Txibitek dio Foru Berriari ez diola eragiten Konstituzionalaren epaiak

Ebazpenak «zapore gazi-gozoa» utzi dio Nafarroako Gobernuko lehendakariari, baina uste du ez duela eragin praktikorik. Adolfo Araizen ustez, auzitegiaren argudioak «larriak eta onartezinak» dira

Maria Txibite, irailaren 17an, Navarra Arenan egindako sari banaketa batean. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari zapore «gazi-gozoa» utzi dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Nafarroako Foru Berriari buruz irailaren 23an kaleratutako azken ebazpenak. Epai horrek zuzenbide zibileko lege eta arau bildumaren eduki gehiena babestu zuen. Zehazki, estatuak bere helegitean auzitan jarritako zortzi legeetatik bost berretsi zituen, baina gainerako hiruretan arrazoi eman zion. Foru Berrian zuzenbide zibileko 600 arau inguru biltzen direla kontuan harturik, atzo, Txibitek nabarmendu zuen «apenas» izango duela eraginik.

Iragan legealdi osoan Nafarroako Parlamentuak XXI. mendeko errealitatera eguneratu zuen zuzenbide zibileko arau eta lege bilduma, kasu gehienetan hizkuntza eta ikuspegia zaharkituta zeudelako —arau horietako asko frankismotik zeuden indarrean—. Zuzenbide zibileko atal guztiak ukitzen ditu: norbanakoak, jabegoa, familia ereduak, kontratuak, ezkontzak, ondorengotza... Foru Berria 2019ko martxoan onartu zen, aho batez eta txalo artean.

Haatik, estatuak bilduma horretako hemezortzi artikuluren gaineko helegitea jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean. Bi urteotan, Nafarroako Gobernuak akordioa lortu zuen Madrilekin, eta, horregatik, atzera bota zuen hamar lege artikuluren gaineko helegitea, baina eutsi egin zion gainerakoari. Hala, irailaren 23an etorri zen ebazpena, eta Konstituzionalak ez zituen onartu bilduma horretako hiru kontu.

Batetik, Foru Berriak proposatzen zuen zuzenbide zibileko arauen arteko gatazka sortuz gero estatu mailako legeen parekoa zela, eta Nafarroako edukiari erreparatu behar zitzaiola. Konstituzionalak ebatzi zuen gatazka juridikoak ebaztea estatuari dagokiola eta hor ezin dutela esku hartu legegile nafarrek.

Bigarrenik, Foru Berriak zehazten zuen etxebizitza saltzaileek jabego erregistro batetik bestera egin beharreko aldaketa ez zela izango «erosleen eskubidearen kalterako». Konstituzionalak argi utzi du erregistroen gaineko ordenamendua estatuaren eskumena dela. Azkenik, kredituen lagatzea edo hipoteka mailegu bati aurre egin ezinik banku bati etxea ordainean emateari buruzko araudia ezartzen zuen. Konstituzionalak adierazi du arau hori ezingo dela ezarri merkataritza harremanetan, eta finantza erakundeekiko erlazio hori ezin zuela arautu Nafarroak.

«Kontu teknikoak»

Epaia atera zenean, Javier Remirez presidenteordeak esan zuen «kontu teknikoen gainean» baino ez zuela ebatzi Konstituzionalak eta «Foru Berriaren %99,5» berretsi zuela. EH Bilduko Adolfo Araizi, ordea, «larriak» iruditu zaizkio Konstituzionalaren argudioak, eta horri buruzko azalpenak eskatu zizkion Maria Txibiteri atzo.

Parlamentuko kontrol saioan, lehendakariak Remirezen bide beretik jo zuen. «Praktikan, ez du eragin handirik izango foru zuzenbide zibila eraginkor aplikatzeko orduan, estatuaren oinarrizko araudia ezarrita emaitza berbera baita», arrazoitu zuen. Txibitek gaineratu zuen etxea ordainean emateari eta kreditua lagatzeari buruz arautzeko eskumena aitortua izan dela, «betiere Konstituzionalaren irakurketari egokituta»; hots, soilik harreman zibiletarako eta ez merkataritza arlorako. Azkenik, Txibitek azpimarratu zuen «okerragoa» izan zitekeela, hiru magistratuk emandako boto partikularrak Madrilen esku hartze handiagoa proposatzen baitzuten.

Araizek erantzun zion boto partikularrak aurrera atera ez izanak ez diola garrantzirik kentzen epaiak arrazoitutakoari. EH Bilduko parlamentariaren irudiko, epaiak balioa kentzen die 1978a baino lehen Nafarroak ezarritako araudiei eta haren izaera historikoari: «Hori larria iruditzen zaigu».

Berez, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak Nafarroako eskubide historikoak aitortzen baditu ere, Araizek salatu zuen praktikan hori ez dela bermatzen. Haren ikuspegitik, Konstituzionalak beste behin argi utzi du eskubide historiko horiek «esparru konstituzionalaren barruan» eguneratu behar direla: «Nafarroa foru erkidego da, bai, baina hori izen bat besterik ez da. Berez beste erkidegoen parekoa da». Araizen arabera, «onartezina da Nafarroa beste erkidegoekin parekatzea eta oharkabean uztea bere arau zibilak arautzeko eskumen historikoak dituela» .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.