Udal eta foru hauteskundeak. Hego Euskal Herria

EAJk behera egin du nabarmen, eta EH Bilduk hazkunde handia izan du

UPNk irabazi du Nafarroan, baina PSNk eskura du 2019ko gobernua egitea. EH Bildu lehen indarra da Gasteizen eta Gipuzkoan. Voxek hiru ordezkari lortu ditu

EAJk behera egin du nabarmen, eta EH Bilduk hazkunde handia izan du.
Edurne Begiristain.
2023ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko mapa politikoa itxuraldatu egin dute atzoko udal eta foru hauteskundeek, eta ondorio argi bat utzi dute: EH Bilduk hazkunde adierazgarria izan du instituzio guztietan, eta EAJk, berriz, behera egin du nabarmen, eta hegemoniko izateari utzi dio. EAJren beherakada azpimarragarria izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, botoetan eta eserlekuetan. EH Bildu lehen indarra izan da Gasteizko Udalean, eserlekuetan ia berdinduta dago EAJrekin Donostian —bakarrera gelditu da— eta bigarren indarra da Iruñean UPNren atzetik, zortzi zinegotzirekin, eta Joseba Asironek aginte makila eskura dezake indar aurrerakoien babesa lortzen badu. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere nagusitasun handiz irabazi du eta bost eserleku atera dizkio EAJri, eta Bilbon bigarren indarra da, lau eserlekutik seira igarota. Nafarroan ere, EH Bilduk eserleku bat irabazi du, eta giltza izango da gobernu aurrerakoia erdiesteko.

Ikusi gehiago:Emaitza guztiak ikusi

Emaitzen lehen balorazioa egin zuen Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariak. Adierazi zuen abstentzioak kalte egin diola EAJri, eta herritarrek «abisu larria» eman dietela eta aintzat hartuko dutela. Emaitzekin pozarren agertu zen Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia: «Ziklo aldaketa baten lehen urratsa egin da», adierazi zuen.

Nafarroan, eskuinaren zatiketak erabat baldintzatu ditu emaitzak. UPN alderdi bozkatuena izan da Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan, baina PPrekin eta Voxekin elkartuta ere (21), gehiengo osotik urrun geratu da. Espero izatekoa zen UPNk bakarka Navarra Suma koalizioan baino boto gutxiago lortuko zituela, baina alderdi erregionalista bere kabuz aurkeztu denean baino emaitza dezente kaskarragoak ere lortu ditu Javier Esparzak: UPN bakarka aurkeztu zen azken aldian (2015), 15 eserleku lortu zituen eta 92.705 boto, eta PPk, aldiz, 2 parlamentari eta 13.289 boto. Atzo, berriz, UPNk 85.800 boto inguru eta 15 eserleku lortu zituen, eta PPk 22.300 boto inguru eta hiru eserleku.

PSNk ongi eutsi dio erronkari. Madrilgo eta Iruñeko gobernuetan agintea izateak mesede egin dio, eta ez du boterearen higadura nabaritu, 11 eserlekuri eutsi baitio. Maria Txibite gobernuari eusteko gai izan daiteke, Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin akordioa lortuta, baina EH Bildu giltza izango da. Galtzaile nagusiak: Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa. Uxue Barkosen alderdiak bi eserleku galdu ditu, eta Ahal Dugu eta Ezker Batuaren espazioa ordezkatu duen Zurekin Nafarroa koalizioak hiru eserleku izan ditu —bat gutxiago—.

EAJren beherakada

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, kolpe handia jaso du EAJk. Jeltzaleak lehen indarra izan dira Bilbon eta Donostian eta Arabako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan, baina, oro har, atzera egin dute botoetan eta botere instituzionala galdu du. 2019ko emaitzekin alderatuta, 80.000 boto inguru galdu dituzte, eta 2011tik udal hauteskundeetan izandako emaitzarik kaskarrenak erdietsi. Balantzaren beste aldean EH Bildu: duela lau urteko bozekin alderatuta, 20.000 boto inguru irabazi ditu, bere historiako emaitzarik onenak lortuta: 365.000 boto baino gehiago. 334.000 botoetan zegoen koalizioaren sabaia—2011ko azaroan—.

PPk duela lau urteko emaitzak hobetzea lortu du, eta botoetan eta eserlekuetan gora egin du ia denetan. PSE-EEk eutsi egin dio eta 2019an lortutako antzeko emaitzak izan ditu. EP-IUk, berriz, behera egin du. Voxek ordezkaritza izango du, gutxienez, bi parlamentutan: Nafarroako Parlamentuan —bi ordezkari iango ditu—eta Arabako Batzar Nagusietan—eserleku bat—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.