Haur eskola: euskalduna, unibertsala eta kalitatezkoa

Lorea Igartua Ugalde eta Ibai Redondo Beitia
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Haurrarentzat egokia den jendarte-eredu batean, guztiok sartuko ginateke». Francesco Tonucci. Esaldiari buelta bat emanda, haurrarentzat egokia den haur eskola sortzen badugu, jendartearentzat egokia den mundua eratuko dugu. Horregatik da hain garrantzitsua haur hezkuntza, eta haur eskolei behar eta merezi duten aitortza egitea, horretarako ari gara borrokan. [...]

EAEn Hezkuntza Lege berria?

Eusko Jaurlaritzak Hezkuntzaren aldeko Akordioaren Oinarriak aurkeztu berri ditu, etorkizuneko lege berriaren aurrekari gisa. Modernizazioaren atalean, bada gai bat asko kezkatzen gaituena: bi urteko haurren gelak Haur Hezkuntzako bigarren zikloan barne hartzea proposatzen du. Modernizazioaren izenean, ziklo eta ibilbideen berrantolaketari ekin behar zaiola esaten du, gure jendartearen errealitate eta espektatibei hobeto erantzungo dien hezkuntza-planteamendu bat sustatzeko asmoz. Zentzu horretan, eta bi urteko ia haur guztiak eskolatuta daudela kontuan hartuz, LABentzat ez bezala, hezkuntza sailarentzat aurrerapena da bi urteko gelak Haur Hezkuntzako bigarren zikloaren (3-6 urte) barnean hartzea.

0-3 adin tarteko haurren garapen beharrak aintzat hartuta, bi urtekoak Haur Hezkuntzako 2. zikloan txertatzea egokiena al da? Edo bestelako beharrei erantzuten die? Geroz eta ikastetxe handiagoak izatera garamatza honek, baina ikasle zein tokian tokiko errealitateen aurrean erantzun egokiagoak ematea oztopatzen du, testu honek jasotzen duen «filosofiarekin» kontraesan handia agerian gelditzen delarik. LABen ustez, haurraren beharrak, ongi izatea eta zoriontasuna bermatuko duen erreforma behar dute haur eskolek, eta horrek hezitzaileak eta zaintzaileak ongi zaintzea ere eskatzen du.

Erabaki hori norekin hartu da? Zer ondorio izango ditu langileengan? Familiengan? Haurrengan?

Modernizazioa termino positibo gisa jasotzen da testuan, baina helburu eta arrazoi batzuei erantzuten ez badie, hutsaren hurrengoa izan daiteke. [...] Hezkuntzaren modernizazio honek, curriculumari ere eragiten dio, baina akordio proposamenean ez dago oinarri honen inguruko aipamen txikienik ere, ezta jaiotzatik aukera berdintasunean oinarritutako hezkuntzarako eskubide unibertsala izan behar denik ere. Aipatutakoak eta beste hamaika hutsune ikusten dizkiogu proposamenari, eta horregatik eman genion gure ezetza. Haur eskola euskaldun, unibertsal, hezitzaile eta doakoa eskatzen dugu, hezkuntza sistema burujabe, publiko eta komunitarioan.

Haurrak bi urterekin haur eskolan

Gauzak horrela, LABek azken asteotan ekimen sorta bat martxan jarri du. Batetik, haur hezkuntzari duen garrantzia aitortuz bi urterekin haur eskolan hazten eta hezten jarraitu ahal izateko. Bestetik, eskubide hori haur guztiei bermatzeko doakotasunaren bidean urratsak egiteko.

Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileen laguntzarekin, familien artean kanpaina arrakastatsua burutu berri dugu. Azken urteetan, familiek behin eta berriro bi urteko haurrak haur eskolan geratzeko aukeraz galdetzen zigutela ikusita, Haurreskolak Partzuergoari eta Hezkuntza Sailari desio hori helarazteko, LABek dokumentu bat sortu eta familia askok, bi urteko umeak bertan jarraitzeko nahia izenpetu dute. Gainera, aukera hori zabalduz gero, irizpide pedagogikoak eta haur bakoitzaren garapena aintzat hartuz, haur eskola batzuen biziraupena bermatuta egongo litzateke. [...]

Euskadiko EskolaKontseiluaren manipulazioa

Norabide horretan, Euskadiko Eskola Kontseiluaren azken osoko bilkuran aurkeztutako txostenean LABek egindako hainbat emendakin onartu dira (beste batzuk ez, tartean hizkuntza ereduak gainditzea). Hala, aitortzen da «kalitatezko eskolatze goiztiarra bakarrik» izango dela lagungarria haurraren garapenarentzat; 0 eta 3 urteko (ez bakarrik 0 eta 2 urtekoak) Haur Hezkuntzako egungo eta etorkizuneko egoera aztertzea proposatzen du, udalerri guztietan, baldintza egokietan eta iraunkorretan herritarren beharrakbermatzeko.

Era berean, Euskadiko Eskola Kontseiluko iraunkorraren iritziaren gainetik, Haur Hezkuntza eskubide unibertsala dela onartu da, doakoa izan behar dela aitortu da. Bide horretan, hainbat neurri praktikara eramateko eskatu dio Jaurlaritzari, tartean urtean 18.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten familiek haur eskola dohainik izango dutela bermatu behar dela gehitu da txostenaren proposamenetan. Martxoan legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu ziona, hain zuzen ere.

Gure harridura eta haserre bizia sortu zuen, Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakariak prentsaurreko baten bitartez txostenaren proposamenak aurkeztu zituenean, haur eskolen doakotasunaren inguruko proposamena aipatu gabe uzteak. Hutsegite hori ez da kasualitatea batizan. Hutsegite horrek EAJ eta Hezkuntza Saila haur eskolen doakotasunaren kontrako eta horiek Hezkuntza Sailean integratzearen kontrako politikari erantzuten dio. LABek Euskadiko Eskola Kontseilua Hezkuntza Departamentuaren menpeko tresna dela salatu nahi du. Hezkuntza komunitateak eta Eusko Legebiltzarrak argi eta garbi esan dio Hezkuntza Sailari haur eskolak doakoak izan behar direla, eta Kontseilua,errealitate hau isilean gordetzen saiatu da.

LABek, neurria berandu baino lehen gauzatzea eskatu du eta Hezkuntza sailburuaren hitzetan datorren ikasturtean indarrean sartuko da. LABek jarraipen zuzena egingo dio, honi guztiari, Euskal Herria haurren herria izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.