Albistea entzun

Publikotasuna birdefinitzeko ahots berrien beharra

Odei Guirado Irasuegi - Ikastolen hezkuntza sareko langilea

2022ko abenduak 8

Bada tarte bat Hezkuntza Lege berri baten ilusio eta mehatxuak aldebitik aldaroka jarri duela hezkuntza-komunitatea. Elkar-ulertze saiakera izan da hezkuntza ituna sinatu zutenen nahia, edo, behintzat, 1993an Buesa legearekin irekiak geratu ziren zauriak ixtea eta aro berri bat zabaltzea. Halarik ere, lehenengo Onarpen Dekretuaren zirriborroa mahai gainean, horrek, herritarrenak diren hezkuntza alternatibak ezerezean uzteko ahalegina dirudi. Alabaina, hori ez da idatzi honen bidez erdigunean jarri nahi dudana. Artikulu honen helburuak bi dira: publikotasunaren kontzeptua auzitan jartzea, eta, halaber, pertsona oro (gazteenetatik helduenetara) auzi horren parte hartzaile izateko eta sentitzeko bidea zabaltzea, herritik sortutako ikastola eredua dagoelako jokoan, besteak beste.

Gertatzen ari denaren gaineko kuriositatearen eta ezinegonaren falta nabari dut (hezkuntza komunitateko profil konkretu batetik harago), gertatu zen horren inguruko jakin-minarena, eta, egia esan, iruditzen zait gaia ez dela herriratu dagokion dimentsioarekin; ezezagutza handia dagoela esango nuke, eta horrek nire ezinegonak kezka bihurtu ditu. Izan ere, etorkizun hurbileko eta ez hain hurbileko haurrak eskolaratuak izango diren EAEko hezkuntza sareaz ari gara hitz egiten —ez euskal eskolarena, ez Euskal Herriarena, baina bai horri eragingo diona—. Zergatik, bada? Informazio falta agian? Edo ulertzen ez den informazio gehiegi? Izan daiteke.

Horregatik guztiagatik idatzi ditut lerro hauek. Herritar eta hezkuntza komunitateko langile gisa egoerak sorrarazten didan ezinegonagatik, eta, orobat, hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztioi (ikasle, irakasle, gazte, heldu, guraso, politikari...) dagokigun eztabaida eremu askotarikoagoetatik abiatu beharra dugula uste dudalako. Hau da, behetik eraiki eta zuzendutako herri eztabaidari ekin behar diogula pentsatzen dut.

Hezkuntza Lege berriaren inguruan irakurtzen bada, oro har, askotariko iritziak topatzen ditugu, besteak beste: elitistak, segregatzaileak, euskaldunak, ez hain euskaldunak eta espainolak bezalako ezaugarritzeak. Eta finean, adostasuna ezinezkoa egiten duen afera ia bakarra da: Euskal Herriarena edo estatuaren administrazioarena izango den eskola eta ikastolen titulartasuna. Interes batzuen hitzetan, publikoaren edo pribatuaren arazoa da erdigunean dagoena. Baina, zer da publikoa? Zer da pribatua? Dikotomia horren baitan ederki zatituta gaituzte. Hori dela eta, hain justu, behar dira ahots berriak. Haiekin batera pentsatu, hausnartu, eta ikuspegi kritikoarekin Euskal Herriko publikotasun hori definitzen lagunduko dutenak.

Euskal Herrian ezin dugu publikoa nazio-estatuek definituta duten gisan ulertu (ikus EHUko irakasle talde batek BERRIAn argitaratutako Ikastolen ekarpena artikulua). Izan ere, horregatik sortu ziren AEK, euskara sustatzeko askotariko aisialdi elkarteak eta ekimenak, eta abar eta abar; tartean, baita guztionak diren ikastolak ere. Alegia, herri honek bidea egin behar izan du administrazioak eskaintzen dituen aukeretatik harago. Euskal Herrian gai izan gara, nazio-estatuen gainetik, herri-nazioaren ikuspegi berri bat definitzeko. Gai izan gara, euskarak bizirauteko bakarrik ez, inon ez bezala desagertzear zegoen hizkuntza bat biziberritzeko. Gai izan gara, bai, alternatibak eraikiz; zergatik ez gara, bada, gai izango orain?

Ez dezatela batzuen interesetatik definitu zer den guretzat publikoa eta zer den pribatua. Beste klabe batzuetan eztabaidatu, hausnartu eta borrokatu dezagun gurea. Definitu dezagun gure publikotasuna, noizbait ere, Euskal Herria saretuko duen Euskal Eskola Nazionala guk amestutako hori izan dadin. Nik behintzat argi dut herritik eta herriarentzat eraikia izan den hezkuntza sare bat nahi dudala. Euskal Herrian bizi diren haur eta familia guztien eskura jartzen duena: hezkuntza abertzalea, euskalduna, sozialista, feminista, askotarikoa eta haur bakoitzaren eskubideak erdigunean jartzen dituena. Argi dudan bezala, hobetzekoak tarteko, gurean horretarako oinarriak Euskal Herriko Ikastolek ezarri dituztela; ezartzen dituztela.

Pentsamendua mugiarazteko eta gogoeta sustatzeko asmoz Iñaki Zabaletaren Nazioa eta hezkuntza-sistema espainiarraren sorrera (2000) liburutik hartutako bi aipurekin amaituko dut artikulua. Bat, Frantziako nazio-estatuaren administrazioko eredu publikoa sustraitzen duen xedea agerian uzten duena; eta, bestea, haren kopia-saiakera den espainolarena:

Napoleon Bonaparte: «Jendeari bere adin samurrenetik irakasten ez zaion bitartean... Estatua zuzenean ezin da naziotzat jo» (14. or). (Napoleonek esan zuen, baina aurten murgiltze ereduaren eta euskarazko hezkuntzaren kontrako debekuak ezarri nahi izan dituzte Frantzian; hortxe administrazioaren sustrai sendoen indarraren adibide bat).

Gil Zarate: «Ezen, esan dezagun, irakaskuntzaren gaia botere-kontua da: irakasten duena nagusi da; irakastea gizakiak sortzea baita, doktrinatzen duenaren asmoetara egokitutako gizakiak» (51. or). (Nola askatuko dute, bada, oinarri horien gainean eraikitako administrazio-egitura sendoa? Imajina dezakegu zer gerta daitekeen —jada gertatzen dena ahaztu gabe— estatuaren agintera alderdi politiko jakin batzuk iritsiko balira).

Galdera da: orduan, frantziar eta espainiar nazio-estatuena den kontrolean oinarritzen den publikotasun zentralista defendatuko dugu, ala, eremu ezberdinetatik elikatuz, gurearen, herritik eta herriarentzat eraikitako ereduaren aldeko apustua egingo dugu?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...