Tere Maldonado.

Eudel, Emakunde eta literatura fantastikoa

2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Aurten, euskalfeministok lasai egon gaitezke, gertu baitagoprekaritatearen amaiera, lapurretena, bidegabekeriena eta desberdintasunena. Azkenean, gobernatzen gaituztenen parte bat konturatu da norabidea aldatzeko beharraz. Parte bat; zoritxarrez, bestea oraindik ez: Eusko Jaurlaritzak, Next Generation Europako funtsak eskuratzeko aurkeztu dituen ia 200 proiektutan, eskaturiko aurrekontuaren erdia baino gehiago hiru enpresa handiri eman nahi die. Hain zuzen, trantsizio energetikoan aurrera egiten eta bizitzari eta zaintzari lehentasuna ematen laguntzen ez duten hiru enpresari. Baina dena ailegatuko da: Eudelen dauden jelkideek Jaurlaritzakoak konbentzituko dituzte txipa aldatu beharraz.

Gu pozarren gaude Eudelek (Euskadiko Udalen Elkartea, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea buru duena) Martxoaren 8rako egin duen adierazpen instituzionala irakurri ondoren. Adierazpen horrek dakarrena Mugimendu Feministak esan du aspalditik, eta pozgarria da Eudelek orain gure ideiekin bat egitea. Bereziki kontuan hartzen badugu adierazpen hori sinatu dutenek kargu publikoak dituztela udaletan, eta baliabideen banaketan funtsezkoak diren beste erakunde batzuk gobernatzen dituzten alderdietako kide direla (EAJkoak batez ere, baina PSE-PSOEkoak ere bai), hala nola aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan.

Ez dugu zalantzan ipiniko esan dutena, eta ez dugu susmatuko aurpegia garbitzeko azpijoko hutsean ari direnik, gauzak benetan aldatzeko borondaterik gabe. Jakina, ikusten dugunean beste erakundeetako baina alderdi bereko kargu publikoek sistematikoki jotzen dutela zerbitzu publikoak pribatizatzera... bai, izan dezakegu gaizki pentsatzeko tentazioa. Izan ere, aurrez izan ditugu beste esperientzia batzuk: ustezko Erantzukizun Sozial Korporatiboaren iruzurra (enpresa handi askoren eskubide-urraketa sistematikoak ezkutatzeko balio izan duena), edo negozioen etika izenekoa, marketin-teknika hutsa izan dena. Horrez gain, LGTBI erakundeek pinkwashing gisa salatu dituzten politikak ere badaude, hau da, garbiketa arrosa, gayfriendly agertuz interes komertzialagatik, homofobia eta heterosexismoa ezabatzeko inplikazio errealik gabe.

Dena dela, ez da gauza berria estatuko erakundeak gizarte-mugimendu kritikoen berezko hizkeraz jabetzea. Adibide hurbil batzuk: Jaurlaritzak iraunkortasunaz hitz egiten du, baina abiadura handiko trenari uko ez egiteaz gain, zifra astronomikoekin finantzatzen du. Diru-kopuru hori beste partida batzuetan inbertituz gero, auzolanak publizitate-eslogan izateari utziko lioke. Eusko Jaurlaritzak berak elkarrizketa eta parte-hartze hitzak errepikatzen ditu lelo gisa, baina gero EAJren eta PSEren gehiengo osoa erabiltzen du oposizioak aurrekontuei aurkezturiko 1.289 zuzenketetatik bat ere ez onartzeko. Eta berdin Emakundek: zaintzaz arduratzen diren pertsonak zaindu behar direla esaten du, baina hori da egiten duen guztia: esan, eta asko errepikatu, ea hala magiarik gertatzen den.

Hala ere, ez gara mesfidatiak izango, eta ez dugu esango Eudelen adierazpena edo Emakunderena purplewashing edo garbiketa more kasu nabarmenak direnik. Konfiantza izango dugu oraingo honetan esandakoak ez direla paper erre bihurtuko. Eudelekin eta Emakunderekin erabat ados gaude: berriki igaro den Martxoaren 8 honetan, eta egunero, guztion ongizatean emakumeek egindako ekarpena aitortu behar da.

Ziur gaude hemendik aurrera ezinbesteko sektore guztiei (supermerkatuko langileei, nekazariei, zaintzaileei) lan-baldintza duinak bermatuko zaizkiela; haur eskola publiko gehiago egongo direla; sukaldeak eskola-jantokietara itzuliko direla; adinekoen egoitzak eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak (ber)udalekotuko direla; etxebizitza publiko alokagaien kopurua handituko dela; klausula sozial eta ekologikoak aplikatuko direla kontratu publikoetan; erreforma fiskala egingo dela Petronorrek, Iberdrolak, BBVAk... tokatzen zaiena ordain dezaten.

Horrelako adierazpen instituzionalen ondoren, zerbitzu publikoen kudeaketa pribatua amaituko da; lan-baldintza lazgarrietan egiten diren etxez etxeko laguntzako zerbitzuen prekarizazioa bukatuko da; administrazio publikoetan garbiketa-zerbitzurik ez da azpikontratatuko...

Gainera, aliantza publiko-pribatu ospetsuari esker, adierazpen horiek sinatzen dituzten kargu publikodunek enpresa handietako administrazio-kontseiluetan dituzten alderdikideei azaldu ahal izango diete zer diren soldata-arrakala eta zeharkako diskriminazioa, eta enpresa pribatuen esparruan horiek desagerraraziko dituzte.

Pandemiak eragindako krisiak mina eta ziurgabetasuna ekarri ditu, baina agerian utzi du, era berean, zerbitzu publikoen suntsipenaz eta narriaduraz ohartarazten genuenean ez ginela izaten ari funtsik gabeko alarmistak. Pozik gaude orain Eudelek edo Emakundek arrazoia eman digutelako eta aitortu dutelako «gizarteak bere aitorpena adierazteko moduak konpromiso irmoa izan behar du, berdintasunik gabeko banaketa bidegabe horri euskarria ematen dioten genero-arrakalak borrokatzeko konpromisoa» (literalki).

Bide batez, Eudeleko presidenteari proposatzen diogu Beatriz Artolazabal alderdikidea ikuspegi horretan sar dezala, duela gutxi azaldu baitzuen ez duela uste zerbitzu publikoek publiko izan behar dutenik. Artolazabalek iritzia aldatuko du, ziur, Gorka Urtaranek azaltzen dionean beste politika publiko bat posiblea eta iraunkorra dela, eta gainera, premiazkoa eta atzeraezina ere badela.

Izan ere, Bilboko Udalak, Juan Mari Aburto jelkideak zuzenduta, (lizitazio publikoan) hiriko etxez etxeko arreta-zerbitzua eraikuntzako multinazional bati esleitu dio (proposamen ekonomiko merkeena zelako); horrek amesgaizto bat izan behar du, ez da hemen edo orain gertatzen ari. Hala baitio Eudelek. Hala dio Emakundek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.