Haizeak eramandako adostasunak

2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Sartu gara jada hauteskunde kanpainako azken astean. Ofizialki kanpaina duela aste eta erdi hasi bazen ere, denbora luze daramate alderdiek gure herri eta auzoetan egingo luketenaren berri ematen. «Hau hobeto litzateke horrela», edo «honek hobeto funtzionatuko luke modu honetara»; askotarikoak izan dira egunotan entzun ditugun proposamen eta leloak. Oraindik izango ditugu beste horrenbeste geratzen zaigun aste honetan, denek helburu bera ahotan: bozka ditzatela. Eta, aizue, helburua beharrezkoa da: gizarte demokratiko batek ezinbestean behar ditu hiritarrak ordezkatuko dituzten politikariak. Gizarteak funtzionatu behar badu, gure erakunde demokratikoen zilegitasuna bermatu beharra dago, eta hau egiteko modua argia da: hauteskundeetan parte hartzea. Beraz, artikulu honen lehen mezua hori bezain gardena da: datorren igandean, joan, bozkatu, parte hartu.

Kanpainan zehar asko izan diramahai gainean jarritako gaiak. Asko, tokian tokiko eztabaidei dagozkie. Noski, udal hauteskundeei dagozkien gaiak dira ez dakit zein auzok errotonda bat behar duela, edo parke horretako zuhaitzek modu honetakoak edo bestekoak izan behar dutela. Kontuz! Gertu ditugun gaiak izaki, honek ez du esan nahi garrantzi gutxiagokoak direnik, baina bai zehaztasun askokoak, hau bezalako artikulu batean lantzeko ezinezkoak. Beste gai batzuk, aldiz, Madrileko haizeak puztuta iritsi dira gurera. Euskal agenda politikoa asko lasaitu den honetan, estatuak bizi duen polarizazioak bertako eztabaida baldintzatzen du, eta horren ondorioak oso nabarmenak ari dira izaten kanpaina honetan. Estatuko hauteskundeen kanpainaurre luzeak aurrekari argiak ditu foru eta udal hauteskundeen kanpaina honetan.

Badaude, hala ere, zeharkakoak diren gaiak, toki guztietan eragina dutenak eta hautagai guztiek ahoz aho darabiltzatenak: zaintza da horietako bat. Zaintzarekin batera, noski, hitz egiten da adinekoez, gazteez, belaunaldiartekotasunaz, emakumeez, komunitateaz, publiko eta pribatu aferaz... Zaintzak, finean, gai asko hartzen baititu bere baitan. Pandemiaren ondoren, protagonismo berezia hartu du, gainera. Kanpaina honetan, alderdiek proposamenak jaurtitzeaz gain, gaiaren inguruko mahai-inguruak ere ikusi ditugu, besteak beste Zaintzak Demokratizatu plataformak antolatuta. Zaintzaren inguruko eskumen nagusiak foru eta udal mailan egoteak interes berezia ematen dio gaiari: aipatzen direnak egikarituko diren itxaropena.

Zaintzaren inguruko proposamenak ez dira, hala ere, guztiz berriak. Azken legealdian, bereziki Gipuzkoan, zaintza antolatzeko moduak aldatzeko borondate tekniko eta politikoa agerikoa izan da udalen zein aldundiaren aldetik. Zaintza ekosistemak martxan jarri dira toki mailan, eta honek guztiak beti izan du giltzarri komuna: elkarlana. Erakunde publikoen eta pribatuen arteko elkarlana. Udalen eta aldundiaren arteko elkarlana. Kolore politiko ezberdinen arteko elkarlana. Eta albistea, putz egiteak putz egite, haizeak nahi duena ekarrita ere, hauxe da: gai honen inguruko adostasunak inoiz baino posibleago dira.

Adostasunak maite ditugunontzat momentu xelebreak dira hauteskunde kanpainak. Zinez interesgarriak zientzia politikoaren logikatik begiratuta: mezuek, koloreek, tokiek, janzkerek... denek dute zergatia, denek interpretazioa. Aldiz, hauteskunde kanpainek jatorrian dute desadostasuna. Kanpainen helburua ez da denon artean zer adostu dezakegun ikustea, bestearengandik zerk ezberdintzen gaituen azpimarratzea baizik. Horregatik, egunotan, begirada gehienek hori dute ortzi mugan. Zergatik bozkatu hautagai baten proiektua? Zergatik bestearena? Zerk bereizten dituen aipatzen da gehienetan eztabaida publikoetan, zerk egiten duen norberaren proiektua bakar. Baina politikarekiko desafekzioak jotako garai honetan, ez al litzateke agian begirada elkar batzen dituen horretan jarri behar? Askotan galdetu diot neure buruari ez ote den hau hiritarrak berriro erakartzeko bidea.

Azken urteetan lankidetza eredu berriak martxan jartzen ari dira erakunde publikoetan. Gipuzkoako laborategian hauxe izan da aldundiak sustatutako Etorkizuna Eraikiz programaren asmoa eta helburua, eta honi jarraikiz lankidetza esperientzia ugari ikusi ditugu herri ezberdinetan, lankidetza hauek udala bera, aldundia eta hirugarren sektoreko zein arlo pribatuko beste eragile batzuk ere barne hartu dituztelarik. Hala izan da zaintzan, eta baita beste arlo batzuetan ere, orain urte asko arte ezinezko zirudiena posible eginez, behetik gora adostasunak eraikiz.

Astebete falta da hauteskunde kanpaina bukatzeko. Ziur oraindik ere hainbat izango direla hautagai bakoitzak botako dituen proposamenak. Hala behar du. Ziur oraindik ere dezente izango direla batak besteari jaurtikitako kritikak eta puntuak, nork bere proiektua bereizi eta defendatzeko. Hala beharko du. Eta ziur oraindik ere Madriletik datorren haizeak ekarriko dituela beste hainbat eztabaidagai. Hala behar al du? Edozein kasutan, datorren astetik aurrera ere, ez ditzagun ahaztu aurretik landatutakoak, adostasunaren eta lankidetzaren bidetik behetik gora hasitako prozesuak. Zaintzak, eta baita beste gai askok ere, adostasuna behar dute. Ziur naiz momentu paregabean gaudela horretarako. Aprobetxa dezagun. Zorte on guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.