Albistea entzun

Jon Paredes 'Txiki'-ri

Jose Manuel Bujanda - Irakasle erretiratua

2022ko irailak 24

Onar eta utz iezadazu Txiki, arren, Jon Paredes Manot, eustea oso zaila zaidan emozioz lerro hauek zuri idaztea, zeren aldi baterako distantzia eta hurbiltasun pertsonala nostalgia zail eta korapilatsuan nahasten zaizkidala eta nautela sumatzen dut. Dena galdu zenuen, Txiki, dena, izan izateko ahalmen guztia, zeren bizitza osoa tiroka kendu eta lapurtu baitzizueten.

Ez zaitut ahazten, ez dut nahi, ezina zait lagun eta burkidea, karikaturazko epaiketa baten ostean frankismoaren hondarrean fusilatua izan zinena jada duela berrogeita zazpi urte, 1975eko irailaren 27ko egunsentian, hain zuzen.

Eta ipar haizearekin, euri bustiarekin eta kresal zaharraren usain sarkorrarekin, inoiz baino gehiago nahi eta desio dut zazpi euskal lurretan gizaki izateko eskubidea eta egoera behin betiko eta betirako gailentzea beste edozein, bai, beste edozein konturen gainetik.

Txiki, hiltzea, erailtzea, beste gizaki baten bizitza eta izatea ezberdin pentsatzeagatik lapurtzea ez zen inoiz, inoiz ez, zuzena izan; aitzitik, beti, beti bai, gaizki zegoen, dago eta egongo da. Beharbada Txiki, hasiera-hasieratik oker geunden. Bai, oker geunden.

Horixe da nik orain daukadan pertzepzioa, ia mende erdi baten iragateak ematen duen talaiaren sentimendua eta konbentzimendua: hura guzti hura akats tragiko izugarria izan zela ohartzea oso tristea zait, geure ahalegin hura akats hilgarri erradikal, etiko, politikoa izan zen, tragiko eta izugarria, erabateko hondamendi batean eratorri, deskonposatu eta gupidagabeki usteldu egin zena.

Jakina baita nola hasten den bortizkeria borroka politikoan tresna gisa, baina ez nola garatzen den eta are gutxiago nola eta noiz bukatzen den.

Urte luze hauetan, Txiki, gauza asko aldatu dira, eta sakon, Euskal Herrian. Donostiako Kontxako tamarindoak, batez ere zaharrenak, bihurrituak eta erdi eroriak, ezinbestean ordezkatuak izan dira paisaia bizirik eta iraunkor mantentzeko, baina bai, egia da, beste batzuek historia errespetatzen jarraitzen dute eta, beraz, ipar haizeak bere ohiko kresala usainarekin, astintzen eta okertzen jarraitzen dute batzuetan guztiz hautsi arte.

Gaur eta hemen, etorkizuna erronka bilakatzen zaigu, ez dago aitzakiarik, eta uste dut denon egitekoa dela eskua elkarri ematea, eta gure Euskadi honetan bakea, adiskidetzea eta bizikidetza behin betiko konkistatzeko betebeharra den erronkarekin, hain zuzen, ados izango zinatelakoan nago.

Eta oraindik garaia da, bakeak, adiskidetzeak, normalizazioak eta bizikidetzak ere posible izan behar dutelako baita geure Euskadin ere. Lortzen ari gara, nahiz eta oraindik urratsak egin behar diren. Lortuko dugu. Horretan gaude. Jakinaraziko dizut.

Egunsentian, bai, egunsentian, Eduardo Aute kantautorearen letrak dioen bezala, ilargia bere segaren ertzean odolusten denean, tiroz tiro jo zintuzten, haiek, bai haiek, krimenaren eta frankismoaren sikario eta morroiek. Eusko Gudariak abesten zenuen azken hatsa eman arte. Faxismoaren bengantza antzua. Hiltzen bizi eta bizi hitzen hil zen kolpista hiltzaile haren azken makurkeria.

Ez zinen bakarra, argiaren eta itxaropenaren borreroak, gau iluneko sekulakoak, harresiaren aurrean ere, beste lau bizitza akabatu zituzten, horietako bat beste euskaldun batena, Angel Otaegi. Hildakoen dantza madarikatua. Berandu gosez etortzen zirenek horrela nahi zuten, eta sinestera heldu ziren lurraren sustraiak erauzi eta biharko haizea izoztuko zutela.

Gogoan zaitut, ezin ahaztu, Txiki. Euskal Herrian zenbat euri egin duen! Eta egunsentian desio dut, jadanik lorerik gabeko hirugarren milurteko honen udazken berri honetan, etzanda zauden euskal lurra arina, leuna eta geldia dakizula. Betirako atseden.

Gaur Txiki, ia mende erdi geroago, egunsentian, eta indarkeria politikoaren ukazio etiko erradikalean, zutaz gogoratzen naiz, beti bihotzean. Agur, Txiki, beti arte, Jon Paredes Manot. Ez zaitut inoiz ahaztuko. Eternitatean elkar ikusiko dugu ostera. Ez adiorik, egun handi hori arte baizik.

Zure lagun, adiskide eta burkidea izan eta naizen Bixar.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...