Arrazakeriarekin lotutako gorroto delituak, goraka

Aurreiritziak «desegiteko» deia egin du Erkorekak, islamari buruzko jardunaldi batzuetan. Diskurtsoa eta zigorrak uztartzea proposatu du

Erkoreka, Bilbon egindako jardunaldietan, atzo. BERRIA.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Gorrotoaren katea «errotik mozteko» eta aurreiritziak «desegiteko» deia egin du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Islamari buruzko aurreiritziak desegiten jardunaldiaren inaugurazioan. Erkorekak ziurtatu duenez, «Euskadin urtetik urtera» erregistratzen diren gorroto delituen arrazoi nagusia «arrazakeriarekin eta xenofobiarekin lotuta» dago: aurten, esaterako, lehenengo hamar hilabeteetan zazpi puntu baino gehiago ugaritu dira: %48,55etik %55,71ra. Musulmanen komunitatearekin lotutakoak ere igo dira, %25etik %32ra.

Erkorekaren arabera, mintegiaren izenburuak «iradokitzen» du «bizikidetza anitza eta integratzailea eraikitzeko» aurreiritziak «desmuntatu» behar direla. Adierazi duenez, aurreiritzia «ezjakintasunaren ondorioa da ia beti», baina «ezjakintasuna ez da beti kaltegabea», eta gorrotoak pertsona edo kolektibo baten aurkako «indarkeria erabiltzera bultza» dezake.

Gorroto delituak desagerrarazteko, botere publikoek «diskurtso eta zigorren estrategia uztartu» beharko luketela adierazi du Erkorekak. Horrekin batera, azaldu du botere publikoek hiru modutan erantzun dezaketela: «Horri aurre egiten dioten eta neutralizatzen duten beste diskurtso batzuekin, neurri zigortzaileekin edo diskurtso eta zigorren estrategia konbinatu batekin». Sailburuak nabarmendu du «gorroto diskurtsoa debekatzeak eta zigortzeak» ez duela esan nahi «adierazpen askatasuna kaltetzea», baina adierazpen askatasunak inoiz ezin duela «gorroto delitua estali».

«Jarrera inklusiboagoa»

Ikuspegi behatokiaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek gero eta jarrera «inklusiboagoa eta toleranteagoa» erakusten dute jatorri atzerritarra dutenekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.