Etxekoak zure kalte ari direnean

Hegoa Larzabal Vaqueriza, Ana Belen Ranchal Perez eta Xabier Flores Larrea
2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta Kristau Eskolari: Jakineko kontua da haur baten guraso izateak berekin dakartzala maitatzeko era berezia eta etengabeko kezka. Egunik onenetan ere, bada buru-bihotzaren ertzean ume horren bizitzari buruz hartzen dituzun erabakien inguruko zalantza.

Baina badakizu, guraso zaren heinean, tratua hala dela, asko maitatzeak kezkak eta beldurrak dituela bidelagun.

Eta bide horretan, begira hasten zara zorrotz. Inoizko abiadura handiena eta aukera zabalena eskura jartzen digun mundu modernoan, behaketan hasten zara, zure ardurapean dagoen haur horrentzat egokiena den bidea hautatzeko.

Edo hala izan da bederen oraintsu arte. Aurrerantzean ez dute gurasoen begiek erabakiko zein bidezidor hartu, Hezkuntza Sailak baizik.

Haurra bera, gurasoak eta haien iritzi eta asmoak ezagutu gabe, eta ezagutzeko inolako asmorik gabe, Lakuako bulego batean erabakiko dute, aldebakartasunez, hango eta hemengo haurren eskolatzea noneta nola izango den.

Ustez zure haurra babesteko etafamilien nahiak eta eskubideak bete daitezen lanean ari diren erakundeek erabaki dute zilegi dela zure familia eta haurren eskubideak zapaltzea eta zuk aurretik hartutako erabakia hutsaren hurrengoa dela. Goitik beherako botere harremana da gure artekoa, Hezkuntza Saila gurasoen gainetik jarri baita, inor gutxik ulertzen dituen irizpide lauso batzuen aitzakian.

Eurek adostutako legea, guztionartean ordaindutako baliabideak eta burokraziaren nagia alde dituztela, erraza da eurentzat egoera luzatzea. Azken batean, esan berri du Bildarratz sailburuak familia gutxi batzuei baino ez diela eragiten erabaki honek, eta men egiten ez duten gurasoen seme-alabek ez dutela eskola-espedienterik izango, gurasoek aukeratutako eskolan jarraitzea erabakitzen badute.

Noiztik zaio zilegi Hezkuntza Sailari herritarrak, gurasoak eta gure seme-alabak horrela tratatzea? Nork eman dio gure seme-alaben etorkizunaren gaineko eskumena? Hezkuntza komunitatea noiz arte da komunitate, Hezkuntza Sailari hala komeni zaion arte? Nork sinetsarazi dio Bildarratz jaunari, gure seme-alabei buruzko erabakirik har dezakeenik?

Horrela pentsatzen al du sailburuak eta bere taldeak segregazioaren arazoari aurre egitea? Ez al gara ba aurtengo prozesuan parte hartutako familien %6 bakarrik? Segregazioa ekiditeko, galdetegi bat betearazi zenuten. Galdetegi horrek ezin du inolaz ere familia baten zaurgarritasun maila neurtu, bizitzako une konkretu batean betetzen delako eta bertako galderek ez dutelako zerikusirik zaurgarritasunarekin. Gai honek prozesu luzeagoa, progresiboa, serioagoa, gardenagoa, objektiboagoa eta neurgarria eskatzen du. Eta ikastetxe eta gurasoon ardura bakarrik ote da segregazioa ekiditea? Kaltetuak %6 bakarrik bagara, nekez konponduko da segregazioaren arazoa.

Eta non dago Kristau Eskola, ikastetxearen eta bertako familien eskubideak defendatu behar dituen eragilea? Balioetan oinarritutako hezkuntza eredua izanik, zer erakusten ari da? Zergatik adostu edo baimendu du Hezkuntza Sailarekin gure ikastetxeetako familien seme-alabak kromoak balira bezala truka daitezkeela? Zerfamilia eredu du buruan, kide batzuk bazterrean uzten dituen familia eredua? Zergatik ez du gure alde egin, zergatik ez da gurekin harremanetan jarri, egoera nola konpon daitekeen aztertzeko? Zergatik ez digu laguntzen? Zer dago ez hanka eta ez buru ez duen hitzarmen honen atzean?

Esan gabe doa legea, logika eta bihotza eskuan ditugula egingo dizuegula aurre, behar den tokian. Bien bitartean, gure babesa eta elkartasuna helarazi nahi diegu erabaki honek erasandako familiei. Bidelagun izan gaituzue orain arte eta hala izango gaituzue aurrerantzean ere, bidegabekeria hau konpondu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.