Koronabirusa

Zaurgarrienak, zaurgarriago

Pandemiak emakume eta gizonen arteko desberdintasunak sakondu dituela ondorioztatu du Emakunderen txosten batek. Egoera hobetzeko gomendioak eman dizkie erakundeei

Emakume bat oinez Donostian, erosketen poltsak eskuetan, joan den apirilean. GORKA RUBIO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakume eta gizonen arteko desberdintasunak pandemia garaian nola aldatu diren ikertu du Emakundek Berdintasuna pandemia garaian txostenean. Eta, hain justu, ondorioztatu du ez dagoela berdintasunik: are, ezberdintasunak handitu egin direla azaleratu du ikerlanak. «Krisi honek ez du eragin bera izan pertsona guztiengan: kalte handiagoak izaten ari da eta izango ditu aurretik zaurgarritasun handiagoko egoeran zeuden pertsonengan». Eta horien artean dira emakumeak.

Bertzeak bertze, osasuna, ordaindu gabeko zaintza lanak, enplegua, indarkeria matxista, bazterkeria eta parte hartzea aztertu ditu Emakundek txostenean, eta nabarmendu du arlo horietan guztietan daudela balantzaren azpian emakumeak: «Genero desberdinkeriak azaltzen du talde horien artean emakumeek eta neskek diskriminazioa eta indarkeria jasateko eta beren eskubideak urratzeko arrisku handiagoa dutela».

Desberdintasun horiek ikusirik, mezu argia bidali die erakundeei Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak: «Premiazkoa da genero ikuspegia txertatzen duten neurriak hartzea». Gomendioak egin dituzte, atalez atal.

OSASUNA
Esposizio handiagoa


Koronabirusarekin kutsaturiko hamar lagunetik sei emakumeak izan dira; txostenaren arabera,eritasunarekiko esposizio handiagoa daukatelako andreek: hamar osasun langiletik zortzi emakumeak dira, baita adinekoen egoitzetako hamar langiletik zortzi ere. Pandemian zehar izandako gainkargaren eta estresaren ondorioz lau emakumetik batek lo egiteko arazoak dituela azaldu du Emakundek, halaber, eta, oro har, osasun emozionalean gehiago eragin diela emakumeei pandemiak.

Gaixotasunak ezberdin eragin die emakume eta gizonei: hilgarritasun tasa, erraterako, handiagoa izan da gizonen artean. Emakundek ohartarazi du genero ikuspegia garrantzitsua dela gaixotasunak ikertzerako garaian. Izan ere, sintoma ezberdinak garatu dituzte gizon eta emakumeek: gizonek joera handiagoa izan dute pneumonia garatzeko, eta emakumeek, aldiz, beherakoa eta gorakoa izan dituzte gehiago, txostenaren arabera.

ZAINTZA LANAK
Karga, emakumeei


Konfinamenduan zaintza eremu publiko ugari bertan behera gelditzeak —erraterako, eskolak— emakumeei eragin die bereziki: «Zaintza berriro ere familiaren ardura bilakatzeak eragin asimetrikoa izan du, eta bereziki emakumeei eragin die», azaldu du. Hala, emakumeak ibili dira gehiago haurrei eskolako lanekin laguntzen edota menpekotasuna duten pertsonak zaintzen. Berdintasuneranzko aldaketa ere gertatu da zenbait kasutan: «Gizonek lehen egiten ez zituzten lanak egiteko asmo handiagoa erakutsi dute». Baina Emakundek nabarmendu du horrek ez duela orekatu balantza: «Banaketaren aldaketa ez dago familietan kudeatu behar izan den lan kargaren igoerarekin alderatzerik».

Telelanaren arriskuez ohartarazi du Emakundek, emakumeek gehiago egin baitiote uko soldatapeko lanari, «familiako ongizatearen izenean»; eta aurrerantzean ere hori gertatzeko arriskua dagoela abisu eman dute, zaintza beharrak areagotu daitezkeelako.

ENPLEGUA
Prekarioak, prekarioago


Enpleguan ere lehendik zeuden desberdintasunak areagotu direla nabarmendu du Emakundek. Alde batetik, emakumeak nagusi ziren jarduera «ikusezinak» funtsezko bilakatu dira. «Paradoxikoki, lanpostu horietako askok prestigio baxua zuten eta baldintza prekarizatuak». Emakumeak nagusi diren bertze sektore batzuetan, berriz, lana galdu dute emakume anitzek, turismoari, txikizkako merkataritzari eta ostalaritzari loturiko sektoreetan, batik bat: «Aldi baterako edo behin betiko lana galtzeko aukera gehiago dituzte».

Txostenak aipamen berezia egin die etxeko langileei, eta ohartarazi du horietako askok lantokian konfinatu behar izan dutela. Emakundek kalkulatzen du, gainera, emakume horietatik gutxienez erdiek ez dutela jasoko dagokien prestazioa, «egoera irregularrean egoteagatik».

BORTXA ETA BAZTERKETA
Arrisku handiagoa


Indarkeria matxistako salaketak ez dira areagotu, baina Emakundek dio horrek ez duela erran nahi ez direnik kasuak ugaritu: Eusko Jaurlaritzak biktimen arretarako jarritako telefonoan, kontsultak %10,5 igo dira. Emakundek gogoratu du, halaber, aurrez baztertuago zeuden emakumeek arrisku handiagoa dutela pobrezia eta bazterketa jasateko: adinekoek, gaixotasunak eta elbarritasunak dituztenek, prostituzioan ari direnek, migratzaileek, etxegabeek eta familia gurasobakarreko buruek, erraterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.