Bide okerra delakoan nago. Besteak beste, Alderdi Sozialistak jada aukeratu dituelako bere bazkideak.

Kontrajarria da UPNren estrategia?

Kontrajarria da, bai, alternatiba zarela diozulako, baina, gero, Sanchezekin ituna egiteko ilaran jarri zarelako, azken tokian. Ezin zara ezeren alternatiba izan. Zaila dela? Bai, jakina, baina ez baduzu borroka egiten, orduan bai, orduan erraza da arerioentzat.

Zergatik eman diozu baiezkoa PPren eskaintzari?

Uste dut hautesleen multzo handi batek alternatiba erreal bat izatea nahi zuela. Askok ez dute sozialisten ogi apurren zain egon nahi. Nahiago dute aurre egin eta planteatu badagoela gobernatzeko beste modu bat; Nafarroa, Iruñea eta Espainia ikusteko beste modu bat. UPNk PPrekin hautsi zuenean, argi genuen ez genuela beste bat gehiago izan nahi: batu ditzagun indarrak.

PPri aukera bat irekitzen zaio eskuineko nagusitasuna auzitan jartzeko UPNri?

Aukera bat du. Nafarroan, pertsona asko gogoz daude sozialistei aurre egingo dien alternatiba bat dagoela ikusteko. Jende asko dago egoera horretan. Logikoki, ikusiko dugu zenbat diren.

Babesa zabaltzeko orduan zuen arazoa boto baliagarria da.

Bai, baina kontraesan bat du UPNk. Boto baliagarria izan nahi baduzu eta boto gehien duen zerrenda izan, ez duzu zentro-eskuina hausten! Zentro-eskuina hautsi du ez boto baliagarria izateko, baizik eta PSOErekin hitzartzea ahalbidetzeko. Horrela, ez da beste alderdiekin kutsatzen, eta eskuak libre izan nahi ditu itunak egiteko. Gu ez gara hori, gu horren alternatiba gara.

Enrique Maiaren zer balantze egiten duzu?

Ez dut askorik sartu nahi horretan. Egia da, egon dira gauzak ez direnak gai izan aurrera ateratzeko, ez zutelako nahikoa botorik. Gainera, bestela esaten bada ere, Iruñeak segurtasun arazo bat du. Lehenik eta behin, onartu behar da arazo bat dagoela. Zure erantzuna bada datuak ez direla hainbesterako, ez direla handiak, ez duzu arazoa ikusten, eta ez diozu egoerari aurre egiten. Egindakoari ez diot askorik begiratu nahi. Aurrera egiteko gaude. Hortik aurrera, egungo hiria hobetzen saiatu nahi dugu.

Zer helburu duzue?

Ahalik eta emaitza hoberenak nahi ditugu. Zentro-eskuinak poltsa handia du, eta aurreko hauteskundeetan Navarra Sumari eman zion botoa. Historikoki, joera orokor bat egon ohi da, baina ez gaude egoera normal batean. Egoera diferente batean gaude. Ezin jakin.

UPNren apustua egingarria da?

Ez. Ez da egingarria, Sanchezek aukeratuak dituelako bere bazkideak. Porrotera kondenatuak daude. Eurak sinetsita daude aterako dutela.

Zer egingo duzue alkateak kargua hartzeko bozketan?

UPNko hautagaiak guk baino boto bat gehiago badu, haren alde bozkatuko dugu. Nahiko genuke guk boto bat gehiago lortuko bagenu haiek berdin jokatzea. Zalantzak ditut halakorik egingo duten.

Zer iruditzen zaizu EH Bilduk lehen indarra izango dela esatea?

Bakoitzak nahi duen xedea jartzen du. Ez dut uste boto gehien duen zerrendak gobernatuko duenik.

PSNk esan du bere hautagaiaren alde egingo duela.

Ez dut zalantza izpirik. Akordioa egingo dute EH Bildurekin. Otegiri entzunez gero, oso argi utzi du: euren eskuetan badago, ez dute utziko eskuinak gobernatzea. Ondorioz, hemen edo alde bateko blokeak hamalau hautetsi ditu, edo beste batzuek gobernatuko dute. Ez dakit nork eta nola, baina beste batzuk gobernatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.