Gizaide, 25 urte buruko osasunaren garapena zaintzen eta laguntzen

Onintza Lasa Arteaga
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Azken hilabeteotan asko ari gara buruko osasunaz hitz egiten. Pandemiaren ondorioak ukaezinak izanik ere, aurretik sakonean zeuden arazo ugari ere azaleratu ditu. Errealitate honetaz hitz egitea ona da, ikusgarritasuna ematen baitio, baina, ostean, baita neurriak hartzea ere.

Duela 25 urte, Gizaide Fundazioak buruko osasuneko arazoak zituzten emakumeak artatzeko bideari ekin zion. Eta bere aletxoa jarriz, 1997an hasi zen egitasmoak bere horretan dirau.

Eremu sozialean, hainbat arautegi, ildo eta erakunde sortzen joan dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, 1983an lehen asistentzia psikiatrikorako plana ezarri zenetik, plan eta estrategia ugari abiatu dira kuantitatiboki eta kualitatiboki, sufrimendu sortzaile gisa garrantzi handia duen arlo honi ekiteko.

Izan ere, beharrak nabariak dira, eta horren lekuko Osakidetzaren datuak. Adibidez, 2019ko txostenaren arabera, 96.000 pertsonatik gora artatu ziren buruko osasunaren harian. Lau urte lehenago baino %5 gehiago.

Beharrezkoak diren estrategia eta ildoen aterkipean, elkarlanean, aldaketak sumatu dira; asistentzia eta laguntza emateko erak ere birpentsatuz.

Esku-hartzeak integrala izan behar duela esateak pertsona erdigunean jarriz egin behar dela esan nahi du. Eta hori horrela izan dadin, prozesu bat ere eman da zerbitzu ezberdinetako lan egiteko moduetan. Izan ere, askotan, aurreko ereduko balio eta praktikak erabat deuseztatzera jotzen baita, ereduak goitik behera aldatu nahian. Maiz, ordea, molde ezberdinetako elementu batzuen orekan egoten da ondo eginaren neurri egokia.

Buruko osasuneko sarean dauden gailu, zentro eta beste hamaika instalazio beharrezkoak izanik ere, guztietan ardura eta motibazioa duten pertsonak behar dira. Eta, urte hauen guztien ondoren, argi ikusi da artatzen ditugun pertsonei gizatasuna ematen dien profesionalen arteko koordinazioa ezinbestekoa dela. Lana eta ardura, hots, inplikazioa, funtsezkoak dira.

Eredu komunitarioa aipatzen da plan ezberdinetan, eta horrek ingurunearekin estuago, saretuago bizitzea suposatzen du. Honela ulertzen dugu guk.

Horrek osasun eta gizarte arloaren arteko harreman orekatua eskatzen du. Izan ere, egunero, bertan gaudenok erantzunak behar ditugu, osasun arlotik, hau da, beste ikuspegi bat duten profesionalen aldetik, gure helburu den pertsonen ongizatea bide beretik joan dadin.

Pixkanaka norabide egokian bidea egiten ari garen itxaropenean, onartu behar dugu osasun eta gizarte mailako zerbitzuko koordinazioan erronka bat dugula.

Hobetze bide honetan, esku-hartzean dihardugunok elkar hobeto ezagutzea aipatuko nuke. Gure jomuga, gure asmoa, berdina delako; guregana datozen pertsonen arreta bikaina.

Beraz, erronkak baditugu, eta haien atzetik jarraituko dugu gogotsu. Aurreak erakusten omen du atzea nola dantzatu, beraz, ikasitakoarekin, elkarrekin, urrutiago iritsiko gara.

Gizaidetik pertsona asko pasa dira. Hor gaude behar denerako prest. Buruko osasunaren inguruan ikasitakoarekin, eskarmentuan oinarrituz, malgutasunez eta jakin-minez aritzeko borondatearekin, esku-hartze zuzenaz gain, gizartearekiko harremanak sendotzen jarraitu nahi dugu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.