Hezkuntza Legea ez da euskalduna, internazionalista baizik

Elena Cardenas Fernandez de Pinedo eta Jose Angel Masa Espina
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Internazionalismoa burura datorkigunean mugimendu solidario eta herri artekoak datozkigu burua; are gehiago, izaera progresista ematen diogu kontzeptuari. Hezkuntza Legeaz ari garelarik, baina, internazionalismo kontzeptua erabat kontrako norabidean doa. Sektore erreakzionarioenak eta kapitalismoaren aldekoenak izan dira azken hamarkadetan —OCDE edo Europako Batasuna, esaterako— garatzen diren hezkuntza-araudien forman eta edukian eragiteko nazioarteko sare indartsu bat antolatzeko gai izan direnak. Gure kasua ez da salbuespena izan,azterketa txiki bat egitea nahikoa da esaten duguna egiaztatzeko.

Apirilean ezagutu genuen Hezkuntza Lege Proiektua, Eusko Legebiltzarrean izapidetza emango zaiona, 101 artikulutan jasota geratzen da, eta bertan testuaren irismen eta oinarri ideologikoa ikusten dira.

1.- Gaitasunen araberako ikaskuntza. European Round Table of Industrialists enpresa lobby bortitzaren arabera (Education and competence in Europe, 1989), hezkuntzak «industriaren etorkizun zoriontsurako ezinbesteko inbertsioa» izan behar du. Lobby honek Jacques Delorsengan aurkitzen du, Philipseko zuzendaria eta ikasgelarik zapaldu ez duen politikaria, bere aliatu nagusia. Hark garatu zuen, La educación encierra un tesoro lanean, gaitasun bidezko ikaskuntza deiturikoa, egun Europako hezkuntza-legedi gehienetan agertzen dena. Enpresen beharrak kontuan izanda planteatzen da hezkuntzaren esku-hartzea, hori bai, hizkuntza leuna erabiliz erakargarria eta irensgarria izan dadin.

Oinarrian, Delorsek esaten duena hauxe da: ikastetxeak giza kapitalaren ekoizleak dira, lehiakortasunerako funtsezko faktorea. Ezagutza mota oso azkar doa aldatzen, beharrezkoa da gaitasun nozioan oinarritutako ikasketa plan bat. Plan horretan, oinarrizko trebetasun batzuekin batera, malgutasuna eta moldagarritasuna sustatzen dira, eta horiek dira enpresak bere langileengan dituen ezaugarri nagusiak. Aldaketa ekonomikoei azkarrago erantzun asmoz, hezkuntza sistema desarautu behar da ikastetxeei autonomia handiagoa emanez.

2. Kontratu programak. Neurri honek berria dirudi, baina jasotzen denakesparru ideologiko nahiko zaharkitua du. Miguel Solerrek (1997) El Banco Mundial se mete a educador liburuan: «Munduko Bankuak eskolak funtsengatik lehiatzea nahi du hobekuntza jarduerak proposatuz. Merkatuak eskola hobekuntzarako prozesuak pizteko egitura litzateke». Programa hauek nola garatuko diren ikusteke dago, baina bere esentzia unibokoa da: baliabideen esleipena proiektu jakin batzuk lantzearen baldintzapean egongo da, horrek esan nahiko du baliabide gutxiagorekin geratuko diren eskolak egongo direla, erraza da imajinatzea zeintzuk.

3. Hezkuntza Zerbitzu Publiko Euskalduna. Legearen plater nagusia da. Gidoi-txiribuelta batekin, arlo publikoa eta pribatua lotu egiten dituzte; beraientzat analogoak dira, bi sistemek hezkuntza zerbitzua eskaintzen duten aitzakiapean. Munduko Bankuaren web orrian publiko-pribatu aliantzei egokitutako lekua ere badute. MBk gobernuei laguntza eskaintzen die aliantza hauek diseinatu ahal izateko, zerbitzu publikoak eta azpiegiturakoak emateko ingurune arautzaile orekatua sortzen lagunduz; hezkuntza da bere lehentasunetako bat. Aliantzez ari direnean, benetan esan nahi dutena hauxe da: eman diru publikoa nire pribilegio pribatuei eusteko.

4. Lidergoa.Zeharka agertzen da hitza, 29 aldiz, testuan. Zuzendaria eskolaren bizkarrezurra izatea nahi da; enpresa munduaren antolamendu gerentziala emulatzen dute, kolektibo hori are lan gehiagorekin zamatuz. Kataluniako Hezkuntza Legearen kopia bat izan da gure lege hau, non zuzendaritzak eskola publikoetan hatzez aukeratzen dituen klaustroak. OCDEk, MBk, Caixa eta Botin fundazioek... idazki mordoa dute hezkuntza lidergoari buruz.

Eredu horri kontrajarrita, historikoki eskola publikoan eskola demokratikoaren aldeko mugimendu bat egon da. Hezkuntza komunitateak antolaketari eta irakaskuntzari buruzko erabakiak hartzeko orduan parte-hartze handiagoa izatea aldarrikatzen da.

5. Hezkuntza emozionala. Ez da oso argi geratzen zein ikuspuntutik aipatzen den. Erpin asko dituen gaia da: ikuspegi humanista argia izanik, pertsona bakoitzaren berezitasuna garrantzitsutzat jotzen dute, bere testuinguru soziala kontuan hartzen dute eta mundu afektiboaren konplexutasuna nabarmentzen dute. Era berean, hezkuntza emozionala gai indibidual, estandarizatu, autoerrealizazioari eta arrakasta profesionalari lotutako gai gisa ulertzeko joera duenik ere bada. Legean, gehienetan, konpetentzia esparruan kokatzen du, oreka edo autokontrola bezalako kontzeptuekin lotzen du.

Terminologia honek OCDEk edota Botin fundazioak erabiltzen dutenarekin bat egiten du, ikuspegi indibidualista eta estandarizatua bultzatuz. Hezkuntza emozionala anestesiko gisa erabiltzen dute, ekonomia sistemak sortzen dituen desorekak estaltzeko.

Jasotzen diren beste hainbat puntutan erraz ikus daiteke nabarmen hankamotz geratzen dela: ebaluazioan, OCDEren ebaluatu beharrarekin, digitalizazioa, enpresa teknologiko handien miloi askoko irabaziek markatuta; berrikuntzan edo etengabeko prestakuntzan, Munduko Bankuarekin zuzenean erlazionatuta.

Araudi hau prestatzeko erabili diren osagaiak aztertzen ditugunean, logikoa eta normala da lege hau txalotzen dutenak itundutako ikastetxe pribatuen patronalak izatea. Ekimen honen aldeko adostasun argia adierazi duen sektore bakarra da, balekoa emanez. Patronal horiek eta gobernu-boterearen inguruan pil-pilean dauden lobby kontaezinek logikakapitalistaren hedapena bultzatzen dute, klase menderatzaileen euskarri ideologiko gisa balio duena. Lege honen egileak erraz izan zitezkeen Ayuso, Macron edota Sunak. Internazionalista da, bai, baina eskuinekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.