Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Test azkarrak

2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Pandemia hasi zenetik, SARS-CoV-2 koronabirus berria atzemateko test diagnostikoetan eboluzio oso azkarra nabarmendu da. Mikroorganismoak detektatzeko bi modu daude; batetik, proba zuzenek mikroorganismoa edo hark duen zatiren bat atzematen dute (esate baterako, hazkuntza, genoma, antigenoa); bestetik, zeharkako probek gizakiak mikroorganismo horren kontra sortzen duen erantzun immunea detektatzen dute.

Hasieran, SARS-CoV-2aren kasuan, genoma detektatzen duten PCR probak ezagutu eta martxan jarri izan ziren. Izatez, hori da oraingoz erreferentzia teknika, hau da, lehen mailan erabiltzen dena, haren sentikortasun eta espezifikotasun altuagatik.

Proba diagnostikoen garapen horretan, antigorputzen teknikak ere ezagunak dira. Horiek gai dira pertsona batek birusaren kontra sortutako antigorputzak atzemateko, bai IgM motakoak (gaixotasunaren hasieran sortzen direnak eta infekzio akutuaren adierazleak) zein IgG motakoak (beranduago agertzen direnak eta sendaketaren adierazleak direnak).

Osasunaren Mundu Erakundeak pandemiaren larrialdi egoeran erabilpen azkarra izateko probak garatzea aholkatu du, bereziki osasun arazo larriak dituzten herrialdeen merkatuan azkar erabili ahal izateko.

Azkenaldi honetan, diagnostikorako enpresek burua hautsi dute proba azkar hori bilatzeko. Horien barnean, antigenoaren detekzioa da azkenekoa. Horretan, koronabirusak geruzan duen proteina bat atzematen da. Egun merkatuan dauden antigenoen proba horiek birus kantitate altua izan duten pertsonetan probatu dira, eta agertu duten fidagarritasuna oso ona izan da. Baina kutsatua dagoen pertsonak birus kantitate txikia badu, negatibo faltsuak eman ditzake batzuetan; proba horren muga bat da hori. Antigenoen testek sintomak hasi diren egunaren inguruan detektatzen dute birusa.

Antigenoen proba horiei point of care deitzen zaie, pazientea dagoen lekuan eta unean egin ahal direlako. Test horien abantailen artean daude oso azkarrak direla (emaitza 15-20 minutuan), merkeak (5 euro inguru) eta PCRak baino errazagoak egiteko. Gainera, ez dute behar laborategi berezirik ezta inolako makinarik ere emaitza ikusi ahal izateko.

Proba horietan erabiltzen den lagina sudurretik hartzen da, baina beste garapen ildo bat da hartzeko deserosoa den lagin nasofaringeoen ordez listua erabiltzea.

Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroak ezarri du udazken eta negu honetako gripe garaian arnasbideetako infekzio-sintomak dituzten pazienteei SARS-CoV-2-aren testa eta gripearen testa egin behar zaizkiela. Gainera, hoberena litzateke plataforma berean egotea koronabirusaren eta gripearen antigenoen detekziorako testak. Modu horretan, lehen mailako arretan, larrialdi zerbitzuetan edo adineko egoitzetan erabili ahalko litzateke aldi berean bi gaixotasun horiek atzemateko modu oso azkarrean.

Diagnostiko mikrobiologikoko teknika azkarrak erabiltzeak onura dakarkio pazienteari, isolamendu neurriak eta osasun publikoko neurriak ahalik eta azkarren hartzeko aukera ematen baitu, eta horrek COVID-19aren kontrola hobetzen lagunduko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.