14 urtera arteko haurrak zaintzeko laguntzak emango ditu Jaurlaritzak

Umeak zaintzeko inor kontratatu behar duten familiei emango dizkiete laguntzak. Irailetik aurrerako kontratazioak hartuko dituzte aintzat

Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak kontziliaziorako diru laguntzak emango dizkie 14 urtera arteko haurren gurasoei. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak zabaldu egingo ditu etxeko umeak zaintzeko inor kontratatu duten familientzako diru laguntzak, eta haurrak 14 urte izan arte eskatu ahal izango dira laguntza horiek. Orain arte soilik 3 urte arteko umeak zaintzeko pertsona bat kontratatzen zuten familientzat ziren diru laguntzak, baina 14 urtera arte luzatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako Sailak.

Departamentuak azaldu duenez, osasun krisialdiak «errotik» aldatu du haurren eta familien eguneroko bizitza, zaintza premia berriak sortu ditu, eta kontziliazio arazoak ugaritu ditu. Besteak beste, Jaurlaritzak gogora ekarri du eskolaz kanpoko jarduerak eta jantokien zerbitzua murriztu egin dituztela, hainbat ikasgela itxi behar izan dituztela, eta horrek nabarmen zaildu duela familien kontziliazioa. Horiek horrela, gobernuak azaldu du hainbat familia elkartek egindako eskariari erantzunez hartu duela laguntzak hedatzeko erabakia. Nabarmendu du enplegua sortzeko eta «ezkutuko ekonomia» saihesteko neurria dela. Atzerako eraginez ezarrikoditu laguntzak: irailaren 1etik aurrerako kontratuak lagunduko ditu.

Bestelako laguntzak

Jaurlaritzak jakinarazi du familien kontziliazioari laguntzeko aurtengo aurrekontuetan aurreikusitako diru sailetik jadanik 15,7 milioi eurotik gora banatu direla. Denera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 8.500 familiak baino gehiagok eskuratu dituzte aurten kontziliaziorako laguntzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.