PSNk arnasa eman dio Navarra Sumari

Eskuineko koalizioaren lege proposamena onartu dute, PSNri esker. Alzorrizek arrazoitu du hasierako testutik zigor neurriak kendu dituztela. Geroa Baik «koldarkeriaz» jokatzea egotzi die sozialistei

IñIGO URIZ / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
«Pozten naiz kontent zaudelako». Ironiaz, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak ohar hori egin zion bere harmailatik Navarra Sumako Javier Esparzari, hark bere hitzaldia amaitu ostean. Legealdi hasieran bakarrik geratzera eta sumin tonua erabiltzera ohituta dago Esparza, baina, atzo, Esparzak pozarren ospatu zuen Ikurren Legea aurrera atera izana. «Egun handia da, Nafarroak Ikurren Legea izango duelako berriro; albiste handia da». Horretarako, ezinbestekoa izan zen PSN, bat egin baitzuen eskuineko koalizioarekin. «Baiezkoa eman diogu Nafarroako ikurrak duintzen dituen lege bati», arrazoitu zuen Ramon Alzorriz sozialistak. Aldeko boto horrekin, arnasa eman diote Navarra Sumari, eta legealdiko lehen garaipena oparitu.

Izan ere, iragan legealdian amaitutzat eman zen eztabaida berpiztu dute sozialistek, eta, era berean, eskuineko koalizioak marraztutako esparru politikoan sartu dira. Aurreko legealdian, laukoak 2003ko foru legea indargabetu zuen, hamabost urtez UPNk sinboloen arloan bultzatutako jazarpenari amaiera emanez. Legerik gabe, bi urteotan Foru Hobekuntza hartu da aintzat sinboloak erabiltzeko orduan, normaltasunez.

Haatik, legealdia hastearekin batera, eskuineko koalizioak ikurren lege proposamena aurkeztu zuen. Proposamenak Nafarroako hiru sinbolo nagusien erabilera arautzen du. Lehen testu hark zigor erregimen gogorra proposatzen zuen, ikur ez-ofizialak erabiltzen zituzten udal eta erakundeen aurka. Urrian, proposamen hura atzera botatzeko aukera izan zuenean, PSNk bide eman zion egitasmoari. Atzo, Geroa Baiko Uxue Barkosek gogorarazi zuen «hauteskundeak ate joka» zirelako ahalbidetu zuela.

Lau hilabete geroago, batzordeetako tramitazioan, zigor erregimena kendu egin dute taldeek. Atzo, osoko bilkuran, eztabaida hasi baino ordu erdi lehenago, Navarra Sumak eta PSNk ahozko bi zuzenketa aurkeztu zituzten.

Norbere posizioa azaltzeko orduan, Javier Esparzak gogorarazi zuen 2003ko legearen helburu bera izan dutela kontuan: «Bertako ikurrak duintzeko eta udaletan ikurrina jartzea eragozteko onartu genuen legea, eta, orain, Navarra Sumak asmo berarekin jarraitzen du. Legeak bete egin behar dira». Haren irudiko, euskal nazionalismoa «betidanik identitateen arteko gatazka» sortzen saiatu da, eta «banderen arteko gerra bultzatu du». Haren ustez, iragan legealdian laukoak foru legea indargabetu zuen talde abertzaleen erabaki politiko baten ondorioz, «udaletan ikurrina jar zedin». Esparzaren arabera, neurri hori irauli nahi izan dute.

PSNko Ramon Alzorrizek erdian kokatu nahi izan zuen bere burua, identitatearen monopolioa bereganatu nahi duen eskuinaren eta Nafarroako ikurrak gutxiesten dituen euskal nazionalismoaren artean: «PSN ez da aldatu, bere norabideari tinko eutsi dio eta hala jarraituko du». Alzorrizek nabarmendu zuen zigor neurriak kentzea lortu dutela, «inoren aurka joan dadin eragozteko asmoz». Esparzaren aipuei erreferentzia eginez, esan zuen ez zela egun handia, baina bai egun ona Nafarroako sinboloentzat. «Ikurrak defenditzeko ez da beharrezkoa bandera batean biltzea edo armarriaren tatuajea egitea».

Alzorrizek hori esan arren, Uxue Barkos Geroa Baiko eledunaren ustez, PSN bandera handi batean bildu da hurrengo astean 2020ko aurrekontuak norekin onartuko dituen estaltzeko. Barkosen arabera, sozialistek «koldarkeriaz» jokatu dute, «etsipenean eroria den eskuinaren doinuan dantza eginez». Geroa Baikoaren ustez, Esparzak arrazoiak ditu pozik egoteko. «Usaintzen du gaztatxoen Nafarroa gertuago dela». Barkosek ohartarazi zuen Geroa Baik lan egingo duela hori eragozteko.

Salbamendu ontzia

EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, PSN salbamendu ontzi batean etorri da Navarra Sumari laguntzera. Araizen ustez, uda honetan, «Geroa Baik ez du ondo lotu» atal hori akordio programatikoan, eta «ahal bezain azkar, PSNk ihes egin die». Araizen iritziz, sozialistak eskuinaren tranpan erori dira, Navarra Sumak beste ikurren erabilera «debekatu besterik ez baitu nahi». EH Bilduren ustez, gehiengo zabalak dituzten udaletan ikurrina jartzea nahi badute, «demokratikoki» hori babestu beharko litzateke, zigortu gabe.

Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarezek Navarra Sumari iradoki zion indar berarekin defenditu ditzala Nafarroara transferitzeko eskumenak. Ezkerrako Marisa de Simonen irudiko, Ikurren Legeak ez du «ezertarako» balio. «Sinboloak arautzea beharrezko al da? Ez. Begiratu besterik ez dago parlamentu honetan hiru ikur ofizialak jada badaudela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.