Bigarrenean, aurrera egin du

Nafarroako Parlamentuak eten eta urtebetera, Polizien Legea onartu dute EH Bildu, UPN, Geroa Bai eta Ahal Dugu-k. Foruzaingoari esparru «egonkorra» ematea espero dute

Maria Jose Beaumont Barne kontseilaria eta Maria Solana Hezkuntza kontseilaria, atzo, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Legealdiko porrot handienari buelta eman diote Nafarroako Gobernuak, Geroa Baik eta EH Bilduk. Iaz, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k bat egin zuten oposizioarekin, eta gehiengo handiz atzera bota zuten exekutiboak bultzatutako Polizien Legea. Urtebete geroago, errefusatutako proposamena moldatu eta legebiltzarrean eztabaida bizia izan ostean, atzo, Geroa Baik eta EH Bilduk sustatutako legearekin bat egin zuten UPNk eta Ahal Dugu-k. Jarrera kritikoa azalduagatik, abstenitu egin ziren PSN, PP eta Ezkerra, eta Orain Bai taldeak aurka egin zuen. Hartara, bigarrenean, legea aurrera atera ahal izan da. EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, esparru «argi eta egonkor» bat emango dio legeak Foruzaingoari, eta, eskumenak bereganatu ahala, beharrei aurre egiteko antolamendu malguagoa izango du.

Ikusteko dago, ordea, azken urteetan Foruzaingoan izandako gorabehera guztiak atzean uzteko balio duen. Hori bera azpimarratu zuen atzo Ezkerrako Jose Miguel Nuinek: «Espero dezagun gutxienez balio izatea gatazka giroa baretzeko». Ezkerrako parlamentariaren kritikarik handiena izan da azken bi legealdietan polizien lan arloko baldintzez hitz egin dutela parlamentuko taldeek, polizia ereduari heldu ordez. Laster, Madrilgo eta Iruñeko gobernuak Nafarroak trafiko eskumenak bereganatzeko aukerari buruz negoziatuko dute, eta Nuinek espero du aurrerantzean eztabaida politikoak bereganatzea arreta, eta ez «foruzainen diru osagarriek».

Bide malkartsua izan dute aurrean gobernuak, EH Bilduk eta Geroa Baik. Hiru urteotan agerian geratu da Foruzaingoaren barruan ezinegon handia dagoela, eta alderdi askok auziaren abiapuntua 2007an kokatu dute: urte hartan, UPNren gobernuak dekretuz aldatu zuen ordura arteko legea, eta denborarekin Foruzaingo barruko soldata tarteak handitu egin ziren. Aurreko legealdi amaieran, sindikatuen eskariz, PSNk bultzatutako lege proposamena aurrera atera zen, Ezkerraren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta Geroa Bairen abstentzioarekin. Goi kargudunei soldata murriztu egin zitzaien heinean, Foruzaingoko buruek ozen protesta egin zuten, eta UPNk bere gobernua zigortzeko borondatea ikusi zuen atzean. Atzo, Sergio Sayasek berriro gaitzetsi zuen asmo politiko hori.

Legealdi honetan, 2015eko legea garatzeko eta gizartearen beharrei modu egokian erantzuteko antolamendu arazoak antzemanzituen Beaumonten departamentuak. Tokiko polizien inguruko legea aurkeztera behartuta zeudenez, iazko martxoan legea berriz aldatzeko proposamena aurkeztu zuen. Haatik, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k Beaumonti ohartarazi zioten polizia sindikatuen gehiengoarekin akordioa erdietsi behar zuela. Negoziazioak urte erdi inguru iraun zuen, baina sindikatuak egitasmoaren aurka azaldu ziren. Legea legebiltzarrera heldu zenerako, gobernuaren eta APF eta SPF sindikatu korporatiboen artean posizioak hurreratu egin ziren, baina ez zen aski izan. Akordiorik gabe, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k aurka bozkatu zuten, eta Beaumonten dimisioa exijitu zuen oposizioak.

Talde guztien ekarpenak

Ahalegin hartan porrot eginagatik, handik gutxira Geroa Baik eta EH Bilduk akordioa lortu zuten bi sindikatu horiekin, eta gobernuaren proiektuaren edukia malgutu. Iazko abenduan, proposamen hori foruzainen artean bozkatu zen: %56ko parte hartzearekin, %81ek baiezkoa eman zuten. Horregatik, Ahal Dugu-k bat egin zuen akordioarekin, eta testua irail honetan berriro parlamentura heldu zen. Eztabaidan, talde guztien artean, 115 zuzenketa aurkeztu dituzte, eta 48 onartu dira. Azken emaitzak guztien ekarpenak jaso ditu.

Esanguratsua izan da UPNren jarrera aldaketa. Atzo, Sayasek onartu zuen ez dutela Beaumont kargugabetzea lortu, baina, haren ustez, «hainbeste izan da lortutakoa» merezi izan duela baiezko botoa ematea. PSNko Inma Jurioren ustez, UPNk«urrezko aukera galdu du», gobernuak «zutoin artetik gol puska sartu baitio». Kritikak kritika, sozialisten eta PPren abstentzioak ezinezko egiten zuen bigarren porrot bat.

Kanpoan, ELAk deituta, protesta egin zuen foruzain talde batek. ELAren ustez, «malgutasun handiagoa» ezarriko du legeak, eta soldata diferentziak handitu. Gobernuari eskatu dio eskumen gehiago hartu ahala lan eskaintza publiko bidez foruzain kopurua handitu dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.