Elkarrizketa antzuaren kritika

Igor Mera Uriarte eta Iratxe Alvarez Reoyo
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzari eta Confebaski beste oxigeno baloi bat eman diete CCOOk eta UGTk, irailaren 14an elkarrizketa sozialaren mahaiaren antzezpenarekin. Bi sindikatu horiek edukirik gabeko akordioak sinatzearen alde egiten jarraitzen dute, euskal langileen %70 kanpoan uzten dituen demokraziaren aurkako elkarrizketa-mahai batean.

«Akordioen» sinatzaileek argitaratu duten dokumentuaren arabera, sindikatu sinatzaileek Eusko Jaurlaritzarekin eta patronalarekin dituzten harremanak elkarlanaren, elkarrizketaren eta adostasun sozialaren bidez arautzeko konpromisoa hartzen dute. Zer elkarrizketa merezi dute EAJ eta PSE bezalako alderdiek, Euskal Autonomia Erkidegoa babes sozialaren eta zerbitzu publikoen aurka Europako Batasunean presio fiskal txikiena duten lurraldeetako bat den aldetik? Zer elkarrizketa eta zer adostasun, Eusko Jaurlaritza euskal patronalaren beso politiko eta poliziala denean? Elkarrizketa, adostasuna, kontsentsua... langileen heriotzak amaitzeko ezer egiten ez duen patronalarekin? Hainbaten prekaritate eta miseriaren kontura poltsikoak gizentzen dituzten horiekin?

ESK-k arlo guztietan bultzatzen dugun eredu sindikalean, elkarrizketa eta akordioa tresna bezala ulertzen ditugu. Alegia, langileentzako eta gizarte-aldaketaren aldeko aurrerapenak lortzera bideratuta egon behar diren tresnak. Guretzat, elkarrizketa, konfrontazio eta indar metaketa ez datorrenean estrategia batekin batera, herren geratzen den tresna da. Tresna dena ezin da helburu bilakatu; bestela, aurkeztu berri diguten antzeko akordio antzuak baino ez dira lortzen.

Negoziazio-mahai horretan hartutako erabaki erreal eta ukigarri bakarra Lanbidek, ustez, ABEE aldi baterako enplegu erregulazioek eragindako diru-sarrera txikiko pertsonei ematen dien laguntza irailaren 30era arte luzatzea izan da. Ez dago programa indartzeko konpromisorik, ez lerro bakar bat ere aztertzeko zergatiklaguntza hori ez den iristen ari benetan iritsi behar denenengana, ezta nola ekidin laguntza jasotzeko dauden atzerapen-hilabeteak.

Sinatzaileek hainbat orri bete dituzte 4.0 industriaz hitz egiten. Ez konpromisorik, ez ekoizpen-ereduak biosferaren mugekin bateragarria den eredu bat sortzeko egin beharreko trantsizioari buruzko aipamen bakar bat ere. Kapitulu honetan ez dago ez neurririk, ez eurorik, akordio hau zergatik sinatzen den ulertzen lagunduko digunik.

Ildo beretik, lanbide-heziketara eta enplegu-hobi berrietara bideratutako kapituluetan: letra asko, eduki gutxi. Gobernuak berak bere aurrekontuetan eta gobernu-planean jasotzen zuena ontzat ematea baino ez du jasotzen akordioa.

Sinatutako beste «akordio handi bat» berdintasun-planen garapenari eta enpresetako soldata-arrakalaren aurkako borrokaren ingurukoa da. Antza, CCOOk eta UGTk azkar ahaztu dituzte aurreko hilabeteetan administrazio publikoek azpikontratatutako eremu feminizatuetan (gizarte-zerbitzuak, egoitzak, desgaitasuna, garbitzaileen kolektiboak, eta abar) borroka sektorialetan partekatu ditugun aldarrikapenak. Ondo dago gobernuak sindikatuei dirulaguntzak ematea gure ordezkariak berdintasun-planetan prestatzeko, baina askoz hobeto legoke konpromisoa hartzea, konpromiso hori gutxienekoa izanda ere, prekaritatea eta soldata-arrakala murrizteko Jaurlaritza bera patronala den sektore horietan.

Dokumentua osorik aztertu ondoren, penagarria iruditzen zaigu UGT eta CCOO bezalako bi klase-erakundek hamarkadetan zehar klase-posizioak eta eskubideak galtzera eraman gaituen itunen estrategian sakontzen jarraitzea. Ulertezina da, egunero langileoi mespretxurik handiena erakusten dieten Eusko Jaurlaritzari eta patronalari opari hau musu truk ematea.

Elkarrizketa sozialaren estrategia antzuan sakontze horren aurrean, ESK sindikatuak konfrontazioaren eta mobilizazioaren bidearen aldeko apustua berresten du. Klase-posizioetan, eskubide sozialetan eta eraldaketa sozialean aurrera egiteko nahi eta nahi ezkoak baitira borroka, indar batuketa eta mobilizazioa.

Bide horretan, beste erakunde sozial eta sindikalekin greba orokorrerako deialdi zabal eta zeharkako bat lortzeko lan egingo dugu ESKtik. Alegia, Gasteizko, Iruñeko eta Madrilgo gobernuen politikak benetan baldintzatzeko eta patronalaren harrapakeriari eta bizitzarekiko errespetu faltari muga jartzeko eraginkorra izango den Greba Orokor baten alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.