Asko daukate esateko

Eusko Legebiltzarreko ordezkari gazteenetarikoak dira Eraitz Saez de Egilaz (EH Bildu), Joseba Diez (EAJ) eta Iñigo Martinez (Elkarrekin Podemos). Gogotsu heldu diote hasi berri den legealdiari, gauzak aldatzeko prest. Diotenez, euren helburua ez da politika instituzionala ogibide bilakatzea.

Iñigo Martinez, Joseba Diez eta Eraitz Saez de Egilaz, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Gazteria eta politika bi mundu erabat bereizi balira moduan hartzen dira. Uste zabaldua baita gazteek urrunetik bizi dutela politika. Arrotz zaiela. Interesik ez dutela. Kontrakoa erakutsi dute Eraitz Saez de Egilazek (Beasain, Gipuzkoa, 1996), Joseba Diezek (Araia, Araba, 1992) eta Iñigo Martinezek (Bilbo, 1987). Oso gaztetatik piztu zitzaien politikarako zaletasuna, eta gazte izanda egin dute Eusko Legebiltzarrerako jauzia. Hasi berri den legealdian, Gasteizko ganberako legebiltzarkide gazteenetarikoak dira hirurak.

Legebiltzarkide guztien artean, gazteena da Saez de Egilaz: 23 urte ditu, EH Bildukoa da, eta legealdi honetan estreinakoz sartu da legebiltzarrera. Diezek 27 urte ditu, EAJkoa da, eta iaztik dago ganberan Ana Oregik utzitako eserlekua bete zuen. Hiruren artean nagusiena da Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea: 33 urte ditu Martinezek, eta 29 zituela sartu zen aurrenekoz legebiltzarrera. Bigarren legealdia du hau. Gazteak izanagatik, ongi jantziak daude, eta ikasteko prest egon ez ezik,politikari eta legebiltzarreko jardunari zer eskainia ere badute. Mahai baten bueltan eseri ditu BERRIAk hiru legebiltzarkideak, gazteen eta politikaren arteko harremanaz eta Eusko Legebiltzarreko jardunaz aritzeko.

Politikaren inguruko kontzientzia oso gaztetan hartu zuten; horretan bat egin dute hirurek. «Txikitatik izan dut lotura politikarekin. Etxean beti esaten didate 6-7 urte nituenean marrazki bizidunak ikusi beharrean albistegiak ikusi nahi nituela», azaldu du Diezek. Gaztetan hasi ziren «militatzen»Saez de Egilaz eta Martinez, nor bere herrian eta esparruan. Ernai eta Ikasle Abertzaleak gazte mugimenduekin izan zuen lehen hartu-emana EH Bildukoak, eta hortik «modu naturalean» egin zuen salto EH Bildura, koalizioa izan duelako beti «erreferentzia politiko». Martinez, berriz, auzoko gaztetxean eta borroka ekologistetan ibilitakoa da, eta gazte komunistetan eta IU alderdian militatu ostean egin zuen legebiltzarrerako urratsa.

Solasaldia hasi orduko, lehen galderak eman du eztabaidarako parada: «Hain gazte izanda, nolatan egin duzue legebiltzarrerako jauzia?». Askotan entzun behar izan dute itauna, hirurek onartu dutenez. «Behin eta berriz» egin izan diote galdera hori Saez de Egilazi, EH Bilduren zerrendetan agertu zenetik bertatik. Erantzun argirik ez du oraindik, baina:«Neure buruari egin nion lehen galdera horixe bera izan zen: zertara noa ni legebiltzarrera? Zer eskaini dezaket? Erakundeak zer eskain diezaieke nire bizitza pertsonalari eta kolektiboari? Nola aldatuko ditut gauzak hemendik? Oraindik ez dakit».

Gazteek politikaren inguruko interesa duten seinale da haien moduko legebiltzarkide gazteak bertan egotea, Diezen arabera. Eskertua dago alderdiari, «aukera» eman diolako bere ekarpena egiteko eta kaleko kezkak ganberara eramateko, eta uste du poztekoa dela legebiltzarrean adin guztietako pertsonei lekua ematea. Ikuspegi kritikoagoa erakutsi du Martinezek: «Adierazgarria da azken urteotan gero eta gazte gehiago egotea politikan, baina horrek ez du esan nahi gazteok politika instituzionalean parte hartzen dugunik». Oinarrizko gabezia bat ikusten dio ganberari: «Oso itxia eta zaharkituta dagofuntzionamenduan eta arauetan». Eta horrek zaildu egiten du kaleari pultsua behar bezala hartzea eta gazteei benetako parte-hartze mekanismoak bermatzea.

Gaztea eta ordezkari politikoa izatearen zama hori aldean eraman behar dute hiru legebiltzarkideek. «Kalean entzun behar izaten dut oso gaztea naizela hemen egoteko, ea zer meritu egin ditudan...», kexu da Diez. Antzerakoa da Saez de Egilazek bizi behar izan duena: «Zerrendetan agertu nintzenetik, bandera gisa hartu dut neska gazte delakoaren betekizuna». Berak onartu du hasi berria dela instituzioetan, politikan ibilbidea oraintxe abiatuko duela, eta zenbait eremutan esperientzia faltako zaiola. «Desabantaila izan daiteke hori». Ez diotela erraz jarriko ohartarazi dio Martinezek, bere hastapenak gogoan hartuta: «Hasieran markaje handia egiten dizute, batez ere legebiltzarkide gizon nagusiek».

Hirurak, baina, bat datoz hausnarketa batean: gazte kondizioa ez da bateraezina politika instituzionalean aritzearekin. Eta beraiek gaitasuna eta gogoa erruz dute. «Guk politikaz hitz egingo dugu, politika egitera etorri gara eta», azpimarratu du Saez de Egilazek. «Badaukagu ibilbide bat atzean, lan mundukoa ez ezik, baita kalekoa, herrikoa edo gizarte mugimenduekin egindakoa ere», erantsi du Diazek.

Politika egitea eta politika instituzionala egitea. Horretaz ere badago zer eztabaidatu eta hausnartu, hiru legebiltzarkideek agerian utzi dutenez. «Niretzat politika instituzionala eta politika banaezinak dira», argitu du EH Bildukoak. Iritzi berekoa da Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea: «Ez dut desberdintzen politika instituzionala eta soziala». Baina gehiegizko instituzionalizazio politikoak ez al dizkio politika egiteko aukerak gutxitzen gizarteari, eta bereziki gazteei? Ez al dago distantzia handiegirik herritarren eta legebiltzarraren moduko instituzio baten artean?Baiezkoan daude Elkarrekin Podemos eta EH Bilduko legebiltzarkideak. Kritiko mintzo da Saez de Egilaz: «Kalean bizi duguna eta herritarrok egunero bizi duguna ez datoz bat hemen transmititzen eta ikusten denarekin». Ados dago Martinez: «Sistema aldatu nahi dugunontzat pareta baten kontra jotzea bezala da legebiltzarra».

Eusko Legebiltzarraren burokrazia aipatu du Saez de Egilazek, gogaituta: «Espero nuena topatu dut hemen: paperak, klabeak alde guztietatik, funtzionamendua ulertzeko zailtasuna... Hemen apenas pasatzen den denbora». Aitortu du legeak zehazten duenaren araberako jardunak eta zurruntasunak «ezinegona» eragiten dizkiola, eta beldur dela ez ote den oztopo bilakatuko eraldaketa instituzionala eta soziala aurrera eramateko. Gogoeta horrekin bat egin arren, ñabardura bat egin du Martinezek: «Legebiltzarrean gauzak aldatzea baino askoz garrantzitsuagoa da gizartearen pentsamoldean eta egiteko moduetan eragitea».

Legebiltzarrean, noiz arte?

Denbora gutxi daramate legebiltzarrean, baina euren asmoa ez da politika instituzionala ogibide bilakatzea. «Ez dut nire bizitza osoa hemen ikusten; besteak beste, ez delako onargarria», dio Diazek. Zorrotzago mintzatu da Saez de Egilaz, kritikatuz legebiltzarrean badirela hamarkadak daramatzaten politikariak. Izenik ez du aipatu, baina Joseba Egibar jeltzaleaz ari da: «Badago parlamentari bat Sobietar Batasuna zegoenetik hemen dabilena. Uste dut politika instituzionala ezin daitekeela hartu bizimodu gisa ikuspuntu klientelista batetik». Alderdikidearen alde atera da, jarraian, Diez, politikari «prestigioa» kentzeko arriskuaz ohartarazita: «Arriskutsua da politika pribilegio gisa erakustea. Urte asko daramatzaten pertsonek esperientzia badute, eta haien jakinduria baliagarria izan daiteke, ez bakarrik erakundearentzat, baita gizarte osoarentzat ere». Arazoaren muina «politika ulertzeko moduan» dagoela erantzun dio Saez de Egilazek. Eta berriro jarri du mahai gainean politika eta politika instituzionalaren arteko harremana: «Politika ez badugu ulertzen politika instituzional hutsa balitz bezala, eraman dezagun metatutako jakintza eta esperientzia hori beste eremu batzuetara».

Epe mugak eta barne kontrolak jartzearen alde agertu da Martinez. Uste du alderdien eta erakundeen barruan «kontrol demokratikoak» ezartzea funtsezkoa dela ordezkari politikoak kargu batean betikotu ez daitezen, eta azaldu du Elkarrekin Podemosen ezarria dutela muga hori: gehienez bi legealdi jarraian izan daitezke legebiltzarkide, eta, hirugarren legealdi baterako, militantziaren babes zabala behar dute. «Inor ez da nahitaezkoa, inon ez. Ibilbide luzea dutenen esperientzia beste toki batzuetan ere baliagarri izan daiteke». Instituzioentzat eta norbanakoarentzat «osasungarri» da hori, Martinezen iritziz.

Gizartearen isla?

Eusko Legebiltzarrean jardun arren, instituzioaren funtzioaz zeharo ikuspegi ezberdina dute hiru legebiltzarkideek. Azkenengo bozetako abstentzio handiari heldu, eta ordezkari politikoen zilegitasuna zalantzan jarri du Saez de Egilazek: «Gu ordezkari publikoak gara, baina ez dugu herritarren gehiengoa ordezkatzen. Herriaren zati batek botoa eman izanak ez digu zilegitasuna ematen herria garela esateko, ez baikara herria». Abstentzioari garrantzia kendu gabe, bestelako iritzia eman du Martinezek: «Arriskutsua da esatea ez garela herriaren ordezkari. Gizartearen erdia ordezkatzen dugu, eta horixe da daukagun zilegitasuna».

Eztabaidarako atea are gehiago zabaldu du EH Bildukoak esan duenean gizartearen sektore ugari ez daudela islatuta legebiltzarrean. Autokritika eskatu du:«Izan gaitezen zintzoak: gure herrietan ikusten dugun errealitate sozioekonomiko hori ez dago hemen islatuta. Gu oso ongi bizi gara lau pareten artean, eta hemendik kanpo jendea ez da hain ongi bizi». Erakundearen jardunak herritarren kezka eta nahiekin batera aritu behar duela gehitu du Diezek, baina argi utzita Eusko Legebiltzarrean aritzeak berez ez dakarrela errealitatetik urruntzea. «Nik ez dut nire bizitza lau pareta hauen arten egiten, eta kalean ikusten dudana hona ekartzeko asmoa dut».

Emakumeak dira gizartearen erdia, eta ganberan gehiago dira andrazkoak gizonezkoak baino: 38 emakume eta 37 gizon. Datuak, bere hotzean, ez dio apartekorik esaten Saez de Egilazi. «Kuantitatiboki zenbat garen, horrek ez dit hainbeste axola. Kontua da erabakitzeko prozesuak nola diseinatzen diren eta emakumeok horietan parte hartzeko aukera errealak ditugun ala ez». Ideia berbera nabarmendu du Martinezek, eta esan du berdintasuna gobernantzan txertatzea dela erronka nagusia: «Aurrerapausoak eman dira, baina egiturazkoak behar dute aldaketek».Diezi ere «oso esanguratsua» iruditu zaio emakume kopuruari erreparatzea: «Benetako berdintasuna lortuko dugu datu horri begiratzeari uzten diogunean. Bitartean, badugu bidea egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.