Albistea entzun

Karlos III.a, Batasunaren Pribilegioa eta Espainiako monarkia

Joseba Asiron Saez - Historialaria eta Irueko Udaleko EH Bilduko zinegotzia

2023ko irailak 15

Karlos III.a noblea ez zen Iruñean jaio; are, ezta gaur egun Nafarroa «historikoa» deituko geniokeen horren mugen barruan ere. 1361eko uztailaren 22an jaio zen, Frantziako Mantes herrian, Parisen kanpoaldean; noble frantses baten semea zen, Juana de Valoisena, Frantziako erregearen alabarena, eta errege hori Nafarroako koroaren oinordekoa zen, Karlos II.a Evreuxekoarena, frantsesek le Mauvais —euskaraz, gaiztoa— ezizena jarri ziena. Printzipe gaztearen ama hizkuntza frantsesa zen, Charles izena zuen, eta 1366 arte ez zen Iruñera joan, hain zuzen, 5 urte zituen arte. Eta horri guztiari gehitzen badiogu haurtzaroko aldi bat Frantziako gortean eman zuela, Frantziako erregearen bahitu gisara, aita Karlos II.ari eusteko; beraz, jaio zenean inork ez zuen pentsatuko gazte hark zer-nolako garrantzia izango zuen Iruñeko historian.

Beti esan ohi da Karlos III.aren erregealdia izugarri baketsua izan zela eta oparotasun handia ekarri ziola Nafarroari, baina hori soilik onartu daiteke haren aitaren erregealdiarekin alderatuta, Nafarroa Ehun Urteetako Gerran sartu baitzuen, eta erresuma jota eta baliabiderik gabe utzi baitzuen. Gainerakoan, Karlos III.aren garaian ere izan ziren arazoak, bai kanpokoak, bai familiako klanek eta erresumako bandokideen artean sortutako lehien ondorioz.

Hala eta guztiz ere, onartu behar dugu Nafarroarentzat, oro har, eta Iruñearentzat, bereziki, onuragarria izan zela haren erregealdia. Iruñearen kasuan, Karlos III.a bere katedral gotiko zoragarria eraikitzen hasi zen, aurreko tenplu erromanikoa bat-batean erori eta gero 1390eko uztailaren 1eko egunsentian. Erregea hil zenean, 1425ean, kaperak eta alboetako habeak eraikita zeuden, baita erdiko habearen zati handi bat ere, eta horrek erakusten du nolako bultzada eman zitzaion obrari. Eta ezin dugu ahaztu erregea bera katedralean lurperatu zutela, Jehan Lomek zizelkatutako alabastrozko hilobi batean; hori Europako eskultura gotikoaren gailurretako bat da.

Hala eta guztiz ere, Karlos III.ak Iruñeko historiari egindako ekarpenik garrantzitsuena 1423ko irailaren 8ko Batasunaren Pribilegioa deritzona da, orain 600 urte bete dituena. Dokumentu horren bidez, Erdi Aroko hiru burguak hiri bakar batean bateratu zituen, eta udalerri bakar batekin, alkate bakarrarekin, armarri bakarrarekin, bandera batekin eta zigilu amankomun batekin, eta, gainera, udaletxea eraikitzeko agindu zuen, gaur egungoaren toki berean. Batasunaren ediktuarekin, Karlos III.a burguen arteko eztabaida odoltsuak bukatu zituen, zeinak liskar amaigabeak ekarri zituen, bereziki bi auzok Nabarreria suntsitu zutenean, 1276an.

Testuinguru zabalago batean, kontuan hartu behar dugu Batasunaren Pribilegioa dela Erdi Aroko Iruñearen amaieraren hasiera, eta Aro Modernoan Europako estatu baten hiriburu gisa sartzeko prestaketaren hasiera. Ondorengoek jarraitu zuten eraldaketa horrekin, dirutza handiagoarekin edo txikiagoarekin, batez ere Katalina I.a Foixkoa erreginaren garaian, lehen udaletxea (edo zin etxea) eraikitzen amaitu zenean, katedral gotikoa amaitu zenean, eta hirian lehen inprimategia eta Gramatika Ikasketa ezarri zirenean. Horrela, esan dezakegu XVI. mendearen hasieran, Iruñeak bazituela beharrezko tresnak Europako hiriburu bihurtzeko, Errenazimentura irekia, erakunde moderno eta bateratuak, etorkizuneko unibertsitate baten ernamuina, ideiak eta kultura zabaltzeko tresna gisa inprenta bat, eta katedral bikain bat, Europako distiratsuenen parekoa.

Hasieratik, Gaztelako monarkiak zapuztu zituen ahalegin horiek guztiak, hainbat hamarkadatan erresumako gerra zibilak bultzatuz, sostengatuz eta diruz lagunduz. Eta estrategia horren porrota ikusirik, 1512tik aurrera hasi zen erresumaren benetako konkista, legez kanpoko inbasio militarraren eta hemezortzi urte iraun zuen gerra baten bidez. 1512ko konkistarekin, Errenazimentuko estatu baten hiriburu zen Iruñea haren ametsa hil egin zen, eta lau mendetan Frantziaren aurkako defentsarako plaza militar txiki bat bihurtu zen; haztea eragozten zion harresi gerriko batek itotzen zuen, eta inperioaren periferia politikoan zegoen.

Gaur egun, 2023an, egun garrantzitsu hartatik 600 urtera, Iruñean gobernatzen duenak ez du inolako konpromisorik hiriaren historiarekin. Duela sei urte eskas, 2017an, ezkerreko udal gobernuak, udaletxeko ezkaratzean, Karlos III.ak Batasunaren Pribilegioan hiriari emandako armarri beraren erreprodukzio bat jarri zuen. 2019an, alkatetza berreskuratu bezain laster, UPNk Iruñeko armarria paretatik kentzeko agindu zuen, eta, haren ordez, Borboi dinastiako armarria jarri zuen. Gaur egungo alkateak, Cristina Ibarrolak, bidegabekeria historiko hori konpon zezakeen, dagokion lekuan hiri armarria jarriz, baina uko egin dio halakorik egiteari. Horren ordez, Espainiako erregeak gonbidatu ditu Batasunaren Pribilegioaren VI. mendeurrenera. Horrela, paradoxa mingarria gertatzen da: Karlos III.ak, Iruñea Europako estatu baten hiriburu zen hiri moderno bihurtu zuen errege nafarrak, bere omenaldia ikusiko du, hain zuzen ere, orain dela 510 urte amets hori okertu eta hondatu zuen monarkiaren ordezkaria buru duela.

Amaituko dut. Aurrekari horiekin, baten batek usteko zuen William Shakespearek Navarre shall be the wonder of the world esan zuenean horrelako zorigaitzei eta horrelako miseriei buruz ari zela. Izan ere, begi kritikoz begiratuta, egungo kaskarkeria gero eta handiagoak aspaldi gainditu beharko zituzkeen, luzaz gainera, don Gilen onaren itxaropenik ezkorrenak...

(Erredakzioan itzulia)>>

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...