Euskaraz ere jakiteko, murgiltze eredua

Pello Igeregi eta Miren Zubizarreta
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Hezkuntzak sakoneko aldaketa behar du. EAEn, Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian burujabetzan oinarritutako hezkuntza ereduarekin amesten dugu; Frantziarengandik eta Espainiarengandik burujabe, kapitalaren interesengandik burujabe. Egungo eredua urrun da hortik; horregatik, trantsizioak beharko ditugu bestelako eskola bat eraikiko badugu. Abiapuntu bakoitzeko trantsizio bana beharko dugu, egokiak diren elementuak indartuta eta desegokiak direnak iraulita.

Euskara eta Euskal Herria ardatz izango dituen eskola publikorantz abiatu nahi dugu. Kohesiorako elementuak eskola guztietan izango dituen euskal eskola publikorako trantsizioa nahi dugu, eta tokian tokiko aniztasunari autonomiaz helduko diona. Estatuen helburu homogeneizatzailetik askatuko den eskola behar dugu; enpresen beharrak ez, baizik eta ikasleen autonomia zein zentzu kritikoa elikatuko dituena. Sareen aniztasunetik eskola publikoen aniztasunera bideratuko dena, segregaziotik kohesiorako bidea egingo duena. Eta, noski, langileen lan baldintza egokienekin kalitatezkoa eta erabat doakoa izango den eskola nahi dugu, jaiotza tasaren jaitsiera ratioak hobetzeko aprobetxatuko duena, esaterako. Badakigu hori dena ez dagoela jasotzerik egungo Hezkuntza Lege batean, baina norabide horri ekin nahi diogu.

EAEn jadanik eztabaida irekita dago, eta hizkuntzen harira hartutako lehen posizioek ardura sortu digute. Zelan egituratuko dugu EAEn hizkuntzen ezagutzaren bidez gizarte kohesioa bermatu eta ikasleen aniztasunari erantzungo dion eskola? Eskolak soilik ezin ditu euskal hiztunon eskubideak bermatu (beste edozein arlotan eskolak modu isolatuan mirakulurik egiterik ez duen bezala). Baina eskolarik gabe ezinezkoa izango da haurrak euskaraz bizi ahal izatea, ezta euskararen ezagutza egokia izatea ere; ez D ereduan, are gutxiago B ereduan eta inolaz ere ez A ereduan. Gaztelaniaren ezagutza egokia erabat bermatuta dago, eskolaz kanpo gaztelaniaren erabateko hegemoniak hori ziurtatzen baitu, gurasoek hautatzeko eskubiderik gabe. Hego Euskal Herriko herri euskaldunenean ere, haurrek gaztelaniaz jakingo dute. Estatuan egindako ebaluazio ezberdinek erakusten dute EAEko haurrek gaztelania modu egokian jasotzen dutela, batez beste estatuko beste autonomia erkidegoetan baino hobeto.

Euskararen ezagutza orokorturik gabe, euskaraz bizitzeko eskubiderik gabe jarraituko dugu. Gizartea bitan banatuko da euskaraz dakiten eta ez ez dakitenen artean, eta horrek zuzenean eraso egiten dio kohesioari. Egoera zuzendu nahi ez duenak euskara gatazka esparru izatea sustatuko du, gatazkarik nahi ez izatearen truke euskaldunok gure eskubideei modu baketsuan uko egitea espero ez badu behintzat.

Hainbat arlotan hezkuntza ereduaren eztabaida posible izango dela dirudi, hitzez behintzat hori adierazten dute arduradunek; ikustekoa izango da ondoren egia den, orain arte sindikatuok esandakoari entzungor egin baitiote. Hizkuntzaren gaia azaltzean, ordea, Jokin Bildarraitz Hezkuntza sailburuak gatazka saihestu behar dela dio eztabaida baztertzeko, edo defendatu du, eskolen autonomia aitzakia hartuta, tokian tokiko hizkuntzen presentzia aldagarria izan daitekeela.

Podemosek lehenik eta, ondoren, legebiltzarrak publiko egin dituzten proposamenak are kezkagarriagoak dira: hiru hizkuntza irakas hizkuntza izan daitezkeela defendatzen dute, tokiaren arabera hizkuntza bakoitzak pisu handiagoa edo txikiagoa izateko aukerarekin. Nafarroan horri PAI deitu zaio eta, ingelesa irakasteko ustezko asmoarekin, euskara zokoratzeko estrategia izan da. Ingelesez hobeto jakiteko ere balio izan ez duen ereduak, gainera, ikuspegi pedagogiko batetik, eragin kaltegarri nabaria izan du ikasketa prozesuetan.

Guk argi dugu. Tolosan zein Barakaldon euskaraz jakiteko aukera eskaintzen duen eredu bakarra euskara hutsezko irakas eredua da, beste hizkuntzak ikasgai moduan izango dituena, eta baliabide gehigarriak bideratuko dituena euskara egoera soziolinguistiko okerragoan dagoen eremuetan. Irakas orduez gain, eskola jarduera guztiak euskaraz eskainiko dituen eskola ere nahi dugu. Ezagutza formala ez ezik, euskararekin lotura emozionala sortzeko programak ere eskaintzea nahi dugu. Behar bereziak dituzten ikasleentzako laguntza ere exijitzen dugu, bereziki Euskal Herrira etorritako haurrei euskara ikasteko aukera eskaintzeko. Euskarazko murgiltze eredua nahi dugu, horrek bakarrik bermatzen baitu euskaraz zein gaztelaniaz jakiteko aukera. Euskararen kasuan, murgiltzeak ez du ezagutza bermatzen (esan dugu eskolak ezin duela berak bakarrik mirakulurik egin), baina aukera eskaintzen du.

ELArekin batera beste hainbat eragilek eskatu dugu euskarazko irakas eredu bakarra (Kontseiluak, LABek, Steilasek, EHIGEk, EHIZEk, Ikastolen Elkarteak zein Kristau Eskolak, besteak beste). Hau da, hezkuntza komunitatearen gehiengo zabal batek euskararen gaian trantsizioa nola egin nahi dugun adierazi dugu. Eskolen edo hezkuntza komunitateen autonomian sinisten duenak argi izan behar du hezkuntza komunitatearen gehiengoa autodeterminatu dela. Orain hori hezkuntza lege berrian legeztatzea besterik ez dago, inongo gatazkarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.