«Berak eman dio buelta». Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile orokorra (Elgoibar, Gipuzkoa, 1958) Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiaz ari da; Espainiako hauteskunde kanpainan jokatu duen rolaz. Pasatu dira bi bozketa, eta, horiek utzitako arrastoaz gain, aurrerantzean egin beharrekoez gogoetatu da.
2020an, EH Bilduk 25.000 boto gehiago lortu zituen; maiatzean, 27.000 gehiago; eta, orain, 56.000 gehiago. Zeintzuk dira gakoak?
Batetik, uste dut goranzko joera egiturazkoa dela, sendoa dela. Kanpainan zirimiria eta marea aipatu nituen; nik nahiago dut hazkundea poliki sustraitu. Bigarrenik, ziklo politiko berri baterako oinarriak jartzen ari dira Euskal Herrian. Gero eta jende gehiagok egiten du bat gure idealekin, gure konpromisoekin, gure politika egiteko erarekin. Politika beste era batera egiten ari gara. Printzipioekin koherente jokatzen dugu.
Zer dago EAJren beherakadaren atzean?
Inor gutxik daki nolako ondorio psikosozialak eta politikoak utzi dituen pandemiak. Osakidetzaren krisia, Ertzaintzaren arazoa, irakaskuntzan egon direnak... Bi mito erori dira.
Zeintzuk?
Batetik, kudeaketa bikainarena. Jendeak ez du horretan sinisten, egunerokoan bizi duelako: jendeak badaki Osakidetzan ordua hartzean zenbat denbora pasatzen den; hori ez da disimulatzen eztabaida politikoan. Horrek ekarri du jende askok errealitatea ikustea.
Bestea?
Badago neke bat betikoek betikoekin betiko akordioak egiteaz betikoa egiteko. Jendeak aldaketa bat nahi du. Hirugarrenik, garaituezinaren mitoa ere erori zaie. Jendeak ikusi du posible dela. Anomalia demokratiko bat zegoen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: batzuek pentsatu izan dute beti irabazteko jaio direla. EAJk arazo bat du: ez da ongi irakurtzen ari zer gertatzen ari den. Jendartea aldatu egin da.
Hor kokatzen duzu Espainiako etxebizitza legearen helegitea?
Noraeza adierazten du. Horrek gehiago sakontzen du jendearen senak dioenaren eta egiten denaren arteko aldean.
EH Bilduk gora egin duen arren, gobernatu ezinik geratu da Gasteizen eta Gipuzkoan. Baduzue bakartuta geratzearen kezka?
Epe motzera, ez. Guretzat, gertaera politiko nagusia izan da EAJ eta PSE kapaz izan direla PPrekin aliantza bat egiteko, ezker independentista kentzeko irabazi duen instituzioetan. Horren atzean ez dugu ikusten ez estrategia abertzalerik, ezta estrategia sozialistarik ere, lan salbaziorako itun bat baizik. Norbaitek azaldu beharko du zer logika abertzalerekin egiten den.
Beraz, kezkarik ez aliantzekin?
Kezkagarria izan zitekeen; sektore herritar batzuek pentsa dezakete gu garela aukerarik onena, baina inhabilitatuta gaudela, besteek gure kontrako estrategia bat daukatelako. Ez dut arrisku hori ikusten epe labur edo ertainera.
Eta luzera begira?
Luzera begira, egon zitekeen. Baina konbentzituta nago askoz lehenago aldatuko direla herri honetako aliantzak. Zentzu batean edo bestean. Herri honen pluraltasuna onartzen bada eta bere interesak onartzen badira, garbi dago egungo aliantza politikak ez direla zentzudunak herri honetarako.
Epe horri zenbaki bat jarriko zenioke?
Ez dakit, baina legealdi honetan gerta daiteke hori.
PSOE Madrilen, PSN Nafarroako Gobernuan… EH Bilduk babestu bai, baina kontrako bidean, ez.
Politikagintza konbentzionaletik harago doan proiektu politiko bat izan nahi dugu. Oso garbi daukagu lehenik aberria dagoela eta gero alderdia; hori printzipio bat da. Esaten denean eskuina gratis et amore gelditzen dugula, ez da hala: eskuina gobernu batean egotea jendearentzat kaltegarria da. Gu jendearen interesak defendatzeko gaude. Asiron alkate ez izateak kalte egiten dio EH Bilduri? Hori ez da inportantea; kalte egiten die Iruñean bizi direnei.
Ikusi gehiago:«Nire anbizioa da joaten naizenean herri hau hobeto egotea»
Espero duzu Espainiako hauteskundeak errepikatzea?
Ez nuke nahi, baina aukera bat da. Dadoak berriz botatzeak arriskuak ditu. Euskal Herriak zera erabaki du: horiekin, ez. Mandatu herritarra hori da: horiek ezin dute egon Espainiako Gobernuan. Horretarako, erabaki du bi boto baliagarri zeudela gehienbat: PSE-PSNrena eta EH Bildurena. Nik agindutako hori beteko dut. Aberri ikuspegitik, gure herriak eskatu digu horiek gelditzeko. Errespetu osoz diot: Kataluniak antzeko zerbait esan du. Arduraz jokatu behar dugu.
PPk eta Voxek gehiengoa izan balute, EH Bildu prest zegoen jokaleku horretarako?
Bizpahiru eszenatoki genituen, eta geure burua prest genuen guztietarako. Funtsean, gauza bertsuak egin beharko genituzke batean edo bestean: aliantza ahalik eta zabalenak egin behar dira; lehenik Euskal Herrian, gero estaturik gabeko nazioetako independentistekin, eta hirugarrenik PSOEren ezkerrera dauden ezkerreko sektoreekin. Jarraitzen dugu pentsatzen hori egin behar dela, gutxieneko programa baten inguruan. Horrek balioko luke kasu batean eusteko eta beste batean aurrera egiteko.
Beraz, aurrera egiteko?
Zorionez, badirudi bloke erreakzionariorik gabeko eszenatoki batean gaudela, eta hori oso positiboa da; ez EH Bildurentzat, herri honentzat baizik. Horrek ahalbidetuko du urrats gehiago egitea.
Oldarraldi erreakzionarioa badago, adibidez, euskararen kontra, botere judizialean. Politikoki, nola erantzun dakioke?
Eskuinak hauteskundeak galtzen dituenean, berdin du. Epaitegietatik gobernatzen du. Beren buruari aitortu diote Espainia salbatzearen misioa. Hortik dator euskararen aurkako erasoa. Nola da posible hamabi pertsonak Madrilen erabakitzea gure udaletan nola hitz egin behar dugun? Estrategia eraginkor bat behar da: egiturazko eskubideek ezin dute behin-behinekoak izaten jarraitu.
Hiru lan ildo zenituzten Madrilen: espetxe politika, arlo sozialak eta auzi nazionala. Zein da balorazioa?
Esan genuen arazo nazionalari beste irtenbide demokratiko bat eman behar zaiola. Horretan ez dugu ezer aurreratu, besteak beste, ez dugulako uste alderdi batek estatuarekin negoziatuta eman diezaiokeenik irtenbidea arazo nazionalari. Lehenik, Euskal Herrian jarri behar dugu ados, noraino heldu nahi dugun, zeintzuk diren edukiak. Ondoren joango gara estatuarekin hitz egitera. Hori da bidea datozen urteetan.
Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan geldirik dago gaia, ordea.
Saiatuko gara Euskal Herrian adostasun bat lortzen, nahi duten guztiekin. Herri honek sekulako erronkak ditu, erronka nazional bat du. Zuhurtziaz, pazientziaz, sosegu osoz, baina auzi nazionala mahai gainean jarri behar da.
Nola?
Premisa bat dugu: lehenik euskaldunok ados jarri behar dugu gure artean. Koiuntura historiko honetan, zer egin nahi dugu herri gisa? Tourrean ikusi dugu herri bat. Nola erantzuten diogu herri nahi horri? Uste dut horretan ariko garela denbora batean, badaramagu denbora. Zarata gutxi eta lan asko behar da. Aukerak egon daitezke bederen Euskal Herrian akordio bat erdiesteko. Ariketa hori egin behar da; nazio ikuspegitik, nazio arazoei irtenbide bat ematea.
Baduzue interlokuziorik EAJrekin arlo horretan?
Bai, mundu guztiarekin hitz egiten dugu. Herri gisa egin behar da hausnarketa. EAJk badaki gu irekita gaudela ibilbide burujabe bat egiteko. PSOEk eta Podemosek badakite politika sozial aurrerakoiak egiteko prestutasun osoa dugula. Gai izango bagina denon artean nazio ikuspegi batetik akordio anbiziotsu bat erdiesteko? Nazioa izaera eta erabakitzeko eskubidea onartzen dena. Esploratu behar da.
Adostasun horren bila ikusten dituzu gainerako alderdiak?
Indar batzuek egituratzen dute herri hau; lehiatu behar gara, proiektu ezberdinak garelako, baina kolaboratu egin behar dugu. Dauzkagun erronkei ezin dielako alderdi batek erantzun. Guk horri estatu itunak esan diogu, eta uste dugu Euskal Herriak estatu itunak behar dituela.
Auzi nazionala agenda instituzionaletik kanpo egonda hazi da EH Bildu. Arriskua izan dezake bertan goxo geratzeko?
Botoak esparru abertzaletik datozkigu. Jendeak uste du PSOEren ezkerrean dagoen esparrutik igotzen garela. Hortik etorri dira, baina gehiago EAJtik. Jendeak beste formula batzuk behar ditu. Argi dugu arazo nazionalari irtenbidea eman behar zaiola. Independentistak gara. Azken urteetan Madrilgo fokua oso indartsua izan da. Hori ongi dago. Problema ez da Madrilen egiten dena, hemen egiten ez dena baizik. Hor daukagu arazoa.
Eztabaida autozentratu behar da?
Gatazka nazionala mahai gainean jartzen ez den bitartean, ematen du Madrildik etortzen direla soluziobideak. Soluzio batzuk etor daitezke arlo sozialean, dinamika parlamentarioaren bidez, baina egiturazko arazoa mantentzen dugu: herri ez aitortua, zatitua gara, eta gatazka politiko bat daukagu estatuarekin. Jendeak badaki independentistak garela. Norbaitek uste du proiektu nazionala alboratuko dugula? Ez gaitu ezagutzen, guk proiektu nazional baten ardatzaren pean egiten dugu proiektu politiko integral bat.
Alor sozialean, zer egiteko izango du EH Bilduk datozen lau urteetan Madrilen?
Beren programa bete dezatela. Injustuak izango ginateke esango bagenu gobernu honek ez dituela gauzak egin arlo sozialean. Egin ditu. Anbizio handiagoa eskatzen diogu. Inplizituki, planteatu behar dugu jendearen eskubideak ase beharko lituzketen politika publikoak indartzea, edo, gutxienez, babes juridikoa ematea.
Zein esparrutan?
Zaintza izugarrizko ardura da. Greba feminista dator. Hori ardatz ona da, erdigunean jarri behar da, eta uste dugu estatuko gobernuak ahalbidetu ditzakeela gauza asko arlo horretan. Baina politika publiko horiek hemen ere egin daitezke.
Espetxe politikan?
Legeria aplikatzea. Horrela, askok kalean beharko lukete.
Arnaldo Otegi. EH Bilduko koordinatzaile orokorra
«Luze gabe, herri honetako aliantzak aldatu egingo dira»
Espainian abiatuko den legealdian auzi nazionala «sosegu osoz» mahaigaineratzearen alde dago Otegi, baina etxeko lanak jarri dizkie euskal alderdiei: «Lehenik, ados jarri behar dugu gure artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu