Hezkuntza ituna: guztiona eta guztiontzat

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa
2023ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Hezkuntza Lege berriari buruzko akordioa lortu zenetik hilabete batzuk igaro ondoren, eta ahaztu gabe jaiotza-tasa nabarmen jaitsi dela, aipatutako legeari buruzko eskakizun berriak sortu dira, eta, aldi berean, biderkatu egin dira zenbait alderdi, sindikatu eta gizarte-eragileren arteko desadostasunak.

Badakigu lege zuzen eta ongi antolatu batek hainbat eta hainbat alderdi ukitzen dituela. Horien artean daude hezkuntza publikoaren eta itunpekoaren arteko osagarritasuna eskola-mapan, gurasoek ikastetxeen hautaketan eta kudeaketan jokatu beharreko papera, irakasle-taldeak antolatzea eta sendotzea, ikasleen arteko segregazioaren desagerpena, ikasgela bakoitzeko ikasle-ratioak, hizkuntzen tratamendua...

Aipatutako alderdi horien konponbide posibleak, nolanahi ere, ez ditu hezkuntzako sektore guztien eta bakoitzaren nahi guztiak estaliko. Hezkuntza-itun zuzena eta bidezkoa nahi eta eskatzen dugu guztiontzat.

Itun iraunkor baterako eragozpenak

Euskal Eskola Publikoa plataformak salatu du Hezkuntza Sailak onartutako ikasleen onarpen-dekretu berriak irakaskuntza publikoari atzera eragin eta ahuldu egiten duela, eta mesede egiten diola, aldiz, itunpekoari; halaber, ikastetxeen arteko lehiakortasuna sustatzen duela, ikasle kalteberak itunpeko ikastetxeetara lekualdatzeko obligazioak ez duela segregazio arazoa konpontzen, eta ikastetxe horiei dirulaguntza handitzeko bestetarako ez duela balio

Errepikatzen den beste salaketa bat da itunpeko plaza gehiegi eskaintzen dela, eta ikasle-ratioa —adin-indizeei lotua— handiegia dela ikasgela bakoitzeko. Jaiotza-tasak behera egin duenez, izan ere, Hezkuntza Sailak murriztu egin ditu ikasgeletako ratioak, ikastetxe askok sentitzen duten presioa arintzearren.

Zein da, ordea, aipatutako salaketa eta akats horietako askoren errealitate frogatua? Hezkuntza Lege berriak ahuldu eta atzera eragiten ote dio Eskola Publikoari? Jakinaren gainean gaude oso zaila dela irakaskuntzaren ertz guztiak eta bakoitza artikulatzea. Ondorioz, inoiz baino beharrezkoagoa da akordio iraunkor bat lortzea, alderdi, sindikatu edo erakunde bakoitzaren interes eta ideologia legitimoen gainetik, guztiek beren ideologia propiora egokitu nahi baitute hezkuntza-plataforma.

Baina, behin puntu honetara iritsita, berariaz aipatu gabe uzten den zerbait plazaratu nahi dugu berriro ere: ba al dute gurasoek ezer esatekorik beren seme-alaben hezkuntzari dagokionez?

Hezkuntzaren balioa bizikidetza demokratikoari begira

Hezkuntza, oinarrizko giza eskubidea izanik, lehenik eta behin, gurasoek egikaritu behar dute, eta, modu subsidiarioan, Administrazio Publikoak. Biek modu osagarrian jardun behar dute, eskubide-betebehar hori ahalik eta ondoen gauza dadin.

Hezkuntza ezagutza teknikoak transmititzea baino askoz gehiago da; batez ere, ikasle bakoitzari laguntzea eskatzen du, bere une historikoaren arabera, ikasleak dituen gaitasun guztiak gara ditzan.

Ikasleak banatzearen bitartez euskal hezkuntza-zerbitzuan ekitatea bilatzea ez da erraza izango. Zeintzuk dira eskolatze orekatu bat lortzeko elementuak? Egungo hezkuntza-sistema —publikoa eta itunpekoa— ez al da sistema integratzailea eta inklusiboa? Eztabaida ideologikotik harago, egia al da soilik eskola publikoa dela hezkuntza-sistemaren ardatza eta erdigunea? Egia ote da eskola publikoa dela gehien euskalduntzen duena eta pentsamendu askatasuna ongien bermatzen duena? Froga al daiteke hori datuekin eta analisi objektiboak erabilita?

Eta hor dugu aurreko artikulu batean adierazi genuen beste ertz edo eztabaidagai bat ere, hau da, nork hezten duen eta zer balio irakasten diren eskolan. Pertsonari, gizarteari eta munduari buruzko ikuskera desberdinek lehentasunezko tokia izan behar dute irakaskuntzako edozein sektoretan, eta adostasun bermatua eta errespetuzkoa eskatzen dute. Pertsonak heztea irakasgaiak, teknikak eta trebetasunak irakastea baino askoz gehiago da. Arazoetatik eta baliabide materialetatik goragoko zerbait, horiek ere garrantzi handikoak izan arren.

Hezkuntzak, funtsean, erabiltze-balioa du, ez truke-balioa. Balioa diogu, ez prezioa. Jende askoren iritzian, ordea, hezkuntzak ez du egiazko baliorik, bitarteko soil bat da, tranpolin bat... Lanpostu on bat aurkitzeko eta gizartearen aurrean izen ona irabazteko baizik ez du balio.

Hala eta guztiz ere, hezkuntza-sistema on batek ez du legera mugatu behar. Hezkuntzaren balioa, egia da, hezkuntza posible egiten duten baldintza materialetan dago, baina, batez ere, pertsonak eta horiek bizi diren gizartea aberasteko transmititzen diren balioen garapenean. Eta hemen gurasoek eginkizun eztabaidaezina dute, nahi duten hezkuntza-proiektua aukeratzeko orduan, gizarte demokratikoa benetan egituratzen duten printzipioekiko errespetua onartuz, betiere.

Hitz gutxitan esanda, hezkuntza askatzailea nahi dugu, pentsatzera, sentitzera eta pertsona izatera garamatzana, edukitzean oinarritu ordez; indibidualismoaren aurrean solidario egingo gaituena; berekoikeriaren aurrean lagun hurkoa zerbitzatzen irakatsiko diguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.