Berriztagarriekin mantenduz

Etxetresna elektrikoen ingurumen inpaktua apaltzeko aukerarik onena zein den ikertu du EHUko ikertalde batek. Energia berriztagarriak erabiltzea gomendatu dute.

Hainbat etxetresna elektrikorekin esperimentatu dute. EHU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Etxetresna elektrikoak berritu edo zaharrei eutsi? Benetan ekologikoak al dira eskaintzen dituzten Renove planak? Nola apaldu etxetresna elektrikoen ingurumen inpaktua? Ez dira jendeak bere buruari maiz egiten dizkion galderak, baina egunerokoan eragina izan dezakete. Horregatik, ikertalde batek galdera horiei guztiei erantzun die. Ondorioztatu dutenez, etxetresna elektrikoetan energia berriztagarriak erabiltzeak atzeratu egingo luke horiek ingurumen arrazoiengatik aldatzeko beharra; 30 urte inguru bete arte, gutxi gorabehera.

Sustainable Production and Consumption aldizkari zientifikoan argitaratu duten artikuluak etxetresna elektrikoen bizi balioa eta kontsumo ezaugarriak aztertu ditu. Lankidetzan aritu dira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Zirkularreko Masterreko Life Cycle Thinking Group eta Ekopol taldea, eta oraintsu argitaratu dituzte ikerketaren ondorio nagusiak.

Mikrouhin labearen eta ontzi eta arropa garbigailuen CO2 kutsaduraren inpaktua aztertu dute ikerketan. Martxan daudenean duten inpaktua ez ezik, kontuan hartu dute bizi ziklo osoan duten ingurumen inpaktua ere. «Etxetresna elektriko zaharrak energia berriztagarriekin erabiltzen baditugu, ez genituzke hain azkar aldatu behar: 34 urte arte arropa garbigailuaren kasuan, 26 urte arte ontzi garbigailuaren kasuan, eta 30 urte arte mikrouhin labearen kasuan», azaldu du Ortzi Akizu-Gardoki EHUko Life Cycle Thinking Group taldeko ikertzaileak. Ikerketan parte hartu duten ikertzaileetako bat da Akizu-Gardoki.

Etxetresna elektrikoek kontsumitzen duten energiaz hitz egiten denean, askotan ez da kontuan hartzen fabrikatzeko orduan izan duen energia eta ingurumen inpaktua. Duela gutxi arte ez da hori neurtzeko modurik izan, baina, orain, badago aukera hori neurtzeko. Horren harira, Akizu-Gardokik azaldu du objektu baten ingurumen inpaktua zein den neurtzeko garrantzitsua dela bizi ziklo guztia aztertzea: «Frogatu dugu etxetresna elektrikoak fabrikatzerako orduan oso handia dela ingurumen inpaktua. Beraz, pertsona batek arrazoi asko eman ditzake etxetresna elektriko bat aldatzeko, baina ezin du argudiatu ingurumen inpaktua apaltzeko dela».

Oraindik gehiago egin daiteke, gainera. Akizu-Gardokik uste du Renove planak bultzatzeko jendeari ematen zaion diru publikoa ez dela etxetresna elektriko berri bat erosteko erabili behar: «Energia berriztagarria ekoizten duen konpainia elektriko batera aldatzen laguntzeko balio behar luke diru publikoak». Horregatik, hain zuzen, ikertzaileak beharrezkoa ikusten du estrategia aldatzea. Hori gertatuko balitz, «etxetresna elektrikoen ingurumen inpaktua» apalduko litzateke, batik bat. «Ikerketaren emaitzak argiak dira: garrantzitsuena energia berriztagarrien alde egitea da», gaineratu du ikertzaileak.

Halaber, egia da beti ezin dela dena konpondu, eta litekeena da etxetresna elektrikoak denborarekin apurtzea, bai zaharkitze programatuagatik, bai beste arrazoi batengatik. «Zientziak ez dauka horretarako erantzunik», esan du Akizu-Gardokik. Hala eta guztiz ere, etxetresna elektrikoa konpontzeko aukerarik badago, «hobe da konpontzea beste bat erostea baino». Ideia horri ondorengoa gehitu dio, gainera: «Etxetresna elektrikoa mantentzeak bakarrik ez du balio, energia berriztagarrien erabilerarekin osatu behar da. Urte batzuk barru, energia berriztagarriz bakarrik hornitzen garenean, agian beste aukera bat egongo da».

Ikertzen jarraituko dute

Jendeak, Renove plana aprobetxatuz, urte gutxiren buruan aldatzen ditu etxetresna elektrikoak; «kontsumitzera ohitu baikara», ziurtatu du Akizu-Gardokik. Haren ustez, ordea, hori ez da konponbidea, eta are gutxiago klima larrialdiari aurre egiteko: «Klima larrialdiaren arazoa kontsumoa bada, kontsumoa ezin daiteke horren konponbidea izan». Horrez gain, gizartearen egungo kontsumo eredua gorabehera, klima krisiaren aurkako borrokan erakunde bakoitzak bere erantzukizuna duela uste du ikertzaileak. Haren hitzetan, «ikertzen jarraitzea dagokio» unibertsitateari.

Orain arteko formularen antzekoa izango da hurrengo ikerketetan erabiliko dutena. Aplikatu duten metodoa beste objektu batzuetan aplika daitekeelako, hala nola autoetan eta etxeetan.

Gogo eta motibazioa handia du Akizu-Gardokik metodo hori beste objektu batzuetan aplikatzeko. Kontziente da oraindik bide luzea dutela aurretik: «Askotariko sektoreetan ikertzen jarraitu nahi dugu Ekonomia Zirkularreko Masterreko taldekide guztiok».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.