Eusko Legebiltzarrak eskatu du helegitea jartzeko '155 digitalari'

EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemosen testuak egin du aurrera. EH Bilduren legez besteko proposamena da eztabaidatu dutena. Koalizioaren iritziz, onartutako testuak ez du neurririk proposatzen

Alexia Castelo PSEko legebiltzarkidea, legebiltzarreko aurreko saio batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak edozein jarduera edo komunikazio elektroniko bere gain hartu edo ixteko lege dekretua onartu zuen joan den abenduan, eta, atzo, Eusko Legebiltzarrak, EAJren, Elkarrekin Podemosen eta PSEren botoekin, neurri horren aurka helegitea jartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Hiru taldeok Jaurlaritzari galdegin diote errekurtsoa aurkez dezala Auzitegi Konstituzionalean Pedro Sanchezen dekretu digitalaren aurka, eta, era berean, has dezala araua erreformatzeko negoziazio bide bat.

155 digitala izenez ezaguna da Espainiako Gobernuak sarea kontrolatzeko onartutako dekretua. EH Bilduk haren aurkako legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta atzo eztabaidatu zuten ekinbidea Diputazio Iraunkorrean. Konstituzionalera jotzeko epea otsailaren 5ean amaituko denez, proposamena premiaz eztabaidatzeko eskatua zuen koalizioak. Izan ere, EH Bildurentzat «premiazkoa» da dekretua bertan behera uztea, webguneak eta komunikazio digitalak inongo agindu judizialik gabe ixteko aukera ematen diolako gobernuari, eta horrek kolokan jar ditzakeelako «askatasun eta eskubide demokratikoak». Hala, legebiltzarrari dekretu horren aurka agertzea galdegin zion koalizioak legez besteko proposamenean, eta Jaurlaritzari, berriz, «bide eta prozedura guztiak» martxan jartzea euskal herritarren oinarrizko eskubideak defendatzeko.

EH Bilduren ekinbideari zuzenketa bat aurkeztu zioten EAJk eta PSEk elkarrekin, eta beste osoko zuzenketa bat Elkarrekin Podemosek. Azkenean, hiru taldeok ebazpen bat hitzartu dute, eta hori izan da onartu dutena, PPk aurka bozkatu eta EH Bildu abstenitu arren. Dekretu digitala Auzitegi Konstituzionalera eramanda, aldebiko batzordea martxan jarri eta bi gobernuek arauaren erreforma negoziatu dezatela nahi dute EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek. Izan ere, auzitegi horretan helegite bat aurkezten denean eta hura tramitatzen hasi aurretik, legeak aukera ematen du arauaren inguruan bi aldeek dituzten desadostasunak batzordean konpontzeko. Horrez gain, Espainiako Gobernuari eskatu diote Kongresuko talde parlamentarioekin negoziatu dezala dekretuaren erreforma, hala jasota baitago PSOEren eta Unidas Podemosen arteko inbestidura akordioan. Dekretu digitala erreformatuz gero hura tramitatzean sortutako «desadostasunak» gaindituko liratekeela uste dute hiru taldeek.

Legebiltzarrak onartutako ebazpenak jasotzen duenez, dekretuan egingo diren aldaketek informazio eta adierazpen-askatasun eskubideak bermatu behar dituzte, bai eta jarduera oro «justiziaren kontrolpean» egotea ere. Halaber, hiru taldeek gobernuari eskatu diote sareak eta komunikazio elektronikoak bere gain ez hartzeko baldin eta horrek eskubideak «murrizten» baditu.

PSE: «Ez gaude aurka»

Atzoko eztabaidan, PSEko legebiltzarkide Alexia Castelok argitu zuen bere taldea ez dagoela dekretuaren aurka: «Bi gobernuen arteko elkarrizketa bide bat irekitzea nahi dugu, neurri batzuen erabilera arbitrarioak sor ditzakeen mesfidantzak argitu eta aldatu daitezen». Azpimarratu du, halaber, PSEk bat egiten duela dekretuaren helburuarekin, baina ezinbestekoa dela herritarren datuen babesa «berme guztiekin» egitea.

Gorka Alvarez EAJko legebiltzarkideak gogora ekarri du PSOEk eta EAJk Pedro Sanchezen inbestidurarako sinatu zuten akordioak jasotzen duela dekretu digitala aldatzeko konpromisoa. Alvarezen iritziz, dekretuak, egun idatzita dagoen moduan, estatuari bermatzen dio «kontrolpean» izatea tokiko administrazioak eta erkidegoak.

Bestalde, Josu Estarronak (EH Bildu) salatu du legebiltzarrak onartutako testuak ez duela neurririk proposatzen oinarrizko eskubideak babesteko. «PSOEren dekretu digitala iritzi askatasunaren eta parte hartze politikoaren aurka doa, eta estatuaren birzentralizazioaren eta atzerakadaren erakusle da».

Elkarrekin Podemoseko Yahcov Ruizek, berriz, esan du espero duela Espainiako Gobernuak dekretuaren erreformari heltzea «elkarrizketaren» bidetik.

Testuaren aurka bozkatu duen talde bakarra PP izan da, eta haren eledun Carmelo Barriok dekretu digitalaren alde egin du, konstituzioa errespetatzen duelako eta ez duelako esku hartzen erkidegoetako eskumenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.