Koldo Tellitu Mejia.

Ikasturte bizi eta gorabeheratsu bat

2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Amaitu berri den ikasturteak bi alde kontrajarri utzi dizkigu. Alde batetik, etorkizunari begira jarri diren ekimenak ditugu (Hezkuntza Akordiorako proposamena, Hik Hasiren proposamena...) eta beste aldean, berriz, egungo hezkuntza sistemak dituen gabeziak (ikasleen euskara mailaren beherakada, atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzean dagoen desoreka, Frantziako Gobernuaren erasoak ikastolen aurka, Nafarroako ikastolen diru kontuak lupapean aztertu dizkigute...). Gai hauetako zenbait aztertu nahi ditut artikulu honetan.

Ikasturte osoa hartu du Hezkuntza Sailak proposatu eta landutako Hezkuntza Akordiorako proposamena Eusko Legebiltzarrera iristeko. Ikastolok nahi eta Hezkuntza Sailak aurreikusi baino mantsoago doa prozesua. Proposamenak gabeziak ditu; hala ere, guk abiapuntu gisa ikusten dugu, ez helmuga gisa; hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean mugarri izan daitekeen Hezkuntza Lege berri baterako bidean urrats gisa ikusten dugu. Izan ere, proposamenean ageri diren zenbait puntu arautzeko (hizkuntz helburuak, inklusibitatea, autonomia, ebaluazio... ) ezinbestekoa da Hezkuntza Lege berri bat, baita agertzen ez diren puntuak arautzeko ere (sistemaren osaketa, publikotasunaren definizioa, finantzaketa...).

Zentzu horretan, argigarria deritzogu Hezkuntza sailburuak egin duen hitzaurrean ikastetxeen titulartasunariburuzkoantzinakoeztabaida alde batera utzi beharra dagoela aipatzea. Horrek aditzera ematen digu Hezkuntza Lege berriak sistema osatzen dugun sare guztiak hartuko dituela bere barruan, eta ez titularitate publikoa duten ikastetxeak bakarrik.

Adorez eta ausardiaz jokatzeko eta eztabaidatzeko unea da, Hezkuntza Akordioaren ibilbidea azkartu behar da Hezkuntza Lege berri bat abiarazteko prozesua ahal bezain azkar martxan jartzeko. Ikastolok prest gaude horretarako.

Hik Hasi Euskal Hezkuntzaren egitasmoak ikasturte honetan aurkeztu duen proposamena ere nabarmendu nahi dugu; bertan marrazten diren ildoak eta helburuak oso ongi baloratu ditugu eta etorkizuneko Hezkuntza Lege berri bati begira oso ekarpen aberats eta argigarria iruditzen zaigu.

Hezkuntza Akordiorako proposamenak, besteak beste, ezartzen du ikasleek, Lehen Hezkuntza amaitzerakoan, euskaran gutxienez B1 maila lortu behar dutela, eta B2 maila DBH amaitzerakoan. Helburu horiek ez dira lorgarri A eta B ereduetan ikasten ari diren ikasleentzako. Hilabeteak daramatzagu ohartarazten ikasleen euskara mailak behera egin duela, eta beharrezkoa dela neurriak hartzea egoera iraultzeko, gero eta ikasle gehiago D ereduan matrikulatuta egoteak ez duelako, inondik ere, haien euskara mailaren gutxieneko garapena ziurtatzen. ISEIk eginiko ebaluazio diagnostikoaren emaitzek argi erakutsi dute hori guztiori.

Ikastolok argi dugu: benetako murgiltze eredu bat behar dugu akordiorako proposamenean jartzen diren helburuak lortzeko; ezin dugu irudikatu aldaketa hau jasotzen ez duen hezkuntza akordio edo legerik. Horregatik eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari determinazioz eta ausardiaz joka dezan eta Hezkuntza akordioan jaso dezan murgiltze eredua dela eraginkorrena oinarrizko printzipio bezala biltzen diren helburuak lortzeko, hizkuntza ereduak desagerraraziz.

Atzerritar jatorria duten ikasleen eskolatzean ikastetxeen artean dagoen desoreka handiaren eta horrek segregaziorako duen arriskuaren gaineko eztabaida ere ikasturte honetako hizpide nagusietakoa izan da. Eskola inklusiboaren aldeko herri ekimen legegile batek bidea egin du, eta dagoeneko Eusko Legebiltzarrean da.

Plataforma horrek eskola segregazioaren inguruan agertu duen kezka partekatzen dugu ikastolok ere; ez, ordea, eman dituzten arrazoiak. Izan ere, egungo desorekaren arrazoi nagusia da Eusko Jaurlaritzak, Eskolaratze Batzordeen bidez, ikasle horien eskolatzea erabili duela ixteko arriskuan diren gelak betetzeko. Horrek esplikatzen du hein batean zergatik ikastolak ez garen gure matrikulazio kopuruari legozkiokeen atzerritar jatorriko ikasleen zenbakietara iristen.

Horregatik, Eskolatze Batzordeek ezin dute jarraitu teknikarien esku soilik. Hezkuntza eragileok ere egon behar dugu. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu urrats hori egin dezan, eta, bide batez, publiko egin ditzan epez kanpo eskolatu dituen atzerritar jatorriko ikasleen gaineko datuak (kopuruak, adina, zein saretara bideratu dituen...).

Ikastola inklusiboa da, ez dio inori atea itxi bere jaioterriarengatik, sinesmenarengatik, elbarritasun batengatik, gaixotasunarengatik... denok desberdinak garelako, eta aniztasun horrek aberasten gaituelako. Atzerriko jatorria duen ikasleriaren eskolatzea herri apustu bat da, eta herri bezala, gaur egungo egoera ondo aztertu eta gero, hezkuntza eragile guztiok irtenbide integralak adostu behar ditugu segregazioaren arriskuari aurre egiteko. Ikastolok, guri dagokigun mailaren araberako konpromisoa betetzeko prest egoteaz gainera, bete egin nahi dugu, gurekin nahi ditugu.

Bestalde, azken hogei urteotan gobernu guztiei eskatu diegu ikastolok Euskadiko Eskola Kontseiluko kide izatea. Duela egun gutxi onartu zen Eskola Kontseiluaren Lege berria, eta, berriro ere, ez gaituzte kidetzat onartu, nahiz eta oposizioko bi alderdik (EH Bilduk eta Podemos taldeak) ikastolok Kontseiluko kide izatea proposatu duten. Beste aukera galdu baten aurrean gaude, beste 25 urte itxaron beharko dugu berriro atea zabaltzeko?

Ikastolok, hezkuntza eragile garen aldetik, gai hauetan guztietan adi egon gara, eta eragiten ere ahalegindu gara, eta ahaleginduko gara aurrerantzean ere, baina ahaztu gabe zein den gure egiteko nagusia: pedagogia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.