Donostiako 67. Zinemaldia. Zabaltegi-Tabakalera. Maddi Barber. Zinema zuzendaria

«Itoizko urtegiaren kontraesanak gugana ekarri nahi ditu filmak»

'Urpean lurra' filma estreinatu du, Zabaltegi-Tabakalera sailean. Iazko zinemaldian aurkeztu zuen '592 metroz goiti'-n bezala, Itoizko urtegiak eragin arrastoa du langai honetan ere.

GORKA RUBIO / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
I-k kontatu zion lehen ametsa. «Hegan zihoan, arrano baten moduan, Gazteluko arroilatik. Bere azpian, dena lehen bezala zegoen: Artozki herria, ibaia, zelaiak, Usozko presa txikia, ur jauzia, peñón deitzen genion harkaitza, zubi zintzilikaria, errepidea, Itoitz herria...». Besteen ametsak etorri ziren gero: A-k urtegiaren presa birrintzeko ekintzekin egiten zuen amets maiz; N-ren ametsean olatu bat ageri zen, bidean zegoen guztia suntsitzen. 2004ko urtarrilaren 19tik aurrera Itoizko urtegiak (Nafarroa) urpean utzitako tokiak dira ametsotan agertzen direnak. Eta ametsok jaso dituen Maddi Barber (Lakabe, Nafarroa, 1988) zuzendariaren ametsa ere heldu zen.

Film honetan, bere ametsak kontatzen ditu jendeak. Zenbait, amesgaizto ere badira.

Denetarik dago, egia esan. Ametsak dira urtegia egin aurreko eremura bueltatzeko modu bakarra. Urak itzultzeko aukera ukatzen duenez, filma itzulera bide izatea nahi nuen. Batzuetan, ametsak gaiztoak dira, baina, besteetan, dolua egiteko modua ere bai. Ametsa zerbait indibiduala eta intimoa dela pentsatzen da askotan, baina, filma egiten ari nintzela, konturatu nintzen kolektiboak eta politikoak ere badirela; gertaera, toki eta momentu historiko batzuei sakonki lotuta daudela. Hori borrokarekin lotzea interesatzen zitzaidan, Itoizko urtegiaren kontrako borroka oso kolektiboa eta indartsua izan bazen ere badirudielako ordukoak eragindako tristezia edo dolua bakarka gainditu behar ditugula.

Zeure ametsa ere sartu duzu.

Filmatzen hasi nintzenean izan nuen amets hori. Oso berezia izan zen; filmarekin egin nahi nuena esan zidala iruditu zitzaidala uste dut. Urpean, denak lehen bezala segitzen zuela ikusi nuen, eta ederra zen, pirañak ziruditen arrainak ere agertu baziren ere. Kontraesanez betetako lekua da urtegi hori, eta filmak kontraesan horiek hartu eta gugana ekarri nahi ditu. Ur horietan egun dauden barboen habitata ere bada. Nola sentitu behar dugu inposatutako paisaia horrekin? Betiko haserre sentitu behar al dugu? Ez daukat erantzun zehatzik. Paisaiaren esplorazioaren bitartez proposatu ditut galderak.

Irudi historikoak aipatu dituzu: urtegiaren aurkako mobilizazioen eta ekintza zuzenen irudiak dira bigarren osagarri garrantzitsua zure lanean.

Artxibo irudiek leku ezagun eta gogor batera eramaten zaituzte, alde batetik, baina normalean moztuta ikusi izan ditugu irudiok, zatika, eta filmak denbora ematen die, daukaten testura eta tempoa errespetatuz. 140 zinta izan ditugu esku artean, 80 ordu baino gehiago. Itoizekiko Elkartasun taldearen bideo artxibo osoa da.

Bada momentu bat filmean, berezia oso, urtegiaren kontrako ekintza bat filmatzera joan, ortzadarra agertu, eta ortzadar horren edertasuna bideoz jasotzen saiatu zirenekoa.

Artxiboko irudietan momentu hori aurkitu genuenetik aurrera, asko aldatu zen filma. Momentu horrek erakutsi zigun artxiboa ez zela bakarrik borroka dokumentatzeko tresna bat; edertasuna filmatzeko ere erabili zuten inoiz, eta horrek bat egiten zuen nik buruan neukanproposamenarekin, gaur egungo urtegiaren bitasuna agertzekoa, inguruaren edertasunarekin eta estaltzen duen laztasunarekin.

Iaz hemen zinen, urtegiaren kota maximotik gorakoari buruzko 592 metroz goiti aurkezten. Aurten, urpekoari buruzko lan honekin zatoz. Asebeteta?

Oso gustura nago filmarekin, bai, pozik. Prozesu polita izan da, eta horrek balio dit. Hala ere, urduri ere banago erakustearekin-eta. Bi lanon prozesua diferentea izan da, biak banandu ezinak badira ere; batak bestearengandik edaten du. Urpean lurra sortzeko prozesua luzeagoa izan da. 592 metroz goiti filmatzeko, bi hilabete besterik ez nuen izan,eta entregatzeko, beste hilabete bat, master bukaerako lana zelako. Film honetan, bestelakoa izan da prozesua.

Zer desberdintasun nabarmenduko zenuke prozesu horretan?

Dirua bilatu ahal izan dut, hasteko. Neu naiz filmaren ekoizlea, eta denbora asko eman diot dirua biltzeko lanari; badira bi urte lan hau egiteko diru laguntza eskatu nuela. Aurrekoarekin baino denbora gehiago izan dut hau egiteko, beraz. Eta lankideak ere izan ditut, aurrekoan ez bezala, dirua lortu nuenez taldea ere osatu ahal izan nuelako. Film hau muntaian sortu da batez ere; hori nabarmenduko nuke. Mirari Etxabarrik, Gerard Ortinek eta nik neuk, elkarlanean, artxibo irudiak, paisaiak eta ametsak hartu, eta hiru osagaiok harremanetan nola sartu erabaki genuen. Hasteko, urpean dagoen eremutik kanpo filmatutako ekintzak eta irudiak ez sartzea erabaki genuen. Guretzat, eremuan bertan gertatutako ekintzak ziren funtsezkoak. Horregatik diot prozesu hau polita izan dela, taldean lan egin ahal izan dudalako. Emaitza ere aurrekoa baino luzeagoa da: 50 minutukoa. Hau bestea baino proposamen konplexuagoa dela uste dut.

Trilogia bat iragarri zenuen.

Bai, baina diptiko batean utziko dut. Oraingoz, ez dut gai honekin segituko. Nekatuta nago. Iraganarekin lan egitea, zure inguruko jendearentzat mingarria dena berrikustea, errepasatzea, polita ere bada, baina beste lan klase bati heldu nahi diot orain. Gogoa daukat jendearekin filma partekatzeko eta eztabaidatzeko, baina bestelako gauzak egiteko ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.