D ereduan ere, euskaraz nekez

Hezkuntza legearen inguruko eztabaidak auzitan jarri du ereduen sistema. EAEko Eskola Kontseiluak 2017 eta 2019 bitartean egindako azterketaren arabera, DBH2n, sare publikoko A ereduan, %98,4k ez dute oinarrizko mailarik euskaraz. D ereduan, berriz, ikasle gehien jasotzen dituen ereduan, hamarretik lauk.

D ereduan ere, euskaraz nekez.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
A, b eta d. Hiru letra soil dirudite, baina askoz gehiago dira hezkuntzan. Bat edo bestea aukeratu, euskaraz jakitea uka dakioke ume bati edo erabat segregatuta dagoen ikastetxe batean ikasarazi. Sare publikoko D eredua da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasle gehien jasotzen dituena, Eskola Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ISEI Irakats Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak 2017 eta 2019 bitartean egindako azterketaren arabera. Hauxe datua, euskarari dagokionez: %41,3k ez dute euskarazko oinarrizko maila Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Hau da, hamarretik lauk ez dute eskuratzen euskarazko erreferentziazko maila (B2). Sare publikoko A eredua —gaztelera hutsezkoa, euskara irakasgai duena—, dago mutur batean: %98,4k ez dute oinarrizko mailarik euskaraz. Itunpeko D eredua, bestean: ikasleek 14 urte dauzkatenean, %31k ez dute oinarrizko maila; gainerakoek menderatzen dute.

Egun, A, B —erdia euskaraz eta erdia gazteleraz— eta D —euskara hutsean, gaztelera irakasgai izanda— eredua daude aukeran Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.1983-1984ko ikasturtean abiatu zuten sistema, eta bilakaera handia izan du. Euskarazko eredua erabat zabaldu da: lehen, ikasleen %16 hartzen zituen; orain, berriz, ia %65. A ereduak, berriz, ikasleen %75 hartzen zituen; 38 urteko ibilbidea egin ondoren, ikasleen %17 daude orain eredu horretan.

Eusko Legebiltzarrean lantzen ari diren hezkuntza legearen harira hauspotu da ereduen gaineko eztabaida, besteak beste. Hezkuntza eragile nagusiek euskarazko eredu orokortua eskatu dute; Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako lehen zirriborroak, berriz, euskara ardatz duen eredu eleaniztuna proposatu du.

Datuek erakusten dutenez, gero eta gehiago dira euskarazko ereduaren alde egiten dutenak, baina, urteak pasatu ahala, sistemaren ezinak ere agerian geratzen ari dira: eskolatuak euskalduntzeko eta aniztasunari erantzuteko zailtasunak daude. EAEko Eskola Kontseiluak eredu bakoitzaren azterketa sakona egin zuen Euskadiko hezkuntza sistemaren egoerari buruzko txostena 2017-2019 dokumentuan, ISEIk ebaluazio diagnostikoko azterketetatik ateratako datuak, Hezkuntza Ikuskaritzarenak eta Eustat estatistika institutuarenak hartuta. Ondorioak: sare publikoko A eta B ereduan biltzen dira baldintza sozioekonomiko okerrenak dituzten ikasleak, euskaraz ez dakitenen seme-alabak, eta migratzaileak. Emaitza akademiko kaskarrenak ere eredu horietan erdiesten dituzte: sare publikoko A ereduan, DBH2ko 25 ikasleko gela batean, zazpik lortzen dute irakasgai guztiak gainditzea, eta B eredukoan, bederatzik.

ISEIren datuen arabera, bada aldea euskarari dagozkion emaitzetan ere: D eredu publikoko DBH2ko ikasleen %41,3k hasierako maila zuten euskaran 2017an, eta, itunpeko D ereduan, %31k;alegia, derrigorrezko eskolatzea bukatzeko bi urte falta dituztenean, euskara nagusi den eskolaratze ereduan ere hasierako maila duten guztiek ez dute lortzen erreferentziazko euskara maila (B2). Gainera, 2010etik atzerakada sumatzen da: orduan, publikoko %25ek eta itunpekoko %18,2k zuten hasierako maila. Hauxe 2017 eta 2019 bitartean egindako azterketa sakonaren argazkia:

SARE PUBLIKOKO A EREDUA

Datuen argitara, gainbeheran dagoen eredua da: 186.500 ikasle inguru zituen indarrean jarri zenean, 1983-1984ko ikasturtean; eta 33.000 eskas 2017-2018koan. Hau da, ikasleen %82 galdu ditu. Gero eta guraso gutxiagok aukeratzen dute: 417 ikasle ari dira eredu horretan Haur Hezkuntzan, eta 1.171 Lehen Hezkuntzan.

Ezaugarri jakin batzuk dituzten ikasleak elkartzen ditu. Egoera sozioekonomiko txarrenean daudenak: DBH2ko ikasleen %77k ISEK indize sozioekonomiko eta kultural apala zuten 2017an. Halaber, %65,2 Espainiako Estatutik kanpokoak dira jatorriz.

Ikasleen emaitzak ere gainerako ereduetan baino kaskarragoak dira: 2017-2018ko ikasturtean, DBH2ko ikasleen %32,6k errepikatu egin zuten; hau da, 25eko gela batean, zortzik ez zuten maila igaro. Arlo jakinei erreparatuta, haiek lortzen dituzte emaitzarik txarrenak euskaran: %98,4k hasierako maila dute DBH2n. Eta, datuen arabera, baita gazteleran eta matematikan ere: DBH2n, erdiek hasierako maila dute matematikan, eta %37,4k gaztelanian.

ITUNPEKO A EREDUA

Indarra galtzen ari zen, baina, azken urteetan, moteldu egin da jaitsiera. Halere, 1983-1984tik ia 123.000 ikasle galdu ditu: sistemaren %33,9 zen lehen, eta %8,4 orain.

Gainerakoan, A eredu publikoaren antipodetan dago. Batez ere, ISEK handiko ikasleak eskolatzen ditu, eta etorkinak sare publikoan baino gutxiago dira: DBH2n, %11,8.

Oro har, emaitzarik onenetakoak lortzen dituzte: DBH2ko hamar ikasletik zazpik irakasgai guztiak gainditzen dituzte. Matematikan eta gazteleran ere, emaitza onak: %8,8k dute hasierako maila gazteleran, eta %14,2k matematikan. Ez, ordea, euskaran: derrigorrezko ikasketak bukatzeko bi urte falta dituztenean, hamar ikasletik zortzik ez dute eskuratzen gutxiengo maila.

SARE PUBLIKOKO B EREDUA

A eredu publikoaren itxura hartzen ari da pixkanaka, bai kantitatez, bai ikasleen ezaugarriei dagokienez. 1989-1990ean, 41.000 ikasle pasatxo izatera iritsi zen, baina %71 galdu ditu. Azkenaldian 11.000 ikasleren bueltan egonkortuta dago, eta sistemaren %3,1 da. Are apalagoa da haren pisua Haur Hezkuntzan: ikasleen %1,8 ari dira eredu honetan.

Ezaugarriei dagokienez ere, A eredu publikoaren trazakoa da. Ikasleen batez besteko ISEKa apala da, eta egoera horretan daude DBH2ko ikasleen %56. Etorkin gehien hartzen dituzten ereduetako bat da, A eredu publikoarekin batera: DBH2koen %30 etorkinak ziren 2017an.

Horrek isla du emaitzetan: %37,2k gainditzen dituzte irakasgai guztiak, eta lautik batek ikasturtea errepikatu behar izaten du; alegia, 25 ikasleko gela batean, seik.

Euskarari dagokionez,DBH2ko gazteen %78k hasierako maila dute. Gainerako irakasgaietan dituzten ezinak ere bistakoak dira: datuen arabera, %23,9k hasierako maila dute gaztelanian, eta %36,7k matematikan.

ITUNPEKO B EREDUA

Asko hazi zen eredu bat da, azken urteetan egonkor eusten diona. Itunpeko sareko hiru ikasletik ia bat hartzen du.

Askotariko ikasleak eskolaratzen dira eredu honetan: DBH2ko ikasleek batez beste ISEK ertain-handia dute, eta maila horretako ikasleen %9,4 migratzaileak dira.

Itunpeko A eredukoen antzeko emaitzak erdiesten dituzte: hamar ikasletik zazpik irakasgai guztiak gainditzen dituzte, eta hamarretik bederatzi hurrengo ikasturtera igarotzen dira. Gaztelaniarako eta matematikarako ez dute aparteko zailtasunik: %11,8k dute hasierako maila gazteleran, eta %14k matematikan. Euskaran, ordea, herren egiten dute: DBH2n, %57,6k hasierako maila dute.

SARE PUBLIKOKO D EREDUA

Goraldi handiena izan duen eredua da: %3tik %41era pasatu da. Nagusi da sare publikoan: eskola publikoetara joaten diren hamar ikasletik ia zortzi hartzen ditu.

Askotariko ikasleak jasotzen ditu: DBH2n, batez besteko ISEKa ertain-handia da, eta ikasleen %6,2 etorkinak dira.

Sare publikoaren barruan, emaitzarik onenak eredu honetako ikasleenak dira. DBH2n, ikasleen %65,1ek irakasgai guztiak gainditzen dituzte, eta %11,9k errepikatzen dute. Irakasgai jakinetara jota, oro har ondo aritzen dira gazteleran eta matematikan—ikasleen %14,6k dute hasierako maila lehenengoan, eta %18,6k bigarrenean—, eta euskaraz ondoen moldatzen direnak dira, itunpeko D eredukoen atzetik: halere, %41,3k hasierako maila daukate DBH2n.

ITUNPEKO D EREDUA

Eredu hau ere goraldian dago. Publifikazio prozesua zela medio, 1993-1994ko ikasturtean 18.000 ikasle galdu zituen, baina bestelako joera du harrezkero: hezkuntza sistemaren %23,9 eta itunpeko sarearen %50,4 da.

Oro har, maila sozioekonomiko handia duen eredua da: DBH2ko ikasleek batez beste ISEK altua dute. Eta ikasgeletan migratzaileen ehuneko txikiena dute: DBH2n, %3,4 dira.

Eta eredu honetako ikasleenak dira emaitzarik onenak: hamarretik zortzik irakasgai guztiak gainditzen dituzte DBH2n, eta %4,3k errepikatzen dute ikasturtea.

Irakasgai jakinetara jota ere, emaitzarik onenetakoak dituztela erakusten dute datuek: %10,5ek dute hasierako maila gazteleran, eta %9,8k matematikan. Euskaraz ere eredu honetako ikasleak moldatzen dira ondoen. ISEIren arabera, hau da datua: 14 urte dauzkatenean, %31k euskarazko hasierako maila du. Hamarretik zazpik gainditzen dute B2 maila, horrenbestez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.