Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Geurean arrotz

Jose Mari Pastor -

2023ko martxoak 11

Sarako irakasle batek zailagoa du Oiartzunen euskaraz eskolak ematea erdaraz jardungo duen irakasle batek Tolosan aritzea baino. Zergatik? Euskaraz lan egiteko, erdararen maila gorena eskatzen zaiolako. Zergatik? Ofizialki frantsesa dugulako.

Euskalduna zigortu egiten dute Euskal Herrian. Horixe baieztatu du ELAk aste honetan egin duen salaketak: erdarazko maila altuena eskatzen zaio EAEn euskaraz aritu nahi duen Iparraldeko irakasleari. Erdaraz diharduenak, aldiz, euskara maila baxuagoa behar du. Diskriminazioa ez dator soilik Madrildik. Eusko Jaurlaritzak ere hala jokatzen du, sindikatuaren arabera.

Jaurlaritzak antolatutako lan deialdiak aztertu eta ondorioak plazaratu ditu ELAk: Gasteizek C2, maila «gorena», eskatzen dio euskara hutsez jardun beharko duen Iparraldeko jendeari —D ereduan lan egingo duten irakasleei, esaterako—. Erdaraz lan egingo dutenei eskatzen zaien euskara maila apalagoa da, baina: C1. Pello Igeregik, sindikatuaren ordezkariak, argi utzi du egoera zeinen larria den: «Hemen inposatzen dena gaztelania da».

Pasaporte espainiarra ez duten euskaldunak diskriminatzen ditu Eusko Jaurlaritzak. «Hendaiako irakasle batek, Euskal Filologia lizentziaduna izanagatik ere, gaztelaniaren maila gorena beharko du irakasle gisa jarduteko», azaldu du Igeregik. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako lagun batek C2 maila izan beharko du oposizioak gainditu ahal izateko —euskara hutsez jardungo badu ere—. Bestela, deus ez. Fini.

Zer dio Jaurlaritzak ELAren salaketari buruz? Zer argudio erabiliz defendatuko du euskaldun bati euskara hutsez jarduteko exijitzen zaion erdara maila erdaraz lan egiteko eskatutako euskara maila baino altuagoa izatea? Badakigu Espainiak erabaki eta ezartzen dituela gure joko arauak. Kasu honetan hala balitz ere, ez al zegoen beste biderik Ipar Euskal Herriko euskaldunak ez baztertzeko? Iparraldeko herritarrei espainierazko C1 maila ezin bazaie eskatu, ba al dago modurik euskara derrigorrezkoa den lanpostuetan erdaraz jarduteko euskarazko C2 eskatzeko?

Badirudi ezetz. Eta hori egiteko botere politikorik balego ere, zalantzazkoa da gure agintariek benetako borondaterik izango ote luketen. Betiko koplak: euskara goxo-goxo sustatu behar dugu; bake soziala behar dugu —orain euskaldunok bakean bizitzeko aukera izango bagenu bezala—, euskarak lagunak behar ditu, ez arerioak —ez ditu gutxi orain, galdetu geure epaileei—. Erdararen olatuek euskal itsaso barea ez harrotzeko edozer egiten dute gure agintariek. Helburua lortzeko ez du ematen Iparraldeko euskaldunak diskriminatzeak larregi kezkatzen dituenik. Euskal frantsesak dira horiek. Zer uste dute, ba? Ez daitezela sobera kexatu, tarteka gure sosak ere ematen dizkiegu eta. Eta inork ez gaitu hori egitera behartzen.

Beste alde batetik, kalapita ederra sortuko luke euskaraz zein erdaraz ari diren irakasleei beste hizkuntzan maila berdina eskatzeak. Zer ez lukete esango erdaraz aritzeko euskara maila gorena eskatuko litzaiekeen irakasleek! Edo hedabideek. Kaka ederra eman ziguten mendearen hasieran Bertendonako irakasleen inguruan piztu zen polemikagatik. Denbora luzea eta aukera ugari izan zituzten irakasle haiek hizkuntz eskakizuna lortzeko. Ingelesa ikasteko gai izan ziren batzuk. Euskara ez. Guri bai barre!

Arlo publikoan egoera halakoa bada, kontuak atera beste eremuetan. Udan Bilboko jatetxe batean izan nintzen. Inguruko taberna gehienek espainieraz eta ingelesez zituzten menuak —beste hizkuntza batzuetan zituenik ere bazen—. Jatetxe hartan euskaraz ere zuten karta, besteetan ez bezala. Oso leku ona da, baina hizkuntzaren hautuak eraman ninduen barrura. Ez nuen neurean neure burua arrotz sentitu nahi. Arduradunari azaldu nion. «Aberria egiten, ezta?», esan zidan. «Ez da aberria, errespetu kontua da», erantzun nion ahotsa altxatu gabe. Izan ere, han behintzat euskaraz irakurri ahal zituzten menuak Oiartzungo edo Tolosako euskaldunek. Sarakoek ere bai.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskara batuaren aldeko giza katea

Euskara batuaren aldeko giza katea egin dute 7.000 lagunek

Irati Urdalleta Lete - Jone Bastida Alzuru

Errenteria eta Donostia artean egin dute omenaldia, Euskaltzaindiak eta Ikastolak Herriari taldeak antolatuta; 8.226 metro luze izan da. «Eskerrik asko egunero euskara koloreztatzeagatik», esan dute ikasleek.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idakari nagusia eta Aizia Iribarren Kontseiluko lehendakaria eta AEK-ko koordinatzailea, gaur. ©Raul Bogajo / Foku

Euskararen aurkako erasoei aurre egiteko itun sozial eta politiko bat proposatu du Kontseiluak

Iraia Vieira Gil

Auzitegien «oldarraldiari» erantzuteko «biderik eraginkorrena» dela esan du Idurre Eskisabelek, eta aurreratu du elkarrizketak hasiko dituztela askotariko eragile sozial eta politikoekin.

EHUko Letren Fakultatean egin zuten EHUk antolatutako mahai ingurua, atzo. ©Raul Bogajo/ Foku

Trantsizioaren korapiloak aztergai

Edurne Begiristain

Energia berriztagarriei ertz askotatik heldu zioten atzo EHUko Ekopol taldeak antolatutako mahai inguruan. Trantsizio energetikoari buruzko desadostasunak azaleratu ziren.

EHUko Ekonomia ikasleak, Bilboko Sarrikoko fakultatean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ikasleek esan dute EHU dela Sarrikok hartutako erabakiaren erantzulea

Olatz Silva Rodrigo

Ekonomiako euskarazko ikasleei esan diete Gastu Publikoa ikasgaia gazteleraz egin beharko dutela. Hizkuntza urraketatzat jo dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...