Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Otegik Urkulluri leporatu dio hitza ez betetzea estatus berriaz

Gorrotxategik dio ezkerreko hiruko bat «aire freskoa» izango dela. Atutxak uste du PSEn «asko» direla ezkerreko koalizioaren aldekoak

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak astelehenean esan zuen hurrengo legealdian berriro heldu beharko zaiola estatus berriari buruzko eztabaidari, eta adierazpen horiei erantzun die Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak: «Euskal gizarteari iruzur egitea eta adarra jotzea da». Izan ere, Otegik gogoratu du Urkulluk 2012an esan zuela kontsulta bat egongo zela 2015ean, baina ez duela «hitza bete» eta, gainera, «muzin» egin diola joan den legealdian EH Bilduk eta EAJk autogobernu lantaldean lortutako akordioari. «Aski frogatuta geratu da Urkullu gai honetan ez dela hitzekoa eta ez dituela bere konpromisoak betetzen».

EH Bilduko koordinatzaileak deitoratu egin du EAJk PSE aukeratzea gobernurako bidelagun: «PSEren eskutik, bizikleta estatikoaren legealdia izan nahi du berriro Urkulluk, gauzak dauden moduan uzteko eta ezer ez konpontzeko». Otegiren ustez, ezinbestekoa da burujabetza lortzea, gizartea behar bezala babesteko: «Dena hemen erabaki nahi baldin badugu, hemen burujabeak izan behar dugu».

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak ere Urkulluri erantzun dio, hark ezkerreko hirukoa osatzearen aurka egindako kritiken harira. Gorrotxategiren ustez, «euskal eskuinak 40 urtez gobernatu eta gero», koalizio progresista bat eratzea «aire freskoa» izango litzateke. «Anakronikoa da, hain justu, 40 urte baino gehiago egotea Confebasken interesak lehenesten gehiengo sozialaren interesen gainetik». Hiruko gobernua egingarria dela uste du Gorrotxategik, eta aukera horrekin EAJ«urduri» dagoela dio.

EAJko BBBko buru Itxaso Atutxaren iritziz, berriz, sozialista «askok» begi onez ikusiko lukete EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin akordioa egitea, eta ziur da kanpainaurrean elkarri keinuak egin dizkiotela. «Beraiek [sozialistek] erabaki beharko dute, baina EAJrentzat garrantzitsuena da gehiengo nahikoa lortzea egonkortasuna izateko».

Bestetik, Equo Berdeak alderdiak ekitaldi sinbolikoa egin du San Joan bezperan, eta politika zaharra «erre» egin du. Joserra Becerra lehendakarigaiak esan du Equok «irtenbideak» emango dizkiola krisiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.