Gertaera latz baten lekukotza: testigantzen erreka-latsa

2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Xabier Mendigurenen Oso latza izan da liburu kari ari nauzu. Ez zen tortura kasu bakarra izan. Haren aurretik —Itziarren semea Andoni Arrizabalaga, kasu— eta ondotik ere, hainbat gertakari-latz-errealak izan ziren: Mikel Zabaltza, Esteban Iruretagoiena, Gurutze Iantzi gogoan.

Pertsonon historia determinismo suerte batek gidatuta bide dago. Historiaren gertakari handiak astroak era une eta gune berezi batean lerrokatzen direnean izaten omen dira. Omen idatzi dut. Gizakion historia buruan eraikitako kontuek —ipuinek— osatzen baitute. Halatsu omen da hori ere. Historian nola istorioetan hildakoek leku aparta izaten dute. Halaxe izan ere Joxe Arregirena: historiak istorio honen protagonista nagusia bihurtu du. Protagonista baina hilik dago. Ez da protagonista bakarra, haatik.

Juan Kruz Unzurrunzaga eta Bixente Ameztoi dira beste bi protagonistak. Eurak gabe —hilak ere biak—, idazleak ez luke kronika-literario hau gauzatuko. Biak ala biak herri honen historia berriaren adierazle-etsenplu esanguratsuak dituzu. Halaz ere, ez dira bakarrak, lagun asko dira euren inguruan, inplikazio molde ezberdinetakoak. Jendartearen eremu ezberdinetako pertsonek osatzen dute Joxe Arregiren historia. Hau da: Jendartea. Maiuskulaz idatzita. Jendartea: estatua-sistemaren menpekoa, baita haren osagarria ere badena. Gaur egunera etorrita: euskal jendartea. Minuskulaz idatzita, agian hobe.

«Oso latza izan zen». Horrela errezatzen du liburuaren azken lerroak. Baiki, oso latza izan zen. Eta da. Berrogei urte luze joan dira Joxe Arregi torturatuta hil zutenetik. Garai hartan lelo bat bolo-bolo zebilen kaleetan: Berrogei urte eta gero hau. Leloak diktadura frankistaren berrogeialdiari erreferentzia egiten zion. Bada, demokrazia aldiaren beste horrenbeste urte iragan ostean, lelo hori errepika genezake. Alabaina, berrogei urteren joanaldian, historiaren latzaren latzez,leloaren oihartzuna isilduz joan da astiro-astiro. Latza duzu gero herri honen patua. Patua eta pathos-a.

Milaka herritarrek pairatu dute tortura herri honetan. Liburuak torturaren fenomenoa ezagutzeko bidea zabaltzen dio irakurleari. 20 urte inguruko irakurleei bereziki. Estatu-sistemak latz praktikatu duen torturaren zioaren nondik norakoak antzeman ditzakegu. Herri honen pathos-a ezagutzeko bidean paratzen gaitu. Irakurlearen obsesioak munta handia dauka fenomeno krudel hori ezagutu ahal izateko. Literatura bizitzaren isla besterik ez da-eta, edo hala behar du izan.

Liburuak baditu «politikatik, soziologiatik, psikologiatik...» eta badu ere umore ukitu bat edo bertze. Tragediek negargura sorrarazten dute ezinbestez, eta negar malkoak umore beltzez irensten ditugu halabeharrez. Joxe Arregiren historia istorio beltza izan zen. Arrazoitu gabeko pasioen erakusgarri.

Politikatik: «Ausartuenak, eskuzabalenak, astapotroenak», halakoxetzat dauzka Mendigurenek Jose Arregiren profileko borrokalariak. Benerazioa ez ezik, mirespen eta begirune aparta die. Tira, ez idazleak soilik. Garai hartan, herri honen parte —handi— batek halaxe zien etakideei. Alta bada, berrogei urte pasa eta gero, ba al dago presondegietan dauden —Jose Arregiren profilekoak— 200 borrokalariekiko begirunerik? Tortura aplikatu duen sistemak berak borrokalari horiekiko «mirespen eta begirune» izatea delitutzat jotzen du egun. Halaxe «onartu» du ere garai batean Herria omen zenak.

Soziologiatik: «Herriak eskatzen badu, nik nola ukatu?». Joxeren amaren hitzak dituzu. Aste bat lehenago, ETAk Jose Maria Ryan ingeniaria hil zuen Lemoizko zentral nuklearraren afera tarteko. Aurreneko hilketan legez, bigarren honetan ere, hilketa salatzeko grebara deitu zuten alderdi politiko instituzional eta sindikatu guztiek. Berberak bide ziren. Herria omen. Baina nor da Herria? Mendigurenek maiuskulaz idatzi du: Herria. Bi kasuetan herria omen zen. Herri bera ote?

Irakur itzazu bi gertakarien inguruan idazleak idatzitako testuak eta ezagutuko dituzu euren testuinguruak. Merezi dute idazlearen hitzek, baita Zizurkil herriak pairatu zuen testuingurua ezagutzea ere. Izan ere, testuinguru hark, egun hogei urte inguru duenarentzat, zientzia-fikzioa irudi dezake. Orduko Herria delako hura egungo herria bera ote?

Psikologiatik: Maria izen nagusia izan da gure kulturan; Joxe Arregiren ama Maria zen ere bai. Zena zela ere, liburuaren azaleko Andrea Mantegnaren Kristo Hila-k ederto ilustratzen du herri honen idiosinkrasia. Hots, jainko kristauaren ildoan eraiki dugun balizko herri honen imajinarioa. Liburuaren izenburuaren azpikoak ondo baino hobeto adierazten du erran nahi dudana: Joxeren pasioa, herioa eta berpiztea. Kristoren ordez, Joxe paratu du idazleak. Kristoren eta Joxeren berpizteak, biak ala biak, metaforak dituzu. Arrazoitu gabeko metaforak inolaz ere.

Ikaspena: helburuak latzak bihurtzen dira, herri subiranoa arrazoitu gabe eraiki gura duenarentzat.

«Ausartuenak, eskuzabalenak,astapotroenak» deitu horiek gaizki ulertutako altruismo baten biktimak izan dira. Horietakoren batek «gu ez gara biktimak» erranen dit. Arrazoiz erran ere. Ez ditut gatazka honen ariora eragindako biktima-izaerak parekatzen inondik ere. Ari naiz balizko herri subirano baten psikologiaren, soziologiaren eta politikaren biktimak bihurtu ditugunei buruz.

Tortura, sistematikoa ez ezik, sistemikoa ere bada. Ez da soilik modu sistematikoz aplikatzen den jardueraankerra, bada ere sistemikoa. Hots, sistemikoa sistema-estatuaren osotasunari dagokion izaera duzu. Izan ere, aldez edo moldez, guztiok gara estatuaren-sistemaren parte. Hainbesteraino parte izan ere, hainbestetan, estatuaren aurkako gure oldarraldia sistemaren beraren indartzailea bihurtzen dugu.

OHARRA: Artikuluaren bertsio luzea ondoko helbide honetan dago: https://blogak.eus/begizolia/gertaera-latz-baten-lekukotza-testigantzen-erreka-latsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.