Zurine Rodriguez

Pazientzia eta su-motelean

2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Aurreko larunbatean udal gobernuen eraketa izan genuen, kolore eta umore aldaketadun gertakizuna euskal ezkerraren zati batentzat, bereziki. Sorpresa gutxi batzuk kenduta —Samaniegoren kasua Araban edota Eguesibarko Udala Nafarroan— emandako haserreak ez dira eratorri gobernuen eraketen aritmetikatik, baizik eta jendeak zituen itxaropenenetatik eta desioetatik.

Egonkortasunaren lelopean joan den astean EAEn iragarritako akordioak (EAJ-PSE) Alonsotegiko, Plentziako eta Bermeoko hainbat bizilagunen gaitzidura piztu dute. Izan ere, jeltzaleen lehorreratzeak harriduraz hartu ditu asko eta asko, Pasaian eta Andoainen sozialistekin gertatu den bezala. Egonkortasunaren aitzakia berdin honek, alabaina, ezkerreko gobernua eratzeko balio izan du Bartzelonaren kasuan, ezker espainolarentzat ez baita politikoki zuzena independentismoarekiko fobiaz hitz egitea. Argi geratu da, beraz, gobernu eraketa legeak aurreikusten eta arautzen duen bezala jazo arren, emaitzak ulergaitzak izan daitezkeela sarri, batez ere, egoera nazionala tokian tokikoarekin kontraesanean sartzen den horietan, Colauk Vallsen bozak onartu izana kasu.

Gobernatzeko aukerak bideraezinak izan direnetan, Nafarroan ikusi dugun bezala, joerak bi izan dira: abstentzioa edo norbaitek bere burua bozkatzea. Lizarrako, Tuterako eta Barañaingo kasuak izan dira horiek, eta haserre handia pitzarazi dute. Iruñean edo Gasteizen, ordea, larunbatean frustrazioa sumatu zen. Lehenengoan ezingo delako aldaketaren gobernua errepikatu etabigarrenean ez delako aldaketarik emango.

Espainiako Estatura begiratuta, antzerakoa gertatu da Madrilen eta Zaragozan, historikoki eskuinarenak izan diren erakundeak haien eskuetara bueltatu baitira. Cadizez gainera, haratara, non ezkerrak berriz irabazi duen, Estatuan zein Hego Euskal Herrian eskuinak botere erakundetuaren kontrola berreskuratu duela esan daiteke. Astindura sozialaz gainera, ezer berririk ez.

Maiatzaren 26an bezala, larunbatean ere, guztia galdua zegoela iruditu izan zuen toki askotan. Gauzak okerrera egingo zutela zekitenen artean ezkortasuna orokortu zen, eskuinaren gobernuen pean bizi izan direnek ondo ezagutzen baitituzte politika publiko kontserbadoreek komunitateetan eta eguneko bizitzetan eragiten dituzten ondorio material larriak. Yolanda Barcinaren, Ana Botellaren eta Javier Marotoren oroitzapenak ez dira urrun geratzen.

Nahiz eta Madrilen, Iruñean edo Zaragozan 2015ean ezkerrak irabazi, eskuinak botere erakundetua berreskuratu du oraingoan. Horrek, hala ere, ez du esan nahi gaurko gizartea aurreko legegintzaldian baino eskuinerago dagoenik, baizik eta polarizazio ideologikoak bere horretan jarraitzen duela eta gobernu eraketen aritmetikak eskuina hobetsi duela oraingoan. Gasteizko kasua apartekoa da, ezkerrak mugiezina zen PP bat kanporatzea lortu zuelako, eta horrekin, etorkizunari begira, ezkerreko gobernu posible baterako itxaropena ireki zuelako. Honetan, ordea, ez da posible izan.

2015eko emaitzek tradizionalki eskuinaren gotorlekuak izandako horien eraldaketa erakutsi zuten, aurrera begira eta epe luzetara, euskal periferien paradigma eta errelato aldaketa ekar lezakeena. Horrez gain, oraingo hauteskundeetako emaitzek erakusten dute ez dela ezkerreko botorik galdu, hau da, ez dela zigor botorik egon. Argi izan behar dugu, beraz, eraldaketa politikoak hauteskunde zikloak bainoharatago doazela beti. Aldaketa politikoak mantsoak dira, eta frustrazioa kudeatzen ikasi beharko dugu. Aktibismoa, epe luzerako estrategiak eta auzoetako herrigintza antidoto egokia izan daitezke honetarako.

Ez dezagun ahatz fatxak ez direla goizetik gauera desagertzen, botorako eskubidea daukate eta ez dira gutxi. Opusek Iruñeko bizkarrezurra izaten jarraitzen du, eta PPko gizon gasteiztarrek orain Batzokian poteatzen dute. Hauteskunde hauetan eskuinak askoz ere antolatuago dagoela erakutsi du. Bada ordua, hortaz, ezkerra guztiz berrantolatzeko. Hurrengoa tokatzen zaigu: mobilizazio handia lortzea, akordio egonkorrak egitea, Errenteria edo Durango kasurako, eta ezkerraren ohiko zatiketa gainditzea Madrilgo lehia honen adibidea da. Bartzelonakoa beste gauza bat da, han alternatiba posibletzat geneukan ezkerraren eta batasun espainola helburu duen ezker espainolaren arteko aliantza jazo da. Hori kontuan izan beharko dugu ezkerreko aliantzak egiterakoan Euskal Herrian.

Ez da munduaren amaiera. Ez da lehen aldia eskuinak erakundeak bereganatzen dituena, gurekin darama bizitza osoa. Horrek gutxik duten besteko pazientzia eskatzen du, eta errealitatearen analisi onak eta epe luzerarako estrategiak egiteko ordua ailegatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.