Tortura. NBEren txostena

5.379 kasu: karpeta irekia NBEn

NBEko Torturaren Aurkako Batzordeak Espainiari gomendatu dio Euskal Herriko torturak ikertzeko. Iratxe Urizar abokatuak garrantzia eman dio txostenari: «Estatuaren teilatuan jarri dute pilota»

Torturatutako ehunka herritarrek egindako ekitaldia, otsailean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon olano
2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Komiteak ostegunean onartu zuen Espainiako Estatuari buruzko txostena. Hamalau orrialdeko dokumentu bat da, eta, horretan, tortura salaketen inguruan egiten den ikerketaren atalean, berariaz aipatzen ditu Kriminologiaren Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren enkarguz eginiko txostenak eta hartan jasotako 5.379 tortura lekukotasunak: «1960 eta 2014 bitartean Euskadin eta Nafarroan ustez tortura eta tratu txarrak jasan zituztenen 5.379 lekukotasun dokumentatuei buruzko ikerketan ireki ez den informazioari dagokionez, batzordeak [estatuko] ordezkarien erantzunak hartzen ditu kontuan; horien arabera, lurralde agintariek testigantza horien berri dute». Hori baino gehiago nabarmentzen dira, ordea, batzordeak Euskal Herriko torturen arloan Espainiari jarritako etxeko lanak: «Beharrezko neurriak hartzea, berma dadin modu eraginkorrean ikertzen direla Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako agintariei emandako lekukotasun dokumentatu ugarietan aipatzen diren ustezko torturak eta tratu txarrak, eta batzordeari ikerketen emaitzen berri ematea».

Ikusi gehiago:«Mugarri txiki bat da, bidea ezartzen baitigu aitortza izateko»

Aipamen jakin horretaz gain, batzordeak zenbait gomendio ere egin dizkio Espainiari. Adibidez, legedia molda dezala tortura mota oro debekatzeko, Torturaren Aurkako Itunaren lehen artikuluak jasotakoarekin bat egiteko moduan, eta lege aldaketa horrek ezar ditzala tortura kasuengatik jarri beharreko zigorrak «delituaren larritasunaren arabera». Gainera, batzordeak uste du tortura delituak «ezin preskribatuzkoa» izan behar duela, erantzuleak ez daitezen «zigorrik gabe» gelditu. Bestalde, inkomunikazio erregimena bertan behera uzteko ere eskatu dio, atxilotuak bermatuak izan ditzan eskubide guztiak.

Azkenik, batzordeak ontzat jotzen badu ere Espainiako Kongresuak iaz Memoria Demokratikoaren Legea onartu izana, kexu agertu da arauak ez dizkiolako oztopoak kendu iraganeko giza eskubideen urraketak ikertzeari, eta Espainiako 1977ko Amnistia Legea indarrean egoteari egotzi dio hori. Ildo horretan, batzordeak Espainiako Estatuari aholkatu dio neurriak har ditzala torturen eta desagertze behartuen kasuak ez daitezen zigorrik gabe geratu amnistiaren edo preskripzioaren bidez, eta, preseski, eskatu dio azter dezala 1977ko legea bertan behera uzteko aukera. «Ebazpen erabakigarria torturaren aurkako borrokan», idatzi zuen Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, txostena zabaldu berritan.

«Aurrerapauso handia»

Zergatik da garrantzitsua txostena? Zer ibilbide egin dezake? Nolabaiteko aitortza da, edo bide eman diezaioke aitortzari? Espainia behartzen du? Iratxe Urizar abokatuak eraman du gaia Torturaren Aurkako Komitera, eta, haren arabera, lehenengo balorazioa «oso ona» da: «Orain arte, torturaren salaketaren arloan geratzen ginen; Torturaren Aurkako Komitea oso gogorra izan da beti, baina nahikoa era abstraktuan». Orain, baina, txosten bat aurkeztu dute lehen aldiz, Kriminologiaren Euskal Institutuak eginikoa: «Istanbulgo Protokoloa pasatu duten 5.379 pertsona dauzkagu, eta Espainiako Gobernuak ez du ezer esan. Ez du inongo adierazpenik egin, ez du esan ikerketarik zabalduko duenik». Kopurua eta Kriminologiaren Euskal Institutuaren dokumentuak txostenean jasota, gainera, «baliagarritasun eta sinesgarritasun osoa eman diote».

Torturaren Aurkako Ituna sinatua duten estatuei egin ohi zaien azterketa da batzordeak eginikoa, aztertzeko ea, legeria gorabehera, estatuen praktikak bat datozen itunarekin. Prozedura azaldu du Urizarrek; elkarrizketa bat izan zen txostena ondu aurretik. Lehenik, NBEko ordezkariak elkarteekin bildu ziren uztailaren 18an, aurrez aurkeztutako agiriei buruzko zalantzak argitzeko, eta bi egun geroago, Espainiako ordezkaritzarekin batzartu ziren, galderak egiteko. Bigarrenei «behin eta berriz» galdetu zieten Kriminologiaren Euskal Institutuaren txostenen inguruan: «Ez zuten erantzunik jaso. Hasiera-hasieratik, oso interesatuak zeuden». 21ean, berriz, Espainiako ordezkariek beren erantzunak eman zituzten.

Exijentziari dagokionez ere beste koska bat igo dela antzeman du Urizarrek: inkomunikazioaren kasuan, auzia ez da hainbeste izan inkomunikazio aldia gehiago edo gutxiago aplikatzen den, baizik eta aurrerantzean ere aplikatzeko arriskua dagoela. Urizarrek uste du batzordeak «modu orokorragoan» planteatu izan dituela inkomunikazioari buruzko eskakizunak orain arte, baina oraingoan «oso modu zehatzean» sartu dela. «Beste batzuetan, haserrea adierazi dute, gauza batzuk eskatu eta horiek ez direlako aldatu, baina. oraingoan. muinean sartu dira. Aurrerapauso handia ikusten dugu». Urizarrek gertatutakoaren aitortzaren ikuspegitik ikusten du jauzia, bereziki.

Hurrengoa, 2027an

Orain, batzordea Espainiaren erantzunaren zain geratuko da, eta, lau urte barru, berriro egingo diote azterketa; orduan, batzordeak ebatziko du Espainiak zenbateraino bete dituen oraingo aholkuak. «Egia da NBEren gomendioak ez direla Estrasburgoko epaien parekoak, nahiz eta ikusi dugun Xabier Atristainen kasuan zer egin duten, baina honek badu garrantzia, eta oso inportantea da aitortzari dagokionez. Estatuaren teilatuan jarri dute pilota». Hala ere, «argi dago halako txosten batek oihartzuna duela Nazio Batuen esparruan», Urizarrek nabarmendu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.